Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Erakusketa

JAVIER ESQUIROZ

2021/01/22 - 2021/03/10
Astearteatik larunbatara: 11:30 - 13:30 eta 18:00 - 20:30. Igandeak eta jaiak: 11:30 - 13:30
IKUSI KATALOGOA

Javier Esquírozek “Formas en la Foz de Lumbier” erakusketa eskainiko du Ziudadelako Mistoen eraikina (Beheko solairua), Urtarrilaren 22tik martxoaren 10era.

1992an Bolborategian erakusketa egin ondoren, Javier Esquíroz Ziudadelan da berriz ere “Irunberriko arroilaren formak” erakusketarekin. Bertan arroilaren xehetasunak azaleratzen ditu, ibaiaren ibilguaren ondoan sortzen diren barrunbeen bidez. Azken urteetako 147 lan adierazgarri aurkeztu ditu.
Mistoen eraikinean ikusgai egonen da martxoaren 10era arte, Jorge Urdánoz Kultura eta Berdintasuneko Alorreko zuzendariak eta artistak berak prentsaurrekoan azaldu dutenez. Bisita-ordutegia honako hau da: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igandeetan, 11:30etik 13:30era.
Katalogoak jasotzen duen bezala, proiektu zabala da, “Irunberriko arroilak bere erraietan eskaintzen duen altxor sentsoriala agerian uzten diguna, baina, era berean, bere aurrean gelditu den subjektua nor den adierazten duena, hura bere sormenaren motor bihurtu arte erabiliz”. Javier Esquírozek hainbat euskarri, teknika eta formatu erabili ditu, neurri handiko mihiseetatik hasi eta lan txikiagoetara, non akuarelak, tinta txinatarra, akrilikoa, grafitoa eta egur gaineko olioa konbinatzen baititu. Horrelako erakusketetan ohikoak diren euskarriez gain, bere lanen oinarri gisa erabili ditu ere mahaitxoak, banbuzko oholtxoak zein zurezko pertxetatik zintzilik dauden mihise kurbatuak.
Hala, “paleta naturalari leial zaion lana” aurkeztu du, “ñabardura zehatzekin eta benetako kolorearen benetakotasunetik aldentzen diren gehigarri artifizialik gabe”. “Figuraziorako joera argia duten lanak, errealitatearen zatitxoz eginak, batzuetan itxuragabetu egiten dira, hain errealistak ez diren eta abstraktuagoak diren pintura-unibertsoak sortzeko”. Lan horrek argazkiz eta apuntez osatutako dokumentazio zabala izan du oinarri.
Jalkinak, landare-hondarrak eta errekarriak geratzen diren zulo txikiak
Irunberriko arroila aukeratzea ez da kasualitatea izan; izan ere, Koldo Sebastianek katalogoaren aurkezpenean gogora ekarri duenez, 1992an Bolborategian egindako erakusketan jada “bere inspirazio iturri nabarmenetako bat zein izanen zen abisatzen zuen, estimulu bakarrak aurkitzeko duen gaitasun intuitiboa gehien aktibatzen duen lekuetako bat: Irunberriko arroila”.
Haitzarteak 1.300 metroko luzera eta 400 metroko altuera ditu, eta, ibilguaren ondoko bideari jarraituz gero, zulo txikiak ditu, urak harriak higatzearen ondorioz; horietan, jalkinak, landare-hondarrak eta errekarriak atxikitzen dira, likidoarekin nahastuta. Espazio txiki horietan jarri du arreta Javier Esquírozek.
Katalogoan ere Leire Olkotz eta Carmen Nadalen testuak daude. Lehenak honela definitzen du egilea: “behatzailea, analista, kritikoa, bizinahia, urduria, gogotsua eta, batez ere, sortzailea. Horregatik da hain bikaina bere lana, mimatzen duelako, pintzelkada espresionista eta materikoenetik hasi eta xehetasun txikieneraino”. Eta honako hau gehitzen du: “Bilduma berri honetan, formak lurraren arraseko unibertso natural baten protagonista gisa agertzen dira. Irudi indartsuak, non xehetasunak funtsezko protagonismoa hartzen baitu. Enkoadraketa laburrak, oso fotografikoak, artista plastikoak bakarrik eman dezakeen kategoria batera igotakoak”.
Carmen Nadalek idatzi duenez, erakusketak “haren topaketa intimo eta ezustekoaz hitz egiten digu, naturak eskaintzen digun soiltasunarekin . Kolore eta freskotasunezko mundua, altxor naturalez betea. Ingurunearekiko eta bizi garen planetarekiko konpromisoari buruzko hausnarketan barneratzen gaitu. Landarez eta mineralez betetako uretako hutsuneen artean isilean bizi diren bizitza iniziatiko ñimiñoekiko errespetuzko ekintza batez urperatzen gaitu”.
1973tik, erakusketak egiten
Bere bakarkako lehen erakusketa 1973an egin zen Tafallan, eta ordutik 40 gunetan ikusi ahal izan da bere lana, hala Tafallan bertan nola Sitgesen, Iruñean, Corellan, Barasoainen, Zangozan, Azkoienen, Calahorran, Burlatan, Barañainen, Tuteran, Zizur Nagusian eta Taxoaren. Horiez gain, taldekako 20 erakusketa ingurutan parte hartu du, eta beste hiri batzuetara eraman dute bere lana, besteak beste, Bartzelona, Lizarra, Zaragoza, Padova (Italia), Granada, Paris, Malaga eta Madrilera.
Hainbat aitorpen jaso ditu, besteak beste, Tafallako jaietako kartelaren lehiaketako lehen saria bi aldiz, eta, gainera, hainbat sariketetan hautatua izan da: Plasenciako (Cáceres) Udazkeneko Pintura Aretoa, “Kirola Arte Ederretan”, Iruñeko eskulturakoa, Don Benitoko (Badajoz) “Juan Aparicio” pinturako Sari Nazionala eta Alcazar de San Juanekoa, eta “Agoitz Hiribildua” Pintura lehiaketan askotan hautatu dute.


Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara