ALBISTEAK



<< ITZULI

HIRIARTEA_LOGO

ARTE GARAIKIDEA HEDATZEA; HORI IZAN DA ETA IZANGO DA HIRIARTEAREN HELBURUA, BI URTEKO IBILBIDEAN 280.000TIK GORA LAGUN BILDU DITUELARIK JAIALDI ETA ERAKUSKETETAN



Otsailaren

27

HIRIARTEAK SORKUNTZA GARAIKIDEAREKIN BAT EGITEKO GUNEA IZAN NAHI DU, EREMUAK EGOKITUZ ETA PROGRAMAZIO BERRIAREN ZEIN HAUSNARKETA-JARDUNALDI BATEN BIDEZ


FACEBOOK
TWITTER
EMAIL


Arte garaikidea hedatzea, ez soilik erakusketetan baizik eta jaialdi, topaketa, lantegi, hitzaldi eta sormen artistikoari emandako bultzadez. Horra 2017an Iruñeko Udalak Ziudadelaren inguruan abiatu zuen Hiriartea Kultura Garaikideko Zentroak ordutik hona izan eta orain ere baduen jomuga, bi urte hauetan 280.000 lagunetik gora bildu dituelarik. Hori horrela, Udalak gune horri lotutako kontzeptu berri bati eman nahi dio bultzada, erakusketa-jardunaz harago, Ziudadela sorkuntza garaikidearen esparruko erreferentziako gune bihurtzeko asmoz.

Ikusle, artista eta kultur eragileen arteko topaketa, Hiriartea “pentsatzeko”
Hiriartea hirian errotutako proiektua izan dadin, Udalak jardunaldi bat prestatu du apirilaren 13rako, larunbatarekin, Iruñeko kultur garaikidearen zentroak nolakoa izan beharko zukeen aztertzeko. Arte-komunitatea eta kultur kudeaketan parte hartzen duten pertsona zein entitateak elkartzeko jardunaldia izango da. Fabular Hiriartea / Alegiazko Hiriartea izenburupean, halako gune batez zer espero den eta hori nola egin daitekeen modu jasangarri, ireki eta partizipatiboan izango dira jorratuko diren gaiak, eta ikusle, arte-komunitate eta Udalaren langileen arteko harremanak ere aztertuko dira.
Programa 09:30ean hasiko da, Ziudadelan barnako bisita gidatuaz, non Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak eta zuzendariak hasiera emango baitiote jardunaldiari. 11:00etan, Haizea Barcenilla Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea eta ikerlariak, museoen eta arte garaikideko zentroen jasangarritasuna izango du hizpide, zenbait tokitan aztertu dituen esperientziak oinarri hartuta. Saio horien ostean, 12:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:00erata, zenbait lantegi izango dira, aldi berean, Rosa Llop ikerlariaren eskutik; metodologia ezberdinak erabiliko ditu parte-hartzaileak ideiak mamitu ditzaten bideratzeko. Lantegi horiek arte-jardun garaikideari lotutako pertsonei zuzenduta izango dira, eta gonbidapena behar izango da parte hartzeko; hori horrela, interesdunek parte hartu ahalko dute, leku guztiak bete arte, betiere aurrez kulturako helbide elektronikora idatzita (cultura@pamplona.es) edo 689820317 telefonora deituta.
Pentsamendu garaikidea, arte biziak, zinema, ikus-entzunezkoak eta literatura
Jardunaldian jasotako ondorioak Hiriartea zentrorako diseinatu diren oinarrizko lan-ildoetan txertatuko dira, zentroaren ardatzak, betiere, pentsamendu garaikidea, arte biziak, zinema, ikus-entzunezkoen mundua eta literatura izango direlarik. Lantzen ari diren programa iraunkorretan, hauek hartu dira kontuan: Alegiazko Hiriartea/ Fabular Hiriartea jardunaldi-zikloaren beste edizio batzuk, etengabe hausnartzeko Hiriartea proiektuaren inguruan; Isiltasunaren Semantika/La Semántica del Silencio zikloa, haurrak eta arte-jarduna uztartzeko; Gonbidatuak/Invitades delakoa, artistek gai zehatzen inguruko zaintzak egiteko (komisario eta antolatzaile lanak), eta Pentsamendu garaikidea/Pensamiento contemporáneo gaikako programa garaikideak, erakusketez eta bitartekaritza-guneez. Horretarako guztietarako zenbait gune atontzen ari dira Ziudadelako Arma aretoan. Beheko aldean, topaketak, askotariko ikuskizunak, lantegiak eta hitzaldiak lehenetsiko dira. Horrez gain, kafetegia irekitzea ere aurreikusi da. Bigarren solairuan Udalaren Arte Garaikidearen bildumarekin zerikusia duten erakusketak egingo dira. Eta azkenik, Ganbaran, formatu txikiagoko proiekzioak, lantegiak eta mintegiak egingo dira.
Jaialdiei dagokienez, txandakatuz joango dira Hiriarteak berezko dituen kultur garaikideko jaialdiak eta hirian antolatu eta Ziudadelan egigo diren beste batzuk. Lehenengo multzokoez bezainbatean, Bestelako argiak eta Harresietako jaialdia errotu dira, eta gunea beste entitate batzuei lagako zaie, hirian sortu eta kultur garaikidea abiapuntu duten beste jaialdietako ekitaldiak bertan egin daitezen. 2020. urteari begira, diru-laguntzen lerro berri bat sortzea pentsatu da, irabazi-asmorik gabeko entitateei zuzenduta, esparru horren barruko jarduerak egin ditzaten, eta, baita ere, egonaldi-programak egitea, beste zentro batzuekin elkarlanean.

