Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Erakusketa

MINARI ARGIA EMATEA

2021/11/26 - 2022/01/09
Astelehenetik igandera: 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

‘Minari argia ematea’ erakusketak Kondestablen doluari, heriotzari, arteari eta bizitzari buruzko hausnarketa egiten du 83 lagunen testigantzen eta 14 artistaren lanen bidez. Erakusketa Goizargi Elkartearen eta Maslow Industriesen (Fermín Díez de Ulzurrun, Peio Izcue eta María Ozcoidi) elkarlanaren emaitza da eta bitartekaritza jarduera-programa bat du. Kondestablen ikusgai egonen da urtarrilaren 9ra arte.Astelehenetik igandera bisitatzen ahalko da, Kondestable Civivoxaren ordutegian, 09:00etatik 14:00etara goizez, eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldez.

‘Minari argia ematea’ doluari, heriotzari, arteari eta bizitzari buruzko erakusketa bat da. Kondestablen ikusgai egonen da urtarrilaren 9ra arte, eta xede du heriotza eta mina espazio publikoan jartzea, egunerokoan, haren presentzia normalizatzeko eta onartzeko asmoz. Doluan direnei laguntzen dien Goizargi Elkartearen eta Fermín Díez de Ulzurrun, Peio Izcue eta María Ozcoidik sustatutako Maslow Industries talde artistikoaren arteko lankidetza proiektu bat da.
Erakusketa maite zuten norbait galdu duten pertsonek partekatutako irudi eta audioez egindako lan kolektibo batek eta diziplina ezberdinetako 14 egile eta sortzaileren obra artistikoak osatzen dute. Ikusgai dago Kondestableko patioan eta lehen solairuko pasabidean eta solairu bereko 1. eta 2. aretoetan. Hala, mina eta heriotza erakutsi, bideratu eta sentitzen dira, adierazpen artistikoaren bidez.

Obra indibiduala, obra kolektiboa eta Doluaren Bidean

Erakusketak hiru zati ditu: obra indibiduala, obra kolektiboa eta Doluaren Bidean. Kondestableko lehen solairuko 1. eta 2. aretoetan diziplina ezberdinetako 14 artistaren lanak ikusgai daude, doluaren eta heriotzaren gaiarekin lotuta. Mariano Royo, Pedro Salaberri, Koldo Agarraberes, Nerea de Diego, Rubén Díez de Ulzurrun, Maite Mutuberria, Carlos Cánovas, Ángela Moreno, Elena Goñi, Peru Galbete, Elisa Arteta, Adolfo Schlosser eta Peio Izcue artisten lanak dira.

Obrak bost ataletan banatuta daude: ‘Bat-batean hiltzea’, ‘Erritualak (edo sinbolikoaren esanahia)’, ‘Mina’, ‘Oroitzapena (edo esanahi faltatik, faltaren esanahira)’ eta ‘Bizitzaren hauskortasuna’. Oroitzapenari eskainitako atala dolu-prozesuan dauden pertsonek emandako irudi eta audioekin egindako bideo batek osatzen du. Proiektua gauzatzeko maite zituzten eta hil ziren horien irudi bat eta oroitzapen esanguratsu bati buruzko hitz batzuk eskatu zitzaizkien.
Irudi eta audio horiek Kondestableko patio nagusian ikusgai daude eta obra kolektiboa osatzen dute. 83 lagunek parte hartu dute, eta irudiak zein haien ahotsak partekatu dituzte. Izan ere, horietako 45ek emandako irudiak gogorarazten dienari buruzko gogoeta eginez ere lagundu dute. Irudiek 91,4 cm-ko zabalera eta 1,20 eta 2 metro arteko luzera dute, gutxi gorabehera, eta tipula-paperean inprimatuta daude. Horrek aukera ematen du paperaren gardentasunarekin eta hauskortasunarekin jolasteko. Patioaren bigarren solairuko barandatik zintzilik daude, eta beherantz erortzen dira luku moduan.

Azkenik, Kondestableko lehen solairuko pasabideetan Óscar Villoslada artistaren hamaika irudi errealista erakusten dira, zur gainean pintura akrilikoz eginak, eta ‘Doluaren bidea’ islatzen dute. Bide horretan maite duten norbaiten heriotza bizi duen orok zeharkatzen dituen lau ataza daude, eta Goizargi Elkarteak artatzen duen oinarrizko alderdietako bat dira.

Bitartekaritza-jarduera osagarriak
‘Minari argia ematea’ erakusketa lau bitartekaritza-jarduerekin osatzen da: bisita gidatuak, doluari buruzko hitzaldiak, haurrentzako lantegiak eta koreografia bat, zeinak abenduan eta urtarrilean eginen baitira. Hiru bisita gidatu programatu dira erakusketara: abenduaren 2an, ostegunarekin, 19:00etan, gaztelaniaz; abenduaren 29an, asteazkenarekin, 11:00etan, euskaraz, eta 12:30ean, gaztelaniaz, eta urtarrilaren 4an, asteartearekin, 19:00etan, euskaraz. Bisitak Maslow Industrieseko artisten eskutik eginen dira.
Abenduaren 17an, ostiralarekin, 18:00etan, Kondestableko ekitaldi-aretoan ‘La silla vacía’ hitzaldia eginen da, Goizargiko terapeuten eskutik. Abenduaren 29an, 11:00etan, euskaraz, eta 12:30ean, gaztelaniaz, haurrentzako lantegiak antolatu dira ‘Un día todo cambió’ ipuinaren inguruan, 4-10 urte bitarteko haurrei zuzendua eta Goizargiko terapeuten eskutik. Abenduaren 29ko haurrentzako lantegiak eta hitzaldiak ordu berean programatu dira familiei joan ahal izatea errazteko. Azkenik, abenduaren 18an, larunbatarekin, 19:00etan, Kondestableko areto gotikoan, Elisa Arteta artistak ‘Heriotz(txiki)ak’ koreografia aurkeztuko du.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara