Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Ekitaldia

Artea Oinez 2016 erakusketak Vicente Larrea eskultorea omenduko du, 72 artisten lana bilduaz, Ziudadelako Armen Aretoan maiatzaren 22ra arte

 Ohi bezala Nafarroa Oinezen harira antolatzen den Artea Oinez 2016 erakusketak 72 artisten lana bilduko du Ziudadelako Armen Aretoan maiatzaren 22ra arte, Vicente larrea eskultorea omendu asmoz. Erakusketa Armen Aretoko lehen solairuan egongo da ikusgai, eta aurtengo Nafarroa Oinezen antolatzaile lanetan arituko diren Vianako Erentzun eta Lodosako Ibaialde ikastolen eskutik etorriko da Iruñera.

 Horrenbestez, beste behin ere, Nafarroako ikastolek segida emango diote 90eko hamarkadan ekin zioten erakusketa antolatzeari, nahiz eta egun ezagutzen dugun formatua 2000. urtean gauzatu zen; horixe azaldu dute prentsaurrekoan Iruñeko Udaleko Euskara teknikari Iñaki Azkonak, Lodosako Ibaialde Ikastolako zuzendari Iñigo Telleriak, eta Nafarroako Ikastolen Elkarteko zuzendari eta erakusketaren komisario Josu Reparazek. Maiatzaren 22tik aitzina, erakusketa Lodosara joango da, maiatzaren 27tik ekainaren 17ra Kultur Etxeko Agustinos aretoan ikusgai izango delarik.

 Margoak, eskulturak eta lan grafikoa

 Erakusketak 72 egilek berriki sortutako lanak erakusten ditu, erakusketarako eskuzabaltasun osoz utziak. Aurkezten diren lanetariko asko orain arte erakutsi gabeak dira, eta egileek euren komunitate eta munduarekin erlazionatzerako garaian bizitako tentsioa islatzen dute. Aipatu beharra dago Ikastola hauek kokatuta dauden inguruko artistak gonbidatu direla erakusketara:  Lodosako Cesar Díez, Cristina Martínez, J.Antonio Barquín eta Amaia Molinet; Vianako Beatriz Dueñas eta Samuel Martínez

Alderdi artistikoari dagokionez, erakusketa honek biltzen duen hizkera- eta teknika-errepertorioa oso zabala da. Mikro-narrazioen ugaritasun horren isla da euskarri ezberdinen gainean –mihisea, ohola eta papera–, eta teknika ezberdinen bitartez –akrilikoa, akuarela, tenplea, olio-margoa eta teknika mistoak– sortutako 28 margolanen sorta. Horiei brontzean, zurean, burdinean, aluminioan, altzairuan, kobrean, metakrilatoan eta beiran egindako 14 eskultura eta serigrafia edo pigmentatutako tinten bitartez sortutako 9 lan grafiko gehitu behar zaizkie. Erakusketa osatzeko, 7 argazki, 3 collage, teknika mistoaren bitartez egindako 10 lan eta inprimatze digitalaren bidezko beste 2 daude.

 Obra gehienak korronte abstraktuan kokatzen dira, nahiz eta korronte figuratiboa, espresionista, kontzeptuala eta hiperrealismoa ordezkaturik dauden. Protagonisten beren aburuz, “gure mundutik hurbil dauden proposamen edo ikurrak dira, garrasi edo laztanak, amets edo errealitateak, egungo lanak, zeintzuk aurreiritzirik gabe interpretatzen eta ulertzen saiatu behar baititugun”. Hartara, “Artea Oinezen hezkuntza proposamenari dagokionez artelanak artista eta ikuslearen edo zenbait ikusleren arteko lotura dira, norberaren identitatea errespetatzen delarik”.

 Vicente Larrea, familia eskultura-zale, euskararen aldeko eta ikastolen sustatzaile bateko kidea

 Artea Oinezen edizio honetako omendua Vicente Larrea eskultorea da, ospe handiko eskultore familia bizkaitar baten oinordea. Haren aitona Vicente Larrea Aldama Rodinekin aritu zen Parisen. Izen bera daraman biloba ere Bilbon jaio zen, 1934an, José Larrea Echániz eta Pilar Gayarre Galbete nafarraren bosgarren semea izan zelarik. Haren senideen artean Nafarroan era nabarmenean euskararen alde egin eta ikastolen sustatzaile izandako lagunak topatzen ditugu, Arturo Kanpion eta Paz de Ziganda, besteak beste.

 Antolatzaileen hitzak hartuta, “oso aukera ona dugu oraingo hau gure lurraldeko mundu artistikoari egindako ekarpena aintzatesteko, bere lanaren sormen maila balioztatzeko eta hainbestetan gure kultura-ondarearen alde mota guztietako ekintzetan eskuzabaltasun osoz eman duen laguntza bene-benetan eskertzeko, aintzat hartuta kultura-ondare horren adierazgarri nagusia euskara dela, lurralde hauetako hizkuntz zaharra eta modernoa, zeinek Ikastoletan topatu baitzuen berreskuratzeko eta garatzeko bidea”.

Nafarroa Oinez 2016 – Hartu, Tenka, Tira!

Ibaialde eta Erentzun ikastolak dira aurten HARTU, TENKA, TIRA lelopean egingo den Nafarroa Oinez antolatzeko arduradunak. Bien xede da beren inguruneetan euskara Nafarroako berezko hizkuntz gisa sustatzea eta euskaldunen kopurua hazten laguntzea. Lehenengo aldiz eginen da Nafarroa Oinez bi ikastolen familia eta irakasleen elkarlanari esker.

2016ko Nafarroa Oinezen helburua da bi ikastolen proiektuei jarraikortasuna emateko bidegarritasun ekonomikoa lortzea. Horregatik, Vianako eta Lodosako ikastolek eskerrik beroena helarazi nahi dizkiete Artea Oinezen edizio hau gauzatzen lagundu dien orori: artistei, erakunde laguntzaileei, Nafarroako Ikastolen Elkarteari eta, erakusketa gauzatzen laguntza eskuzabala eman duten pertsona guztiei.

Itzuli edukiaren hasierara