ALBISTEAK



<< ITZULI

HIRIARTEA_LOGO

HIRIARTEA KULTURA GARAIKIDEKO ZENTROAK IRUDI BERRIA DU



Apirilaren

4


FACEBOOK
TWITTER
EMAIL


Hiriartea Kultura Garaikideko Zentroak irudi berria du: Ziudadela kultur gune gisa berrasmatzea bilatzen duen proiektu horren inizialekin egindako jolas bisuala.  Ziudadelan kokatutako Hiriartea Kultura Garaikideko Zentroaren irudia H eta A inizialekin egindako jolas bisual bat izango da, irudikatzen duen gunearen modernitatearen eta gaurkotasunaren isla. Kolore beltzean, Ziudadela –Zentroaren egoitza den azpiegitura– bezalako toki adierazgarri baten irudia dela aintzat hartuta diseinatutako baliabide grafiko bat da.

Hiriartea proiektuak Ziudadelan kultura garaikideko zentro bat sortzeko asmoa du, elkar topatzeko, gozatzeko eta ezagutzarako gune irekia, sormen-espazio transdiziplinarren ekimen eta esperientzietan inspiratuta. Proiektu hau Iruñeko Udalaren kultur politika berriaren ardatz nagusietako bat da, zeinaren bitartez kultur eredu gertuko, ireki, sormenezko eta kalitatezko batekin blaitu nahi baitu hiria.

Irudia egiteko Udalak lizitazioa deitu zuen. Haren aurrekontua, gehienez, 13.000 euro gehi BEZa zen. 8 proposamen jaso ziren, eta horietako bakoitzak barne hartzen zituen osagai hauek: irudi korporatiboa eta irudi hori euskarri ezberdinetan nola aplikatu; proiektua hedatzeko eta hari buruzko informazioa emateko seinaletika, Ziudadela barruan zein inguruetan; jarduerak hedatzeko eta sustatzeko materiala; eta webgunea. Puntu gehien lortu zuen enpresa Artworks Comunicación izan zen.
Tipografia lineala, arteari lotutako ikonografia eta berariazko baliabide grafikoak Ziudadelarako
Diseinuaren abiapuntua, egileen arabera, irudi moderno eta gaurkotu bat eraikitzea izan da, aintzat hartuta Kultura Garaikideko Zentro bat dela. Oinarrizko premisak izan dira tipografia lineala, xalotasuna eta sintetizazioa, kolore lauak, artearen munduari lotutako ikonografia, eta zentroaren azpiegitura bera gogora ekartzen duten baliabide grafikoak. Emaitza logotipo beltz bat da, Hiriartea izenean uztartutako bi hitzen inizialekin jolasten duena konposizioan: hiria hitzaren H-a eta artearen A. Hori horrela, begiratzeko moduaren arabera A bat zein H bat ikus daitezke, dualitatea irudikatzen du, eta hainbat interpretaziori bide ematen dion jolas bisual bihurtzen da.
Din Condensed Bold tipografia hautatu da. Bi bertsio marraztu dira, bata laua eta bestea 3Dn. Irudiaren atzealdea, lauki beltz bat da. Horren bidez irudikatu nahi da Kultura Garaikideko Zentroa barruti batean dagoela, eta une horretan dauden erakusketen zatiak agertzeko aukera ematen du, baita kolore zein testura ezberdinekin jolastekoa ere.
Seinaletikak, bestalde, Hiriartearen irudi korporatiboarekiko koherentzia mantenduko du. Irisgarritasuna aintzat hartuta egin da, Zentroa bisitatzen dutenek berehala interpretatzeko moduko kodeak baliatuta, eta irakurgarritasuna, ikusgarritasuna eta unibertsaltasuna kontuan hartuta. Informazioaren euskarri gisa beltzez tintatutako korten altzairuzko xaflak erabiliko dira. Zulatuta egongo dira metakrilatoan txertatutako informazioa jasotzeko.
Proposamen irabazleak kartelen informazioa lau zutabetan banatzen du, diseinuari orden-itxura handiagoa emate aldera, eta hartara, irakurgarritasuna errazte aldera. Tipografia mantentzen du, bai eta logotipoa inguratzen duen kutxarekin egindako jokoa ere. Irudiek protagonismo nabaria izan dezaten aintzat hartuta diseinatuko da webgunea. Hiru hizkuntzatan egongo da: gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez. pamplonaescultura.es eta iruñakulturada.es webguneetara sartzeko lasterbideak izango ditu, baita Hiriartearen sare sozialetara sartzeko ere. Bilatzaile bat izango du, besteak beste, jarduera, erakusketa, data edo hitz-gakoen araberako kontsultak egin ahal izateko. Bestalde, hasiera-orrian informaziorik garrantzitsuena nabarmenduko da, ordutegi, sarrera, berritasun eta eduki interesgarrienekin. Diseinua gailu-mota orotara egokitzekoa izango da, “responsive” tankerakoa.
Seinale orokorrak kanpoan, barruan eta eraikin bakoitzean
Une honetan seinaletika orokorra ekoizten ari da, apirila hasierarako prest egongo da, eta orduan kokatuko da barrutian. Seinale orokor bat egongo da Ziudadelako kanpoaldean, beste bat mapa batekin gunearen sarreran, eraikin bakoitza eta bertan dauden erakusketak identifikatuko dituzten adierazleak, eta errotuluak, jendea eraikinetako bakoitzera bideratzen laguntzeko. Guzti horren gastuak 9.000 euro joko du. Paraleloki, webgunea lantzen ari dira, eta liburuxkak, txartel handiak eta hedapenerako beste elementu batzuk egiten eta diseinatzen.
Hiriartea, Iruñeko Kultura Garaikideko Zentroa – Ziudadela delakoak tokiko zein nazioarteko artisten erakusketak izango ditu ikusgai; aldi baterako erakusketa tematikoak Arte Garaikidearen Bildumako lanekin; eta artista eta herritarren arteko topaketak egingo dira, hainbat jardueraren bidez –bisita gidatuak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoen emanaldiak, mahai-inguruak, etab.–, betiere xede hartuta adierazpen artistikoen inguruko hausnarketari eta sorkuntzari bide ematea. Halaber, arte eszenikoen eta musikaren hedapenaren aldeko apustua egingo du, kontzertu eta antzerki-ikuskizunen bidez; baita kultur dibulgazioaren aldekoa ere, liburutegi-mediateka baten bidez, non herritarren eskura jarriko baitira artearekin zein kulturarekin lotutako irakurgaiak, kontsultatu eta gozatu ditzaten; eta beste gune baten bidez, non artistek haien esperientziak eta ezagutzak partekatu ahal izango dituzten.