Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Erakusketa

JUAN GORRITI ZIUDADELAKO LORATEGIETAN

Ziudadelako lorategiak “Del valle de Araiz a la Ciudadela de Pamplona” Juan Gorriti  artistaren erakusketa hartuko du ekainaren 21era arte. 2019ko ekainean Mailopean (Azkuen) aurkeztu zen erakusketako pieza nagusi batzuk iritsi dira Iruñeko Gotorlekura. Araitz bailarako aireak, haizeak, euri langarrak, udako beroak eta euri ondorengo lur lurrunduak laztandutako piezak dira ondoren aurkezten direnak. Cromlech handiak ehundik gorako zurezko pieza landuak ditu, denak desberdinak baina osotasun orekatu bat adierazten dute. Inguruan daude Gorritik egin duen sormen prozesutik jaiotako sorgin edota pertsonaiak: orain dela milaka urte bizi izan ziren gizaki haien itxuraz galdezka hasi zen egunaren emaitza gisa, betizu urdina lekuko lanetan kokaturik.
Bere bi enbor erraldoien gainean atseden hartuz, behia infinituaren esanahiz margotu du artistak; urdinez. Txikitako oroitzapenak urdin berdinera goratuz, denboraren atzaparretatik ihesi, maite duen askatasunaren osagai izateko.

Juan Gorriti Goldazarena Oderitzen jaio zen, Larraunen (Nafarroa) 1942an. Zurgina dela esaten du, baina eskultorea eta margolaria ere bada. “Nik ez dakit artea zer den”, horixe errepikatzen du behin eta berriz; bere hitzetan, “sentitzen” duena egiten baitu. Jorge Oteizari eta Remigio Mendibururi esker murgildu zen artearen munduan, eta dagoeneko bere lengoaia propioa sortu du. Baserritarra eta artzaina jaiotzez, egurrarekin egiten du lan, batez ere. “Laugarren dimentsioa” eta “Gorriti urdina” dira bere zigiluak, eta hainbat erakusketatan bere lanak ikusteko aukera eskaini du: Euskadi, Paris, Bartzelona, Madril, Alemania eta Galesen besteak beste. Azkenekoa. 2019ko ekainean, Araitz Bailaran, Aralarreko Mailopean, Azkuen, Gaztarri. Eskulturak, margoek eta grabatuek osatzen dute bere obra. Lurrak, suak, euriak eta denborak bere lanetan parte hartzen dute. Gaur egun, Arriben (Nafarroa) bizi da.

Itzuli edukiaren hasierara