Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Bisita gidatua

BISITA ARTISTIKOA MARÍA JOSÉ GURBINDOREKIN

Maria Jose Gurbindok bisita gidatua eginen du maiatzaren 2an, igandea, 12: 00etan, Ziudadelako bolborategian zabalik duen Ibidem izenburuko erakusketara. Bertan, ikusgai dauden lanen sortze prozesua azalduko du, erakusketari akabera eman aitzin.

Hau da María José Gurbindok obraz dioena:

“Oteiza Museoa, Altzuzan, Nafarroan (1992-2003), Sáenz de Oízaren azken proiektua izan zen, aurreko batzuetan bezala, konplizitate aktiboan egina Oteizarekin. Arantzazuko proiektuarekin hasi zen adiskidetasun eta lankidetza profesional luzeak garai bateko bi titan hauek lotzen zituen.
Erreportaje deskribatzailetik aldentzea bilatuz, kamera eskuan egin nuen lehen bisitan, harritu ninduen arkitekturaren protagonismoak eta bertan dagoen txoko bakoitza eta eskultura bakoitza inguratzen duen ñabardura eta koloreen aberastasunak.
Argia protagonista nagusia da, baita erabilitako material nobleak ere. Sáenz de Oízak azaldu bezala, “proiektuak, promenade architecturale corbusiertar gisa, (…) argiarekin lotutako eta honek gobernatutako ondoz ondoko espazioak planteatzen ditu, argia baita formaren funtsezko protagonista”.
Arantzazuko tunelaren ideiatik abiatuta, “eskultura-lan oso aberats bat izan zezakeen hormigoizko kutxa xume bat” proposatu nahi izan zuen. Baina, nire ustez, haren eraikina oso potentzia handiko esku-hartzea da, eta aktiboki eragiten du bertan jasotako obraren esperimentazioan.
Jon Intxaustegik, proiektuaren garapenean zehar egindako hitzaldian, Oteizari honakoa galdetzeke dagoela azaldu du:
“ea askoz kutxa oinarrizkoago eta soilago batek, prismatikoagoak eta kartesiarragoak asetzen duen edo bere eskulturak dituen kutxari indarkeria gehiago eman nahi dion”.
Argazkiak egin ondoren, Oteizaren ondare teorikoa irakurrita, jakin nuen bere obran, arkitekturak eta eskulturak izaera estetiko bera partekatzen dutela, baita espazioa ere, lanerako material gisa. Oteizak, bere eskultura garatzen zuen aldi berean, arkitektoekin lankidetza bizia izan zuen arkitektura proiektuetan, bere lanean bi alor hauen arteko elkarrekintza indartsu bat egon zelarik.

Altzuzan parte hartu zuela edo, gutxienez, aktiboki eragin zuela suposatuz, eta haren printzipio estetikoekin koherentzia gordez, eraikina han erakusten den obra artistiko osoaren beste elementu bat gehiago bezala aintzat hartu beharko litzateke, haren azken helburua izanik gizakiari zerbitzu metafisikoa ematea”.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara