ALBISTEAK



<< ITZULI

MuestraTeatroAqui18

URRIAREN 2A MUGAEGUNA DA IRUÑEKO ANTZERKI-TALDE EZ-PROFESIONALEK BEREN LANAK AURKEZ DITZATEN HEMENGO ANTZERKIAREN XXII. ERAKUSTALDIAN PARTE HARTZEKO



Irailaren

23

HAUTATUTAKO EKOIZPENAK URRIAN ETA AZAROAN TAULARATUKO DIRA ITURRAMA, MENDILLORI ETA SANDUZELAIKO CIVIVOXETAN


FACEBOOK
TWITTER
EMAIL


Udalak hasiera eman dio Iruñeko antzerki-talde ez-profesionalei zuzenduta dagoen Hemengo Antzerkiaren XXII. Erakustaldirako deialdiari. Urriaren 2a arte, asteazkenarekin, taldeek beren proposamenak aurkezten ahal dituzte antzerki-ekoizpen zerrenda bat osa dadin, eta horiek Hemengo Antzerkiaren XXII. Erakustaldian antzezten ahalko dira, urrian eta azaroan, Iturrama, Mendillorri eta Sanduzelaiko Civivoxetan. Eskabideak Udaleko erregistroetan aurkezten ahal dira, edo indarreko legeek jasotako beste edozeinetan.

Deialdi honen bidez Udalak helburu hauek bete nahi ditu: tokiko sormen eszenikoan aritzen diren talde ez-profesionalen antzerki-ekoizpena sustatzea, taldeak eta horien ekoizpenak ezagutaraztea, hautatutako lanak erakusteko udal-guneak eskaintzea eta taldeei profesionalizaziorako bidea erraztea. Gainera, hautatutako antzezlanak Iruñeko Udalak herritar entitateen eskura jarri duen talde artistiko ez-profesionalen katalogoan sartuko dira, halako moduan non entitateek antzezlanak beren jai- eta gizarte-programazioetarako eskatu ahalko dituzten.
Deialdi honetan parte hartzeko taldeek baldintza hauek bete behar dituzte: legearekin bat eraturik egotea, eskaera aurkezten duten datan; profesionalizatuta ez egotea; taldearen egoitza soziala nahiz zerga-egoitza Iruñean edukitzea. Halaber, eguneratuak izan behar dituzte zergei nahiz Gizarte Segurantzari buruzko betebeharrak, bai eta erantzukizun zibileko aseguru-poliza ere eduki. Talde berberak Hemengo Antzerkia Erakustaldiaren aurreko edizioetan estreinatu edo aurkeztu izan diren antzerki-ekoizpenak ez dira hautatuko.
Ekoiztu eta antzezteko diru-zenbatekoak
Antzezlanak gaztelaniaz zein euskaraz egiten ahalko dira, eta, antzezteko, Iturrama, Mendillorri eta Sanduzelaiko Civivoxetan dauden eszena-ekipamenduak izanen dituzte erabilgarri. Muntaketa horiek artistikoak izan behar dute; elkarbizitza, askatasuna eta sormena sustatu behar dituzte; Iruñeko herritar guztiei irekita egon behar dute; eta ezin dira egon Udalaren beste finantzaketa-programen barruan.
Iruñeko Udalak bi diru-zenbateko zehaztuko ditu, bata ekoizpenerako eta bestea antzezpenerako. Ekoizpenerako gehieneko aurrekontua 1.200 eurokoa izanen da, eta hori zehazteko eszenaratzea hartuko da aintzat (argiztapena, jantziak, eszenografia…). Antzezteko gehieneko aurrekontua 800 eurokoa izanen da, eta hauek hartuko dira aintzat: parte hartzen duten antzezleen kopurua, antzezlanaren interesa eta kalitatea. Udalak hartuko du bere gain Erakustaldian emankizuna ematetik eratorritako egile-eskubideen ordainketa, horrelakorik balego.
Aurkeztutako eskabideek deialdiaren oinarrietan ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Hemengo Antzerkiaren XXII. Erakustaldiaren programazioan parte hartuko duten lanak hautatuko dira, balorazio-irizpide gisa hartuta lanen interesa, sormen-gaitasuna eta bideragarritasuna. Erakustaldia egin ostean zehaztuko da lanaren ekoizpenari eta antzezpenari esleitutako diru-kopurua.
Iruñean, 2019ko irailaren 19an