Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Erakusketa

DE POLO A POLO ERAKUSKETA SARASATE PASEOLEKUAN

2020/10/20 - 2020/11/10
Astelehenetik ostiralera: 12:30 - 14:00 eta 17:00 - 21:00 Larunbatetan eta igandeetan: 10:30 - 14:30 eta 16:30 - 21:00

Sarasate pasealekuak ‘Polotik Polora’ erakusketa hartuko du, azaroaren 10era bitarte, planetako azken paradisu naturaletan barnako bidaia, Espainian lehen aldiz ikusgai, Iruñeko Udalaren, “la Caixa” Fundazioaren eta Nafarroako Kutxa Fundazioaren eskutik. Erakusketak bidaia harrigarri bat egitera gonbidatzen gaitu, Lurreko naturgune ikusgarrietan barna, horietako asko hotspot direlakoak: biodibertsitate handikotzat aitortuak diren Lurreko ekoeskualdeak, giza-jardueraren ondorioz arrisku larrian daudenak. Hala, arriskuan dauden naturguneak baloratu nahi dira, eta ekosistema naturalak eraldatzeak izaki bizidunengan dituen ondorioak.

‘Polotik Polora’ tamaina handiko 52 irudi zirraragarriren bitartez Artikotik Antartikaraino doan bidaia bat da, Lurreko bioma –klima, landaredia eta fauna partekatzen dituzten gune ekologikoak– guztietan barna. Erakusketaren aurkezpenean parte hartu dute Enrique Maya Iruñeko alkateak, Isabel Moreno Caixabanken Ebroko lurralde-zuzendariak, Javier Fernández Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendariak eta Javier Gómez erakusketaren komisarioak.
Planeta babestearen garrantziaz kontzientziatzea
Erakusketan National Geographic-en artxiboko natura-irudirik onenak ageri dira. Izen handiko hogeita hamar argazkilari biltzen ditu, eta haietako batzuek Wildlife Photographer of the Year eta World Press Photo sariak jaso dituzte. Adibidez, Frans Lanting, Steve Winter, Paul Nicklen eta Tim Laman-en argazkiak daude ikusgai.
Ekimen honekin Lurra babesteak duen garrantziaz eta planetako eremu paregabe hauetaz kontzientziatzea lortu nahi da, munduaren edertasuna eta hauskortasuna erakusten duten irudien bidez. Gure bizimoduak eragiten duen espezieen iraungipen-tasa eta habitaten suntsipen altuaren inguruko hausnarketa da. Munduko landare-espezieen erdiak baino gehiago eta ugaztun, hegazti, narrasti eta anfibioen heren bat baino gehiago lurrazalaren % 2,3an bizi dira, desagertzen ari diren habitatetan. Frogatzen ari da dibertsitate biologikoaren galera kezkagarria dela eta azkar areagotzen dela.
Irudiak hainbat orduz itxaron ostean eta argazkilarien asmamenari esker
Sarasate pasealekura hurbiltzen direnek bost kontinenteetako paradisu naturalez gozatzeko aukera izanen dute: baso asiarrak, Afrikako sabana, Artikoa eta Antartika. Irudiak hainbat orduz itxaron ostean eta argazkilarien asmamenari esker hartu dituzte. Besteak beste, batzuetan gizakiaren jardueraren ondorioz ingurunearen eraldaketa ageri da: suteak, gehiegizko arrantza, deforestazioa, kutsadura, klima-aldaketa… Irudi horiek agerian uzten dute planetaren iraunkortasuna eta osasun ona gizakiaren ekintzen mende daudela.
Horrela, erakusketa bi ataletan banatuta dago. Lehenengoan, saritutako hainbat irudi daude ikusgai: Tim Laman-en ‘Orangutana zuhaitz batetik katuka igotzen Sonda eskualdean, Borneon (Asia)’, Frans Lanting-en ‘Elefanteak putzu batean Chobe-ko Parke Nazionalean, Botswanan (Afrika)’ eta Steve Winter argazkilariaren ‘Elurretako lehoinabarra, Hemis-eko Parke Nazionala, India (Asia)’. Ibilbidea amaitu aurretik, bisitariek ‘Mehatxuak’ atala ikusiko dute, bederatzi salaketa-argazkiz osatutako mosaikoa, bide ematen duena gure ekintzen inguruan eta horiek natur ingurunean duten eraginaz hausnartzera.
Bisita komentatuak asteburuetan
Banakako ibilbideaz gain, erakusketa bisita komentatuen bidez ere ikus daiteke, asteburuetan. Gaztelaniaz izanen dira urriaren 24an eta 31n (larunbatak), 18:00etan, eta azaroaren 1ean eta 8an (igandeak), 12:00etan. Euskaraz izanen dira urriaren 25ean (igandea), 12:00etan, eta azaroaren 7an (larunbata), 18:00etan. Ez da beharrezkoa aurrez izena ematea. Bisita gidatuak adostu daitezke ikasle-taldeentzat eta bestelako kolektiboentzat, aurretiko hitzordua eskatuta 900 801 137 telefono-zenbakian.
Erakusketa ‘Artea kalean’ programaren barruan dago, eta haren bidez ”la Caixa” Fundazioak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak gizartearengana hurbildu nahi dute zientzia, natura eta kultura ohiko lekuak diren museoetatik eta erakusketa-aretoetatik at. Dibulgazioa pertsonen hazkundea sustatzeko oinarrizko tresnatzat jotzen da, eta horregatik, bi entitateak lanean ari dira ezagutzak adin eta heziketa-maila orotako pertsonei hurbiltzeko.
‘Artea kalean’ programa 2006an abiatu zen, eta harrezkero modernitateko erreferenteen sormen-lanak ekarri dizkie ikusleei, hala nola Auguste Rodin, Henry Moore eta Sebastião Salgadorenak. Orain, National Geographic Societyrekin elkarlanean, programak zientzian eta naturan oinarritutako ildo berria biltzen du.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara