Pamplonaescultura / Iruñakulturada

JARDUERAK

ITURRAMAKO BAINUETXEA BERRIZ IREKI DUTE

2021/04/05 - 2021/05/31
Astelehenetik ostiralera: 8:30 - 21:00. Larunbatetan: 8.30 - 14.30 eta 16.30 - 21.30
ERRESERBAK Ikusi liburuxkaSarrerak-Inskripzioa

Iturramako bainuetxea zabalik da berriz, aurrez hitzordua hartzeko sistema batekin, hala abonamenduak eta sarrerak eskuratzeko nola erabilera-orduak erreserbatzeko. Abonamendu eta sarreren erosketa eta orduen erreserba aurrez aurre egiten ahalko dira Iturramako Civivoxean zein 948 366 655 telefonoan (astelehenetik larunbatera, 09:00etatik 13:30era), eta www.pamplonaescultura.es webgunearen bidez, baita smartphone batetik erreserbatzekoa ere, aplikazio mugikor baten bidez. Sarbide-txartela formalizatzeko eta ordaindu beharreko prezioetan hobaria egiaztatzen duen edozein agiri entregatzeko, Iturramako Civivoxera jo beharko da, aurrez aurre egiteko.

Bainuetxearen instalazioetara sartzen ahalko da denboraldirako abonamendua zein hileko abonamendua eskuratuta, edo egun bateko sarrera erosita. Instalazioa sartzen diren pertsona guztiek abonamendua edo sarrera eskuratu beharko dute, edozein adin dutela ere. Egun bateko sarreren kasuan, aurrez eskuratzea gomendatzen da, barrutian lekua dagoela bermatzeko. Datu pertsonalak ematea beharrezkoa izanen da, baita egun bateko sarrera eskuratzeko ere. Sartzeko txartela irakurriko da, Civivoxek igorritakoa zein Herritar Txartela.

Ordu-erreserba eta erabilera arauak
Instalazioaren edukieraren kontrola bermatzeko, behin abonamendua edo egun bateko sarrera eskuratuta, dagokion orduaren erreserba egin beharko da. Bainuetxera sartzen diren pertsona guztiek erreserbatu beharko dute ordua, edozein adin dutela ere. Erabilera-erreserban adierazi beharko da zein aldagela erabiliko den (gizonena ala emakumeena) eta ordutegia. Aldagela bakoitzean, gehienez ere, 6 lagun egon daitezke. Ordubeteko ordu-tarteak ezarriko dira. Ordu-tarte horren barruan sartu eta atera beharko da barrutitik. Pertsona bakoitzak ordu-tarte bat erreserbatzen ahalko du eguneko. Iturramako bainuetxearen ordutegia honako hau izanen da: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 21:00etara, eta larunbatetan, 08:30etik 14:30era eta 16:30etik 21:30era. Erabilera-arau gisa, Iturramako bainuetxeak ezarri du eskuak nahitaez garbitu behar direla gel hidroalkoholikoz zentrora sartzean. Maskara erabiltzea ere nahitaezkoa izanen da, bainuaren unean eta dutxatzean izan ezik. Bainu-eremura joatean, maskara jantzita eramatea beharrezkoa izanen da. Maskara modu egokian erabili beharko da, sudur-trenkadaren zati bat estaliz, kokotseraino (hori barne). Halaber, aldagela, bainu-eremu eta igerilekuen kaleei dagozkien karteletan adierazitako edukierak errespetatu beharko dira. Zentroko sorosleen jarraibideak une oro bete beharko dira.

PREZIOEN TAULA. ITURRAMAKO BAINUETXEA

 DENBORALDIKO ABONAMENDUA (Ekainaren 30era bitarte balioduna)HILEKO ABONAMENDUA (30 egun, eskuratzen denetik aurrera)EGUN BATEKO SARRERA
2 urtetik beheraDoanDoanDoan
2 –13 urte eta 65etik gora35,71 €20,65 €3,85 €
14 – 24 urte49,61 €32,15 €3,90 €
25 – 64 urte71,26 €41,35 €5,50 €
Txartel berriak: *Herritar txartela erabiliz gero, doan2,00 €2,00 €2,00 €

Adierazitako prezioei Iruñeko Udalaren Ordenantza Fiskalek eta Prezio Publikoak erregulatzen dituzten arauek 2. arauan adierazitako hobariak aplikatuko zaizkie (familia ugaria edo guraso bakarrekoa, desgaitasuna, genero- zein terrorismo-indarkeriaren biktimak, 30 urtetik beherakoak, langabetuak, familian hartutakoak edo errentaren araberako murrizketak). Hobari horiek aplikatzeko, beharrezkoa izanen da dagokion dokumentazioa entregatzea Iturramako Civivoxean, abonamendua edo sarrera eskuratu aurretik.

Itzuli edukiaren hasierara