Sortu zenetik ia bi urtera, Hiriartea lanean aritu da bai Udalaren Arte Garaikidearen Bilduma ezagutarazteko bai beste zentro eta bilduma pribatuetako lanak Iruñera ekartzeko, hori guztia halako ildo baten barruan non bultzada eman baitzaie artistekiko topaketei, hainbat adinetako publikoarendako edo ikasleendako lantegiei eta artisten babes ekonomikoari. 2017an, 80.000 lagunek baino gehiagok bisitatu zituzten erakusketak, eta iaz ere antzeko kopurua lortu zen. Aldi berean, Harresietako jaialdia eta Bestelako argiak erakustaldietan txertatutako eduki garaikideak ere zabaldu dira, milaka pertsonaren parte-hartzea lortuta (50.000 bat lagun bi edizioetan, horietako bakoitzean), horrela publiko berriak erakartze aldera. Bestalde, Ziudadela gero eta leku atsegin eta erosoagoa izan dadin, betiere bertan egin nahi diren jarduerei begira, zenbait egokitze-lan egiten ari dira, besteak beste, berokuntza jartzea Arma aretoan. Helburu-zerrendan aurrera, Hiriarteak hausnarketa bultzatuko duen herritarrendako topagune izan nahi du, eta horretarako, jardunaldi bat antolatuko da heldu den apirilaren 13an, hiriko kultur eragileei zuzendurik.
Hiriarteak gaur arte egindako ibilbidearen eta etorkizunerako dituen lan-ildoen xehetasun guztiak gaur goizean eman dituzte, prentsaurrekoan, Maider Beloki Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak, Maitena Muruzabal Alorreko zuzendariak, Arantza Santesteban Hiriarteako koordinatzaileak eta Javier Manzanos Arte Plastikoetako teknikariak.
Guneak egokitzeko lanak, Hiriartea proiektua garatu ahal izateko
Abiatu zenetik Hiriarteak lan-jardun izan dituen ekintza behinenak zortzi helburu nagusi hauen inguruan antolatu dira: guneak egokitzea, bertan garatu behar diren jardueretarako aproposak izan daitezen; arte garaikidearen erreferentziako erakusketa-gune izatea; arte garaikidea hainbat publikorengana hurbiltzea; pertsonen arteko topaketa ahalbidetzea, artearen, pentsamenduaren eta gogoetaren inguruan elkarrekin aritu daitezen, Hiriartea marka indartzea, harremanak sortzea Hiriartearen eta tokiko zein nazioarteko kultur ekosistemen artean; parke publiko gisa indartzea, eta sorkuntza/ekoizpena laguntzea, guneak lagatzearen bidez.
Helburu horietan aurrera egiteko xedez, Ziudadelako Arma aretoa egokitzeko lanak egin dira, gune atsegin eta erosoagoa izan dadin. Oraingoz, beroa sortzeko biomasa-zentral bat instalatzeko eta sarreran burdin-langa bat paratzeko lanak gauzatu dira. Egokitze-lanek udan egingo dute aurrera, orduan aretoak itxita egon ahalko baitira: berogailuak jarriko dira, elektrizitate-instalazioak zaharberrituko, zoruak eta leihoak aldatuko, argi eta altzari berriak paratuko dira eta argibideetarako gune edo bulego bat sortuko da, trenkadez. Mistoen eraikineko lehen solairuko argiztapen-sistema ere hobetuko da. Behin guneak ezaugarri berri horiez horniturik, artearen, pentsamenduaren eta hausnarketaren inguruko topaketak antolatzen hasi ahalko dira, orain arte horrelakoetarako gune aproposik ez zegoen eta.
