Pamplonaescultura / Iruñakulturada

ERAKUSTALDIA

GAZTEEN BERTSO SAIOA

GAZTEEN BERTSO SAIOA
AZAROAK 11, asteazkena, 19:00etan Katakraken

Bertsolariak: Aner Peritz “Euzkitze”, Ekhiñe Zapiain, Endika Legarra, Maite Sarasola, Oihana Arana eta Xabat Illarregi. Gai-jartzailea: Ainhoa Aranburu.
*Izen ematea beharrezkoa, azaroaren 9ra arte, nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzita.
Urteak badira Bertsoaroak, bere egitarauan, leku egiten diela bertsolari gazteei ere. Aurten ere helduko zaio apustuari, bertsolaritzaren orain eta etorkizun diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera emanez. Bertsolari gazteak izanen dira oholtza gainean, nafarrak eta kanpokoak, belaunaldi berrien bertsolaritzaren erakusgarri. Bertsoaroa 2020 zikloa Nafarroako Antzerki Eskolan, Kondestable eta Mendillorri civivoxetan, eta Katakrak-en azaroaren 5etik 26ra, 19:00etan izango da. Azken 29 urteetan bezala, aurten ere antolatu dute zikloa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak, elkarlanean. Bertsoa hiriburuan sustatzeko asmoz, zazpi emanaldi izango dira, bertsolaritzaren aniztasunaren erakusgarri. Pandemiaren eraginez, aforo mugatuetan egingo dira saioak, eta osasun prebentziorako neurri guztiak beteta. https://www.bertsozale.eus/eu/nafarroa/albisteak/azaroaren-5ean-hasiko-da-30-bertsoaroa

BERTSOAROA 2020. HURRENGO IKUSKIZUNAK

‘ORAINMENEAN’ BERTSOLARITZAREN GENEALOGIA FEMINISTAK
AZAROAK 17, asteartea, 19:00etan Kondestableko Areto Nagusian

*Aforo mugatua, tokiak bete arte. Ateak ordu erdi lehenago irekiko dira.
Bertsolariak: Irati Majuelo, Nerea Ibarzabal eta Oihana Iguaran. Gai-jartzailea: Maite Berriozabal.
III. Lanku Beka eskuratu zuen proiektu hau bertsolaritzaren historia berridazteko eta berrirakurtzeko saiakera bat da. Hain zuzen ere, emakume bertsolarien historia lehen lerrora ekartzera du helburu, ikusezin izandakoak ikusaraziz. Bestalde, egungo adin, lurralde eta estilo ezberdineko emakume bertsolarien topagune izatea ere bada emanaldi honen helburu. Hain zuzen ere, emakume bertsolariak izanen dira oholtza gainean, eta berridatzitako historiaren mugarri ezberdinetan oinarritutako irudiak izanen dituzte dute inguruan.

‘BERTSO JASA, BAT-BATEKO JOLASA’ HAURRENTZAKO BERTSO TAILERRA
AZAROAK 21, larunbata, 11:30ean Mendillorriko Civivoxean

*8-12 urte bitartekoentzat. Izen ematea beharrezkoa, azaroaren 18ra arte, nafarroa@bertsozale.eus helbidean edota 948143747 telefonoan. Toki mugatuak.
Bertsolariak: Saats Karasatorre, Saioa Alkaiza.
Bertsolaritzaren ohiko zirkuituan eskaintzen diren bertso-saioak publiko helduentzako sortuak dira, eta erabiltzen diren esamoldeak, hiztegia, gaiak eta orokorrean, komunikazio modua publiko helduari bideratua dago. Bertso Jasa, bat-bateko Jolasa haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioak dira. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatzen joango dira, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolariek. 8 eta 12 urte arteko haurrentzako tailerra.

‘ERRIMAK BI OINETAN’ DANTZA ETA BERTSOA
AZAROAK 24, asteartea, 19:00etan Nafarroako Antzerki Eskolan.

*Gonbidapenak (gehienez bi pertsonako 17:30etatik aurrera, bukatu arte. Bertsolaris: Sustrai Colina, Xalbador, Aitor Mendiluze, Lazkao Txiki, Uxue Alberdi, Odei Barroso eta bertsolari gehiagoren errimekin egingo dute dantza bost dantzarik. Igelaren bandak jarri die soinua bertsoei, eta Thierry Biscary, Maddalen Arzallus eta beste hainbatek jarri diote ahotsa. Dantza eta bertsoa gurutzatzen den lekuan hasi zen sormen honen bidaia. Haatik dantza konpainiak sormenezko lurralde berriak esploratzen jarraitzen du, eta oraingoan bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtu du.

BERTSO JAIALDIA
AZAROAK 26, osteguna, 19:00etan Nafarroako Antzerki Eskolan

*Gonbidapenak (gehienez bi pertsonako 17:30etatik aurrera, bukatu arte.
Bertsolariak: Beñat Gaztelumendi, Eneko Lazkoz, Erika Lagoma, Josu Sanjurjo, Julio Soto eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzailea: Maialen Belarra.
Aurtengoan ere goi mailako bertso jaialdi batek itxiko du Bertsoaroaren egitaraua. Oholtzan izanen dira puntako bertsolariak, ibilbide luzekoak eta gazteak, nafarrak eta beste herrialdeetakoak. Denen artean, egungo bertsolaritzaren argazkia eskainiko dute, ziklo osoari amaiera biribila jarriko dion emanaldian.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara