ALBISTEAK



<< ITZULI

Plaza del Ayuntamiento

UDALAK SORMEN ARTISTIKOKO ZAZPI PROIEKTU SARITU DITU HIRIAN SORMEN-JARDUNA SUSTATZE ALDERA UDALAK LEHENENGO ALDIZ DEITU DUEN DIRU-LAGUNTZA-DEIALDIAREN BARRUAN



Urtarrilaren

8

2018AN URTEKO LEHEN HIRUHILEKOAN EGINGO DA DEIALDIA, ETA AURREKONTUA 21.000TIK 30.000 EURORA HANDITUKO DA


FACEBOOK
TWITTER
EMAIL


Iruñeko Udalak 2017an abiatutako sormen artistikoko proiektuen lehiaketaren lehenengo deialdian zazpi proposamenek jaso dute Udalaren diru-laguntza. Lehiaketak 21.000 euroko aurrekontua izan du, 3.000 euro proiektu bakoitzarendako, eta hirian sormen-jarduna sustatzeko asmoz abiatu zen. Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek lehiaketaren epaia eman dute ezagutzera. Lehenengo edizio honetan hainbat diziplinatako 45 proiektu aurkeztu dira guztira.

Xehe-mehe, lehiaketan ikus-entzunezko arteetako 10 proiektu lehiatu dira, arte eszenikoetako 10, literaturako 4, musikako 8 eta arte plastikoetako 13. Honako hauek izan dira zazpi proiektu sarituak: Ana Maestrojuánen Martinaren parke fantastikoa, haurrei zuzendutako antzerki-testu garaikidea; Carmen Larrazen Transoceánica, diziplina askotariko ikerketa bat dantza, argazkigintza eta musikaren inguruan; César Orozen El reyno de las letras. Navarreando por la literatura universal’ komikia; David Bernuésen Pez Volador film laburraren gidoia; José Javier Castiellaren Apuntes para después del colapso, pintura eta eskultura uztartzen dituen instalazioa; José Vicent Egearen Alegoría de la fama musika-konposizioa; eta Margarita Gutiérrezen Cuerdas/Sokak dokumental laburra.

Epaimahaiak –Hezkuntza eta Kulturako teknikariek eta zinegotziak berak osatua– azpimarratu egin du sorkuntza artistikoa sasoian dagoela hirian, eta nabarmendu du, baita ere, sortzaileen ahalegin positiboa. Saritutako proiektuez gain, beste zenbait proposamen interesgarri egon dira, eta horiek Iruñeko Udalak antolatzen duen kultur programazioan txertatzea baloratuko da.

Sormen-jarduna sustatzea eta laguntzea

Lehiaketaren xedea da Iruñean sormen-jarduna bultzatzea eta sorkuntza artistikoko prozesuak laguntzeko diru-laguntza gabeziari aurre egitea, hutsune hori betetzea, alegia. Hortaz, honako alor hauetako sormen -proiektuak gauzatzeko diru-laguntza ematea da asmoa: arte eszenikoak, plastikoak, musika, literatura, ikus-entzunezkoak, zein kulturako beste adierazpen artistiko batzuk.

Lehiaketan pertsona fisikoek parte hartu ahal zuten, baldin eta proiektua aurkezteko unean Iruñean erroldaturik bazeuden –gutxienez urte bete lehenagotik eta etenik gabe– eta horrez gain, Udalarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean bazituzten. Partaide bakoitzak sormen-proiektu bakarra aurkezten ahal zuen, eta ezin zen pertsona bat baino gehiago aurkeztu proiektu bakoitzeko. Proiektuek jatorrizkoak izan behar zuten, 2017an eginak, eta beste udal-deialdiren batean diruz lagundutako proiektuak izan zitezkeen.

Epaimahaiaren balorazioak lehiaketaren deialdiko oinarrietan jasotako hiru irizpide izan ditu ardatz: proiektuaren interes artistikoa eta kulturala; sortzailearen ibilbidea, azken urteotan egindako sormen-lanak aintzat hartuta; eta proiektuak lurraldean izan dezakeen inpaktua.

Aurrekontu handiagoa eta deialdi berria 2018ko lehenengo hiruhilekoan

Iruñeko Udalak sormen artistikoko proiektuak aurkezteko lehiaketa honekin jarraitzeko asmoa dauka datorren urtean, deialdian zenbait aldaketa egingo baditu ere. Alde batetik, lehiaketa urteko lehen hiruhilekoan deitzea aurreikusi da, eta ez urte-amaieran, 2017an egin bezala. Hartara, lan-proiektuak sarituko dira –eta ez, aurten bezala, burututako sorkuntzak–; izan ere, hori da lehiaketaren jatorrizko ideia. Hori horrela, Udalak 2017an amaitu gabeko proiektuak aurkeztu dituzten sortzaileak animatu nahi ditu datorren urteko deialdian berriro ere aurkez daitezen.

Halaber, sariei esleituko zaien diru-kopurua handituko da. Lehenengo lehiaketa honek 21.000 euro zituen saritan, eta datorren urtekoak 30.000 euro joko du, % 42,8 gehiago. 3.000 euroko hiru sari erreserbatuko dira proiektuak aurkezten dituzten 35 urtetik beherako sortzaileendako.

Sormen artistikoko proiektuen I. lehiaketa. 2017

Martinaren parke fantastikoa. Ana Maestrojuan Guindano

  • Haurrei zuzendutako antzerki-testu garaikidea aurkeztu du Ana Maestrojuánek. Abiapuntua parke bat da, mikrokosmos bat non ekintza gertatzen baita eta haurtzaroarekin eta jolasarekin lotzen gaituen trebezia erakuts baitaiteke.
  • Egileak aurkeztutako proiektuak halako guneek iradokitzen dizkioten helburuak, dramaturgia eta interes artistikoa garatzen ditu. Horrela, egileak arte-mintzaira berriak ikertzen ditu eta antzerkiaren zeharkakotasuna baliatzen du antzerkia eskaintzeko sormen-adierazpen bitarteko gisa, gizartea eraldatzeko eta aldatzeko tresna gisa.
  • Martinaren parke fantastikoa oso-osorik gauzatu da, urrian gazteleraz estreinatu zen, eta, azaroan, euskaraz.

Transoceánica. Carmen Larraz Elorriaga

  • Transoceánica koreografia-proiektu bat da, dantza, argazkigintza eta musikaren inguruko diziplina askotariko ikerketa dakarrena berekin. Proiektuaren egilearen hitzetan “koreografia-lanaren muina da testura fisikoak sortzea. Gorputzaren adimen fisikotik eta espazioarekiko dugun zuzeneko komunikaziotik abiatuta garatu behar da mugimendua, dinamika desberdinak sortuta tokiaren arabera eta eragindako egoeraren arabera”.
  • Carmen Larrazen proiektuak xehetasunez azaltzen du sormen-prozesua, zeinak adierazpen-egiturak arian-arian lotzen baititu, bulkada fisiko bat inspiratzen duen espazio naturala hautatzetik hasita, zeinaren argazkia hartzen baita gero. Behin lortutako irudiak ikertuta, koreografia-konposizioa garatzen da, gidoi dramatiko batean amaituta. Emaitza irudiak proiektatzen dituen proposamen eszenikoa da, non lehentasuna ematen baitzaio hizkuntza fisikoari eta musikalari, efektu eta apaingarririk gabe.
  • Aurkeztutako proiektua amaituta dago; izan ere, 2017ko urrian estreinatu zen sormen prozesu aberatsa eta landua, zeinak goia jotzen baitu diziplina anitzeko eta sormen-balio handiko ikuskizun batean.

El reyno de las letras. Navarreando por la literatura universal.César Oroz Martija

  • El Reyno de las Letras lanak argitaratutako komiki baten bitartez garatzen du proiektu bat non egilearen umore grafiko bereizgarriari literatura unibertsalari buruzko ikerketa eransten baitzaio, eta horren bitartez, zeharka, Nafarroako historia ekartzen du gogora.
  • Hainbat obratako pasarteen bitartez –besteak beste Codex Calixtinus (desberdinarekiko beldurraren isla), Dante Alighieriren Divina commedia (kodiziatik ustelkeriara) eta William Shakespeareren Love’s Labour’s Lost (transzendentzia bila)– eta umore grafikoa baliatuta literatura unibertsala irakurtzeko modu berria eskaintzen du, eta, batez ere, nork bere burua hobeto ezagutzeko eta elkar hobeto ezagutzeko modua, komunitate bereko kide izaki.

Pez Volador.David Bernués Suárez

  • Abiapuntu oso pertsonal eta dramatikoa izanagatik film laburraren gidoiak lortu egiten du hori alde batera uztea, eta pertsonaia baten –Iñigo– istorioa aurkezten du, modu errazean eta emozioa tarteko. Arrainekin eta bere buruarekin ezarritako harremanaren bitartez egilearen asmoa lortzen da: ez pertsonaia ulertzea, baizik eta pertsonaiaren begiradara hurbiltzea. Topikoetan erori gabe eta handinahia izan gabe lortzen du konplexutasun handiko gai bati heltzea: suizidioa.
  • Gidoia behin betikoa da, eta sormen proiektua ia osorik burutu da, jada filmatuta eta editatuta dago eta. Egilearen asmoa interesgarria da, film laburra gaia sakonduko duen beste proiektu handiago baten barruan sartu nahi baitu, non beste bi sormen proposamen txertatuko liratekeen.

Apuntes para después del colapso.José Javier Castiella Sánchez-Ostiz

  • Jose Castiellaren proiektu artistikoak pinturaz eta eskulturaz osatutako instalazio-lana proposatzen du, kalitate handiko bilakaera koherente bat egilearen garapen plastikoan.
  • Castiella Iruñean jaio zen 1987an, interes handiko eta goraka doan ibilbide artistikoa dauka; izan ere, irudi-hizkuntza propioa garatu du, benetan aberatsa plastikotasunaz eta adierazpenaz bezainbatean, eta hizkuntza horren bitartez bere esplorazioak egiten ditu, material piktorikoak, eskulturarako aukerak eta arte figuratiboaren zein abstraktuaren historiako erreferenteak baliatuta.
  • Proposamena kontakizun kontzeptuala, orijinala eta iradokitzailea da, xaman gisa materiala isurtzen duen artistarena (pintura, erretxina akrilikoak, poliuretano-aparrak), tramankulu plastikoak, materialak, itxuragabekeriak edo hondakinak sortzeko… askotariko bizilagunak fikzio posible zenbait dituen kontakizun apokaliptikoan.

Alegoría de la fama. José Vicente Egea Insa

  • Proiektua jatorrizko obra baten musika-konposizioa da, sei tronpeta eta banda sinfonikorako; Alegoría de la Fama izenburua du, eta 6 tronpeta bakarlari eta bandarako tokata da. Obrak lotura garrantzitsua dauka Iruñearekin, Udaletxeko fatxadan den Fama jainkosa duelako inspirazio-iturri. Bestetik, konposizioa Nafarroan dauden bandek jo dezaten idatzita dago, eta izaera pedagogiko nabarmena dauka, tronpeta baita musika-eskoletan eskari gehien duen instrumentuetako bat.
  • Gaurkotasun handiko obra bat da, erabilera harmonikoaren formagatik. Tronpetek sarrera bizi-bizi batekin harritu egiten dute, fanfarre erakoa, eta gero sartzen dira egurrak. Obra osoan nabaria da zati erritmikoen eta zati melodikoen kontraposizioa, artikulazio anitzek babestua. Aipagarriak dira, halaber, bandako testura diferenteak baliatuta egin dituen kontrasteak. Azkenik, oso ondo uztartzen ditu gaiak eta aldiak, suite gisako zenbait pieza osatzen ditu, jarraipen aukerarik gabeak, eta hasierako sarrera leherkorraren gisako amaiera du, zeinak itxura dotorea ematen dion obrari, eta nabarmentzeko aukera hala bakarlariei nola banda osoari.

Cuerdas/sokak. Margarita Gutiérrez Diez

  • Cuerdas/Sokak dokumental laburraren proiektuak motibazio argia dauka abiapuntu, eta gizarte-helburu oso interesgarriak erdietsi nahi ditu. Helburuak oso ondo babestuta daude sormen-ikuspuntutik, proiektu artistiko erabatekoa baita, eta hein handi batean garatu da.
  • Hari narratiboa eta hautatu eta deskribatzen dituen pertsonaiak indar handikoak dira istorioarendako; erabilitako estetika, tonua eta planoak ondo pentsatuak eta arrazoituak daude; emaitza artistikoan eragina izango duten filmazioaren ezaugarriak ere aurreikusita daude; eta ediziorako gakoak ere aipatzen dira, ikusten denaz harago joan nahi duten proposamenekin. Proiektuak, gainera, errealizazio-lana egina dauka, edizio-lana oso aurreratuta eta jendaurrean erakusteko datak aurreikusita.