ALBISTEAK



<< ITZULI

Premios creacion artistica

ABIAN DA ARTE GARAIKIDEAREN BILDUMA ARDATZ DUTEN ERAKUSKETA-PROIEKTUAK AURKEZTEKO DEIALDIA, KOMISARIO GAZTEEI ZUZENDUA, ETA AURTEN II. EDIZIOA DUENA



Maiatzaren

20

EKAINAREN 10A DA MUGAEGUNA BER-IKUSKETAK / BEGIRADA BERRIAK ARTE GARAIKIDEAREN BILDUMARI IZENEKO PROGRAMAN PROPOSAMENAK AURKEZTEKO


FACEBOOK
TWITTER
EMAIL


Iruñeko Udalak komisario gazteei zuzendutako Ber-ikusketak / Begirada berriak Arte Garaikidearen Bildumari programaren bigarren edizioa abiatu du. Erakusketa-proiektu bat aurkeztu behar da, Udalaren arte-bilduma osatzen duten artelanak abiapuntu harturik, eta hautatua izanez gero, proiektu hori urritik aurrera Arma Aretoan erakusteko aukera emango da. Ekainaren 10era arte aurkez daitezke proposamenak, Kultura eta Hezkuntzako erregistroaren bidez (Descalzos kalea, 72).
Komisario nafarrek parte har dezakete, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean bizi direnek zein bertan ikasten ari direla egiaztatzen dutenek ere. Bakarka edo taldean aurkez daitezke, baldin eta deialdia amaitzen den egunean ez badute 35 urte baino gehiago. Aurkeztutako erakusketa-proiektuaren egileak edo egileek ezin izango dute artista gisa erakusketan parte hartu. Egile bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahal du, berdin delarik bakarka edo taldean aurkeztea. Taldean aurkeztuz gero, taldekideen % 50ek bete behar dituzte adinari eta Nafarroa jaioleku, bizitoki edo ikasketa-leku gisa edukitzeari buruzko baldintzak, eta, horrez gain, pertsona bat izendatu beharko da taldearen ordezkari.
Erakusketa-proiektuak, osatuko duten aleak justifikatu eta zedarritu ez ezik, jarduera-programa bat aurkeztu beharko du ere, ikusle mota desberdinekin arte-bitartekaritzan jarduteko. Bitartekaritza-programa horrek erakusketari lotutako jarduera paraleloak barne hartzen ahalko ditu, esaterako, lantegiak, bisita gidatuak, jarduketa-proposamenak, hitzaldiak… Halaber, Ibiltari udal-programaren barruan ikastetxeetan erakusteko proposamen bat aurkeztu beharko da, gehienez ere erakusketa-programaren bost artelanez osatua eta gida didaktikoaz lagundurik, bertan azalduta zergatik hautatu diren lan horiek eta elkarren arteko lotura.
4.000 euroko saria eta erakusketa muntatu eta hedatzea
Deialdian 4.000 euroko zuzkidura zedarritu da, ordainsari gisara, hautatutako proiektuaren egilearendako (edo egileendako), eta laguntza-kontratu bidez gauzatuko da. Proiektu hautatua Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako Alorrak garatuko du, eta bere gain hartuko ditu ekoizpenari, muntaketari, seinaleztapenari eta hedapenari dagozkien gastuak. Halaber, egoki jotzen dituen proposatutako bitartekaritza-jarduerak egingo ditu.
Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako Alorrak izendatutako batzorde tekniko batek aurkeztu eta ebaluatuko ditu aurkeztutako proiektuak, eta irabazlea hautatuko. Epaimahaiak proiektu horietako bat edo beste gorde ahalko du, etorkizuneko erakusketei begira, edo, are, deialdian irabazlerik ez izendatu, hori egoki joz gero. Aurkeztutako proiektuen hiru alderdi baloratuko dira: bildumari dagokionez planteatzen den begiradaren kalitatea eta originaltasuna, erakusketa-diseinuaren originaltasuna eta proposamen didaktikoan zein bitartekaritzakoan ikusle-aniztasunari ematen zaion garrantzia.
Gazteendako komisario-deialdi honen lehen edizioa 2017an egin zen, eta lau proposamen jaso ziren. Mikel Calvo eta Silvia D. Sádaba izan ziren irabazleak, Udal-bildumaren irakurketa naturalak proiektuaz, zeina azaroa eta urtarrila bitarte jendaurrean ikusgai jarri baitzen. Proposamenak ibilbidea egiten zuen gizakiak natur ingurunearekin historian izan duen harremanean barna. Zeharkako ikuspegi bat ematen zien lanei, betiere Udalaren Arte Garaikidearen Bildumaren irakurketa jakin bat eginez, ingurumenean oinarritutako ikuspuntua baliatuta. 39 artelan jarri ziren: 4 bideo-sorketa, 5 eskultura (horietako bat hormakoa), eta hormako 30 obra, tartean pinturak, eskulturak eta argazkiak.
Komisarioen zereginak eta aurkeztu beharreko agiriak
Hautatuko proiektuaren komisario-lanak egiteko aukeratua den pertsonak edo pertsonek hura idatzi beharko dute, erakusketa-proposamenaren oinarrizko kontzeptuak eta proiektua osatuko duten lanak zehaztuta. Horrez gain, bitartekaritza-jardueren programa bat egin beharko dute, eta horren garapena koordinatu, Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako Alorraren gidaritzapean. Halaber, erakusketa-proiektu txikiago bat egin beharko dute, artelan-sorta txikiaz zein gida didaktikoaz osatutakoa eta ikastetxetik ikastetxera aurkezteko modukoa; erakusketaren katalogorako testuak idatzi beharko dituzte, eta hori argitaratzeko edizio-koordinazioaz arduratu beharko dira. Azkenik, erakusketaren muntaketa diseinatu eta zuzenduko dute, betiere Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako Alorreko lantaldearekin koordinatuta.
Deialdira aurkezten diren proiektuen egile edo egilekideek honako agiriak erantsi beharko dituzte: curriculum vitaea, NANa, errolda-orria edo ikasketak Nafarroako Foru Komunitatean egiten ari direla egiaztatzen duen agiria, parte hartzen duten artisten proiektuaren laburpena eta proiektuaren gaineko txostena. Txosten horrek honako eduki hauek izan beharko ditu: erakusketaren izenburua; proiektuaren justifikazio diskurtsiboa (bi foliotan, asko jota); arte-lanen izenburuen zerrenda, bakoitzaren egilea edo egileak adierazita; Ziudadelako Arma Aretoko lehen solairuan egingo litzatekeen erakusketaren diseinuaren zirriborroa; gida didaktikoa eta bitartekaritza-jardueren diseinua; ikastetxeetarako erakusketa txikiaren proiektua eta proposatutako erakusketa-diseinua ekoizteak eragingo lituzkeen kostuen gutxi gorabeherako aurrekontua. Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumakoak ez diren artelanak sartuz gero, horiek erabiltzeko baimena egiaztatzen duten agiriak igorri beharko dira.

Iruñean, 2019ko maiatzaren 16an