Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Lantegiak

4 FAMILIARTEKO LANTEGIA ONLINE. ‘BAKARRIK DAGO INORK BEHATZEN DION HORI’

ONLINE
17/05/2020 - 22/05/2020
11:00
LA CHINCHETA BRUNA

Ongi etorri laugarren tailerrera familiarteko lantegiak  ‘Bakarrik dago inork behatzen dion hori’ erakusketarekin jolasteko eta elkarri eragiteko. Erakusketak Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako funtsen hautaketa bat biltzen du.
Orain, entzun tutorial hau, zeinetan La Chincheta Brunak tailerraren dinamika azaltzen duen. Geroago, aplikatu zure irudimena eta egin zure sorkuntza zure familiaren laguntzarekin. Ondoren, lanak egin eta gero, hala nahi duenak argazkiak egin eta INSTAGRAMera igo ditzake, bere istorioetara, betiere honako hauek aipatuta: @pamplonaescultura edo @irunakulturada. Eta honako traola hauek ipinita: #talleresfamiliaresciudadela eta #desdecasa. Euskaraz: #etxetik #familiartekolantegiakZiudadela. Eta Kulturak INSTAGRAMen dituen profilek argitaratu eta partekatuko dituzte, ikus daitezen. Oharra: pamplonaescultura-n partekatu ahal izateko parte-hartzaileen kontuek profil publikoa izan beharko dute.

Webgune honen bidez lantegi bakoitzaren proposamenak eta dinamikak helaraziko dituzte, igandero, 11:00etan. Hurrengo Lantegien egutegia: Maiatzak 17, 24, 31. Ekainak 7 eta 14. Egizu bat lantegiekin banner honen gainean bertan klik eginez, igandeetan, 11:00etan.

Familiarteko lantegiak erakusketak heltzen dien gaiei ekin eta lantzeko aukera bat dira, familiartean partekatzeko ariketa praktikoetatik abiatuta. Hala, konfinamendu-egun hauetan familiartean ikastea eta gozatzea bilatzen da.
La Chincheta Brunak eta Sergio Jair Méndez eta Luisa Fernanda Lindo erakusketa-komisarioek emanen dituzte, eta modu erraz eta dinamikoan hainbat proposamen eginen dituzte erakusketaren parte diren artelanetatik abiatuta. Proposamenak alderdi plastiko batetik eginen dira, baina, halaber, itxialdi egun hauetan, gorputza eta haren aukerak (edo aukerarik-eza) landuko dituzte.

Erakusketa
Bakarrik dago inork behatzen dion hori erakusketa “Ber-ikusketak: begirada berriak, Iruñeko Udalaren arte garaikideko bildumari” deialdia irabazi zuen proposamena da, Luisa Fernanda Lindo eta Sergio Jair Méndez erakusketa-komisarioek eurek egina. Gizagabetzea du ardatz nagusi, gizon-emakume egiten gaituzten ezaugarrien galera hain zuzen ere; hots, munduarekin izateko modutzat hartu dugun hura. Gerrak, inbasioak, behartutako lekualdatzeak, pertsonen hilketa masiboa eta ekonomien desparekotasuna dakartzan natur baliabideen neurrigabeko erauzketak zein ingurumena axolagabe kutsatzeak sortutako berotze globalaren ondorioz gizateria desagertzear egon daitekeen honetan, hona galdera: Zer da gizatiar izatea?
Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako hogeita hamar artelanez osatutako erakusketa –eskulturak, argazkiak, pinturak, instalazioak, bideoak eta obra mistoak– gizagabetzearen kausa eta ondorio diren arazo koiunturalen inguruko hausnarketa iradokitzen duten hiru ataletan banatu da: gorputza eta lurraldea; generoa eta identitatea, eta bizimodu posmodernoaren paisaiak, haren ondoriozko endekatzearekin batera.
Arestian aipatutako gizarte-arazoekin batera, teknologiak, sare sozialek, hedabideetako desinformazioak (fake news) eta kapitalismo zelatariak ere eragina izan dute inguruarekin erlazionatzeko dugun moduan; elkarrekintza-dinamiketan aldaketak eragin dituzte, beste gizon-emakumeekiko harremanean ez ezik objektuekin eta bizi garen tokiekin dugun harremanean ere. Absentzia da gure garaiko ezaugarria: egon gabe egotea, edo egonda ere ez egotea; horra, garaikide egiten gaituen ezaugarririk nabariena.
Bizi ditugun garaiotan oroitzeaz gain guztiz presente egotea exijitzen digute. Agian, begiratzeko modua desikasi beharko genuke berriz begiratu aurretik, eta nork bere buruari ezarritako edo geure egin ditugun aurreiritziak, binarismoak, kanonak albo batera utzi. Beharbada, izan besterik ez.

Itzuli edukiaren hasierara