Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Ekitaldia

Erakusketa bat eta musika-ziklo berri bat izango dira Batasunaren Pribilegioaren 593. urteurreneko berriak,

Batasunaren Pribilegioaren 593. urteurrena ospatzeko Iruñeko Udalak antolatutako programak bi berrikuntza ekartzen ditu aurten, erakusketa bat Udaletxeko ezkaratzean eta musika-ziklo berri bat, helburu hartuta duela sei mende hiria gaur egun ezagutzen dugun bezala fundatu zuen efemeride hori nabarmentzea. Gainera, irailaren 8an, Karlos III.a Erregeak agiri hori sinatu zuen egunarekin bat, lehenengo aldiz banatuko da Iruñeko Zapia, hiriaren garapenean lagundu duten pertsona edo erakundeei aipamena egiteko oroigarria. Zapiak nortzuk jasoko duten Udalaren Osoko Bilkuran erabakiko da astelehenean. Arratsaldean, ospakizunaren izaera zibila gordeta, Udalbatzak, Erraldoien eta Buruhandien Konpartsarekin batera, desfilea egingo du hiru burguetan barna, eta ohiko lore-eskaintza egingo da Karlos III.aren mausoleoaren aurrean.

Ekitaldi guztiak irailaren 2tik 11ra izango dira, eta programa osatzeko Erdi Aroko merkatu tradizionala, La Pamplonesaren kontzertua eta Udaletxea ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira. Programaren nondik norakoak gaur aurkeztu dituzte Joseba Asiron alkateak,Patricia Perales Tokiko Ekonomia Jasangarriko zinegotzi ordezkariak eta Maider Beloki Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zinegotzi ordezkariak.

Kontzertuak eta dantzaldia, programari hasiera emateko

Ospakizunaren programa irailaren 2an hasiko da, Danserie taldearen emanaldi batekin, 20:00etan, Kondestablearen jauregian. Talde honen kontzertuaren ardatza antzinako “Nafarroako Gorteko musika” izango da.

Irailaren 3an, larunbatarekin, goizeko 11:00etan, Burguen plazan, graffiti-lantegi ireki bat izango da, haur eta gazteentzat. Parte-hartzaileei Batasunaren Pribilegioari buruzko irakaspen historiko batzuk emango zaizkie, marrazkiaren zirriborroa egiten hasi aurretik. Amaitzeko, zirriborro hori graffiti bihurtuko dute, plazako arkupeetan jarriko diren oholetan. Arratsaldean, leku horretan bertan, Batasunaren Pribilegioa oroitzeko ospakizunen artean lehendabiziko aldiz, dantzaldia egingo da. Tximeleta taldea ariko da, 19:00etatik 21:00etara, eta jarraian, Los Roslis taldearen kontzertua izango da 21:30etik 23:00etara.

Igandean –hilak 4– Jarauta 69ren musikak Alde Zaharreko kaleak girotuko ditu, 12:00etatik 14:00etara, antzinako hiru burguetan barna: San Zernin, San Nikolas eta Nabarreria.

Artearen Adiskideen eskutik helduko da programaren barruan dagoen azken kontzertua: Kontestablearen jauregian izango da, irailaren 9an, ostiralarekin, 20:00etan.

Batasunaren Pribilegioari buruzko erakusketa bat

Irailaren 6an, asteartearekin, Udaletxeko ezkaratzean El Privilegio de la Unión-Batasunaren Privilegioa izeneko erakusketa zabalduko da. Bertan erakusten da Pribilegioa sinatu aurretik nolakoa zen hiriaren banaketa hiru burgutan. Panel eta tamaina errealeko irudien bidez, hiru burguen jatorria, garapena eta biztanleen bizimodua ezagutu ahal izango dituzte bertaratzen direnek. Halaber, 1423an Karlos III.ak diktatutako Batasunaren Pribilegioaren faksimile bat ikusi ahal izango da. Erakusketak gure hiriaren bilakaera markatu zuen efemeride horren garrantzia helarazi nahi die herritarrei, eta elkarbizitzaren eta ezberdinen arteko batasunaren balioa azpimarratu, dokumentuan aldarrikatzen den bezala.