Erakusketa-programazio berria, hiri barnera zein kanpoaldera begira
Programazio-irizpide berriek proposamenaren kalitatea eta anbizio artistikoa dituzte oinarri, eta aintzat hartzen dute, baita ere, Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumaren balioa azpimarratzea; izan ere, bilduma hori 5 erakusketetan egon da ikusgai 2017 eta 2018 artean, begirada berriak proposatuz eta udal-bilduma beste bilduma batzuekin lotuz. Besteak beste, BAT erakusketa egin zen, udal-bildumari aldi baterako laga zitzaion Pi-Fernandino bildumarekin, horrela osatu zelarik Espainian 80. eta 90. hamarkadetan egin zen lan grafiko garrantzitsuenaren barnako ibilbide sakona; Bi. Inguratzen gaituena erakusketan Udalaren eta DKV bildumak uztartu ziren, gizarte-arloko elkarrizketak eta loturak ezarriz; Irakurketa naturalak erakusketa ere izan zen, komisario gazteen deialdiaren emaitza gisa, begirada udal-bildumako naturari bideratu zuena; Gelatina gogorra. 80ko urteetako istorio ebatsiak erakusketan, MACBArekin elkarlanean ekoiztuta, udal-bildumako zenbait pieza txertatu ziren Iruñean aurkeztu zenean; eta, azkenik, Bada edo ez da erakusketa proposamen kontzeptuala eta espaziala izan da, bildumaren ohiz kanpoko piezetara hurbiltzeko bide eman duena jolasaren bidez eta begirada esploratzaileaz.
Horrez gain, erakusketen programazio-lerro horren asmoa zen Hiriarteak barnealdera ere begiratzea, tokiko proposamen berritzaileen eta garrantzitsuenen aurkezpen-toki izan den aldetik, horiek bete baitute programazioaren % 70, Ziudadelaren balio eta haren identitate-zeinuari eutsiz bete ere. Aldi berean, kanporako erakusleiho izan da, eta bide eman du sorkuntza garaikidean erreferente diren entitate eta erakundeekin batera lanean aritu eta ekoizpen-sareak ehuntzeko, kalitate handiko erakusketa ibiltarien jomugetako bat Iruña izan dadin suspertuz. 2017an erakusketak programatu ziren DKVko bilduma/bekak lerroarekin (Bartzelona) eta Frantziako Institutuaren mendeko Casa de Velázquez erakundearekin (Madril). 2018an, hauekin: MACUF–Unión Fenosa Arte Garaikidearen Museoa (A Coruña), Zaragozako Udaleko Kultura Zerbitzua, Los Bragales bilduma (Santander). 2019rako badaude aurreikusita zenbait erakusketa: Telefónica fundazioa bilduma (Ilustración Pamplona-Zaragoza) eta Arte Garaikideko Bildumazale Pribatuen 9915 Elkartearekin beste bat. Halaber, Nafarroako sorkuntza garaikideko zentroetan eta jaialdietan laguntzaile aritu da, Ziudadelan egin daitezen bide emanez, hala 2017an nola 2018an: Mapamunditarrak, Afrika behar-beharrezkoa, Punto de Vista, DNA, Merkatua eta Zinetika.
