Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Ekitaldia

Baionako ordezkaritza batek Iruña bisitatu du kulturan, ondarean eta gastronomian oinarritutako turismoari buruzko Creacity mugaz gaindiko programa berria jorratzeko

 Iruñeko eta Baionako Udalek bilera bat egin dute gaur goizean Udaletxean, Creacity mugaz gaindiko programa berria –kultura, ondarea eta gastronomia ardatz dituen turismoan oinarritua– garatzeko. Aurreikusita zegoen Hondarribiko Udalak ere parte-hartzea, baina ezin izan da egon eguraldia dela-eta.

 Creacity POCTEFA Espainia, Frantzia eta Andorra Lurraldeen arteko Lankidetzako programaren edizio berrira (2014-2020) aurkeztu da.Programa egitean kontuan hartu da 2014an, Iruñera hurbildu ziren turisten % 73,8k bisitatu zituztela harresiak eta Ziudadela, aurreko urtean gotorleku-ondarean interesatuen ehunekoaren halako bik. Halaber, Iruñeko Turismo Behatokiaren datuen arabera, gastronomia beti izaten da turistek Iruña bisitatzeko hiru arrazoi nagusietako bat.  Aurkeztutako aurrekontua 6.477.000 eurokoa da, eta Iruñeak 3.176.500 € jarriko ditu, Baionak, 2.167.500 €, eta Hondarribik, 1.133.000 €. Europak jarduketa horien % 65 finantzatu dezake. Aurreikusita dago 2016tik 2018rako hiru ekitaldietan egitea. 122 proiektu aurkeztu dira deialdira.

 Turismoa erakarri, urte osoan

 Proiektuak helburu du hiru hiriek hartzen duten lurraldea ondo kokatutako helmuga bihurtzea, urte osoan, turismo kultural eta negozioetakoaren alorrean. Hondarribik, Baionak eta Iruñak osatzen duten triangelua hiru ordu eta hamar minutuan egin daiteke autoz –autobien bidez–, eta Baiona eta Iruña artekoa da distantziarik luzeena –90 minutu–.

 Creacity proiektuak estrategia bateratuak ezartzen ditu irizpide jasangarrien araberako zaharberritzearen, sormen artistikoaren, berrikuntza turistikoaren eta gastronomiaren sustapenaren alorretan. Zaharberritze-estrategiaren xedea da jasangarritasun eta irisgarritasun irizpideen arabera zaharberrituko diren espazio eta lekuei ondare-balio handiagoz janztea. Behin birgaituta, Historia bisita gidatuen bitartez ezagutzeko (betiere beste bi hiriak aipatuz, hartara bisitariengan haiek ere ezagutzeko grina sortzeko asmoz) leku bihurtuko dira, bai eta jarduera kultural eta gastronomikoak antolatzeko eta ibilbide turistikoak osatzeko gune ere. Esaterako, Baionan kontzertuak eskaintzeko asmoz zaharberrituko dute Muserolako kasamata.

 Sormen eta esperimentazio artistiko eta kulturalaren alorrean musika garaikidea sustatuko da, protagonismoa jende gazteari emanez. Hartara, zentro, ikastetxe, artista eta abarren arteko trukeak sustatuko dira. Horrez gain, Iruñeak Hiriartea proiektua sustatuko du, sorkuntza artistikorako laborategi gisa.  Berrikuntza turistikoaren alorrari dagokionean, bitarteko teknologikoak garatuko dira hiru hirien baliabide turistikoei buruzko informazioa eta horien kudeaketa errazteko eta eskurarazteko; adibidez, web-orri baten bidez edo telefono mugikorrentzako aplikazio baten bidez hiru hiriak bisitatzen dituztenen iritziak jasotzeko, edo zenbait lehiaketa antolatzeko.  Ondare inmaterialari dagokionean, tokiko gastronomia eta produktuak sustatuko dira, adibidez hirietako bakoitzean pintxo-lehiaketa bana antolatuz.

Itzuli edukiaren hasierara