Hiriaren historia kontatzen du erakusketak: 905. urtean hiria erresuma-buru bilakatu zen, eta Pirinioez bestaldeko biztanleen etorrerarekin eta gorantz zihoan judutarren sinagogarekin, biztanleria-nukleo berriak sortu ziren, XI. eta XII. mendeko antzinako apezpiku-hiriaren ondoan. Horrela burguen Iruña sortu zen: Nabarreria, San Zernin eta San Nikolasek osatutakoa. Izaera propioa zuten hiru udal-unitate autonomo ziren, eta haien artean tirabirak zein erasoak izan ziren. Gatazka urteen ondoren, eta hiru burguak “pakean, lasaitasunean eta betiereko adiskidetasunean bizi zitezen”, 1423ko irailaren 8an, Karlos III.a Prestua erregeak Batasunaren Pribilegioa promulgatu zuen. Ediktu horren ondorioz, barne-harresiak eraitsi ziren, herritar guztiak Nafarroako Foru Orokorrean sartu ziren, batzuen eta besteen arteko ezberdintasunik gabe eta alkate beraren menpe, armarri berarekin, hamar epaimahaikideko organo kolegiatuarekin, ‘justizia’ komunarekin eta Udaletxe bakarrarekin (egungoa dagoen toki berean). Erakusketa urriaren 16ra arte ikusi ahal izango da, eta Nafarroako Gobernuak antolatu dituen ondareari buruzko Jardunaldien barruan sartuta dago. Erakusketa irekita egongo da 8:00etatik 20:00ak arte.

Irailaren 8ko ekitaldiak

Pribilegioaren eguneko (irailak 8) programa 12:00etan hasiko da, Iruñeko Zapia entregatzeko zeremonia-ekitaldiarekin, Udaletxean. Zapiarekin nor edo zein erakunde omenduko den astelehenean ezagutuko da, irailaren 5ean, egun horretako Osoko Bilkuran erabakiko baita.

Arratsaldean, Udalbatzak hiru burguetan barna desfilea egingo du. Udaletxetik irtengo da, 18:30ean, eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak, eta udal-gaitero, -txistulari eta dantzariek lagunduko dute, Mercaderes eta Curia kaleetatik Katedraleraino. Bertan, Karlos III.a Prestuaren mausoleoaren aurrean, ohiko lore-eskaintza egingo da. Ekitaldian musika-emanaldia izango da, Katedraleko Musika Kaperaren eta Miguel de Arrozpide Txirimia taldearen eskutik. Jarraian, Udalbatza hiru burguetako kaleetatik ibiliko da, izan ere, Batasunaren Pribilegioa eman aurretik Iruña hirutan banatuta zegoen. Hona hemen ibilbidea: Katedrala, Navarrería k., Mercaderes k., Udaletxe plaza, Kale Nagusia, Hilarión Eslava k., Ansoleaga k., San Frantzisko plaza, Kontseiluko plaza, San Anton k., San Migel k., San Nikolas plaza, San Nikolas k., Gazteluko plaza, Txapitela k., Mercaderes k. eta Udaletxe plaza.

Amaitzeko, udal-dantzariek soka-dantza berri bat estreinatuko dute, non elkarri eskutik heltzen dioten, batasun eta kohesio sinbolo bezala. Zaldiko bat beraiekin batera arituko da, eta kornamusaren soinua entzun ahal izango da (VIII. mendeko musika-tresna da kornamusa, eta Iruñeko Udalak, konpartsako kideekin batera, berreskuratu zuen, 2004an). Dantzaldiaren aurretik Konpartsako erraldoiek egingo dute dantza.

Egunari amaiera emateko La Pamplonesak kontzertua emango du Gazteluko plazan, 20:00etan. Bien bitartean, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak bere ibilbidearekin jarraituko du, Mercaderes k., Txapitela k., Gazteluko plaza, Sarasate pasealekua, Alondegi k., Tutera k., Oliveto Kondearen etorbidea, Bakearen plaza eta autobus-geltokiraino.

Udaletxea ezagutzeko momentua

Udaletxearen ateak aurten ere zabalik egongo dira doako bisita gidatuak egiteko. Irailaren 6tik 10era izango dira, eta herritarrek hobeki ezagutu ahal izango dituzte bai fatxada, bai barrualdea. Saioetan arkitekturarekin zerikusia duten aspektuak, eraikinaren inguruko informazioa eta hiriaren historia ezagutu ahal izango dira, eta goizez zein arratsaldez, eta gaztelaniaz zein euskaraz izango dira. Harrera-aretoan Batasunaren Pribilegioaren jatorrizko dokumentua ikusi ahal izango da, baita horren inguruko hainbat liburu eta material ere.

Guztira, 30 lagunez osatutako 25 talderentzako bisitak izango dira (horietatik 7, euskaraz). Hortaz, 750 lagunentzako lekuak daude. Irailaren 6an bi saio egingo dira goizez, 12:00etan eta 13:00etan, eta hiru, arratsaldez: 18:00etan, 18:30ean (euskaraz) eta 19:00etan. Irailaren 7an bi talde izango dira goizez, 12:00etan eta 13:00etan, eta beste hiru, arratsaldez: 18:00etan, 18:30ean (euskaraz) eta 19:00etan. Ostiralean goizeko saioak 12:00etan, 12:30ean (euskaraz) eta 13:00etan izango dira. Arratsaldekoak, 18:00etan, 18:30ean (euskaraz) eta 19:00etan. Amaitzeko, irailaren 10ean, larunbatarekin, Udaletxea ezagutu ahal izango da, goizez, 11:00etan, 11:30ean (euskaraz), 12:00etan, 12:30ean (euskaraz) eta 13:00etan. Arratsaldez, aldiz, 17:00etan, 18:00etan, 18:30ean (euskaraz) eta 19:00etan.

Gaurtik aurrera izena eman daiteke, leku libreak dauden bitartean.

Horretarako, www.pamplona.es webgunera jo edo 010 Herritarrendako Laguntza-telefonora deitu (edo 948 420100 zenbakira, mugikorretik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero). Tokiak interesdunek izena eman ahala esleituko dira. 010 telefonoaren arreta ordutegia honako hau da: gaur (hilak 30) eta bihar (hilak 31), 8:00etatik 15:00etara. Irailaren 1etik aurrera, ostegunarekin, 8:00etatik 19:00etara, eta irailaren 10ean, larunbatarekin, 9:30etik 13:30era.

Erdi Aroko Merkatua eta animazioa

Hiru Burguen Erdi Aroko ohiko Merkatua irailaren 9tik 11ra egingo da, Alde Zaharrean; aurtengoa hamargarren edizioa izango da. Ohikoa den bezala, Nafarroako Artisautza Elikagaien Elkartearen 120 saltoki inguru izango dira honako kale hauetan: Mercaderes, Udaletxe plaza, Kale Berria, Kontseiluaren plaza, San Frantzisko plaza, Hilarión Eslava kalea eta Kale Nagusia. Azoka irekita egongo da ostiral arratsaldean (18:00etatik 21:00etara), eta larunbat eta igandean, goizez (10:00etatik 14:00etara) eta arratsaldez (17:00etatik 21:00etara).

Saltokietan produktu ezberdinak izango dira; batzuetan, ikusgai izango dira salgaiekin loturiko elementu etnografikoak, eta beste batzuetan, artisauek publikoaren aurrean, zuzenean, landuko dituzte materialak. Merkatuko antzinako lanbideen erakusketan zurginak, zapatariak, zeramikariak, zilargileak, eltzegileak, kopistak, lurringileak eta magoak izango dira. Txikiek ere aukera izango dute zenbait lanetan parte hartzeko, besteak beste, eltzegile-lanetan. Gainera, Erdi Aroan girotutako lantegiak izango dira, lore lehor, forjaketa, beira-puztea, eltzegintza eta musika tresnei buruzkoak. Eskaintzaren osagarri izango dira musika animazioko kalejira bat eta Erdi Aroko taberna bat San Frantzisko plazan. Azkenik, irailaren 10ean, larunbatarekin, Keltiar taldeak folk kontzertua emango du arratsaldeko 19:30ean.

Testuinguru horri jarraituta, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteak bat egingo du ekimenarekin, aurreko urteetan bezala, eta saltokiak kalera aterako ditu hilaren 10ean, larunbatarekin, Erdi Aroko Merkatuaren ordutegi berean; horrela, herritarrei beren saltokiek eskaintzen dutena erakutsi ahalko diete. 40 saltoki inguruk hartuko dute parte.

Itzuli edukiaren hasierara