Beste lan-ildoetako batek erakusketa-baldintzak hobetzea izan du xede: erakusketak denbora luzeagoz egon dira ikusgai, katalogoak editatu dira, sektorearen garapen profesionala lagundu da artistei 1.000 euroko diru-laguntzak emanez eta komisario-lanetarako lehiaketa bat egin da, Udalaren artelanei begirada berriak proposatuz.
Erreferentziazko gune izan nahi duen aldetik, ikusle berrien interesa piztea bilatu da, arte garaikidea horiengana hurbilduz, esate baterako, Ibiltari programaren bidez, udal-bilduma ikastetxeetara eramateko, edo begirada ludikoagoaz berariaz diseinatutako Bada edo ez da erakusketaren bidez, ikastetxeetako 21 bisita jaso dituena, 390 adingabek baino gehiagok parte hartu dutelarik. Halaber, Gabonetan arte-lantegiak egin dira, eta topaketak zein bisita gidatuak, artisten eskutik. Horrez gain, Hiriarteak hiriko beste gune batzuetako erakusketa-programazioa koordinatu du, Kondestablen eta Civivoxetan, adibidez.
Kultur parkea, erakustaldi eta jaialdien egoitza
Hiriartea kulturarako eta arterako gune ireki gisa indartu da, eta aretoetan gertatzen den guztiaz blaitu ez ezik, zentzumenen esperimentazioko proposamen artistikoak ere hartzen ditu –Antzekotasunak, Sal de dudas, Quattor arkitektura iragankorra dira adibide batzuk– baita lorategi iragankorrak diseinatzeko Natur Art bezalako proiektuak eta bestelako jaialdiak ere. Jaialdi horietako batzuk aipatzearren, Harresietako jaialdiaren laugarren edizioak hogeita hamar ikuskizun garaikide baino gehiago prestatu zituen Ziudadelan eta hiriko beste txoko harresidun batzuetan: antzerki-, zirku-, dantza- eta musika-ikuskizunek 25.000 lagun bildu zituzten iazko abuztuan. Eta Bestelako argiak jaialdiak ere arteaz gozatzeko aukera eman zien milaka pertsonari, Labean egin ziren argi-instalazio, arte-lantegi eta antzerki-emanaldiaz (40.000 bat lagun joan ziren Ziudadelara, eta horiei gehitzen zaizkie hiriko kaleetako proiekzioak ikusi zituztenak). Udalarenak diren jaialdiez gain, badira beste musika-ekitaldi batzuk, udaberrian egindakoak, zeinetarako guneak eta azpiegiturak laga baitziren: Ziudadela Iruña Rock, Turmalina, Ziudadela Rock Lurraldea, El Drogas-en kontzertu berezia, etab.
Lan-ildo berria ezagutarazteko asmoz, bultzada eman nahi izan zaio Hiriartearen irudiari, eta horretarako marka bat sortu da, hainbat euskarritan hedatzeaz gain seinaletikan eta kanpoko argiztapenean ere finkatu dena.