Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Erakusketa

PLAZA DE LA CRUZ BHIren 175 URTEAK

2020/11/13 - 2020/12/13
Astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara
IZEN-EMATEA / SALMENTA
SARRERA DOAN
Ikusi liburuxka

Plaza de la Cruz BHIren 175 urteak islatzen ditu erakusketa batek Kondestablearen jauregian, material historikoen eta irudidun informazio-panelen bidez ‘Ideiak eraikitzen, harresiak eraisten’ erakusketa azaroaren 13tik abenduaren 13ra egonen da ikusgai. Erakusketa bat izanen da, gaurtik aurrera, Kondestablearen Jauregian, zeinetan ikusgai izanen baitira Iruñean hezkuntzaren erreferente izan den zentro horri buruzko testuak, irudiak, planoak eta kartografia biltzen dituzten informazio-panelak. Izan ere, bertan milaka gazte nafarrek ikasi dute, besteak beste, honako pertsonaia ezagun hauek: Pío Baroja idazlea, Amado Alonso filologo eta poeta, Pedro Iturralde y Suit historialari eta entsegugilea eta Arturo Campion, Euskaltzaindiaren kide sortzaileetako bat.
Horretaz gain, erakusketan ikusten ahalko dira, baita ere, zenbait objektu historiko: laminak, mapak, errefraktometro bat, laborategiko materiala, ikasketarako giza eskeleto bat, ikasleen espedienteak… Institutuak ondasun historiko garrantzitsu bat gordetzen baitu 1845etik. Bere garaian, zentroa apustu handia izan zen. Izan ere, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala erakundeek bere funtsekin lagundu zuten lehen mailako material bibliografiko eta zientifikoak erosteko, horietako asko nazioartean fabrikatutakoak. Gaur egun Plaza de la Cruz BHI Institutu Historikoen Ondarearen Babeserako Elkarte Nazionaleko kidea da.
Erakusketak ibilaldia egiten du Espainiako historiaren garaietan barna, kezka sozialen bilakaera eta ia bi mendetan indarrean egon diren hezkuntza-irizpide eta -eredu ezberdinak ikusteko, ikastetxearen eta bertako ikasleen begien bitartez. Izan ere, gaur egungo Plaza de la Cruz zentroa lehenengo institutua izan zen, eta bakarra mende oso bat baino gehiagoan, eta gaur egun aintzatespena izaten jarraitzen du, besteak beste, ‘Ikastetxe Bikaina’ kalifikazioarekin.
Ospakizun-erakusketa hau Kondestablearen ezkaratzean ikusten ahalko da, azaroaren 13tik abenduaren 13ra bitarte, astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Bertaratzen direnek osasun-segurtasuneko neurriak bete beharko dituzte, hau da, maskara erabili, distantzia gorde eta eskuen higienea zaindu, eta zentroko langileen jarraibideei men egin baimendutako leku-kopuruari dagokionez.
Hezkuntza-ereduak gizarte eredu gisa
Gaur egun Plaza de la Cruzeko hezkuntza-komunitatea osatzen duten 1.200 ikasleak eta 130 irakasleak oso urrun daude inauguratu zuten urtean ziren 147 ikasle eta 7 irakasle horien kopurutik. Emakumeak 1908. urtean sartu ziren ikasle gisa, urte horretan egin baitzuen matrikula Isabel Romero San Juanek; atsedenaldietan, bakarka ibili behar zuen, eta bereizitako galeria batean, bere ikaskideekin ez topatzeko. Eta 1927. urtera arte ez ziren plantillan sartu lehenengo bi emakume irakasleak: Concepción Zuasti (Kimika) eta Concepción de Diego (Mekanografia). Hezkidetza (irakaskuntza mistoa) ez zen beti izan. Denetarik izan zen, mutil eta neskentzako eskola banatuak ordutegi ezberdinetan, eta are banaketarako horma fisiko bat, garai hartan generoaren arabera banaturiko bi zentrotan: Ximénez de Rada zentroa eta Príncipe de Viana zentroa. Berlingoarekin batera, 1995ean erori zen bertako horma hori.
Demografia eta emakume gazteak irakaskuntzan sartzeko borroka, horiek dira institutuko bizitza aldaketa historikoak erakusteko baliagarri egiten duten parametroetako batzuk. Erakusgarri ditugu baita ere irakaskuntza-eredu liberal, konfesional zein sozialistaren artean izandako borroka, horiek ezarri baitziren Espainiako politikaren gorabeherekin bat. Gerra Zibila ikasgeletan sartu zen. Institutua ez zen itxi, Tafallan eta Tuteran ez bezala, baina bost irakaslek, zentroko orduko plantillaren erdiak, arazketa frankista sufritu zuten eta zigortu zituzten.
Aldaketa etengabea herritarren zerbitzura
Gaur egun ikasle gehiago pasa dira Plaza de la Cruz BHItik duela 175 urte zentroa inauguratu zenean hiriak zituen biztanle-kopurua baino (13.000 biztanle). Aldaketak izan dira etengabe. Institutuak berak hiru aldiz aldatu zuen bere egoitza. Eskolak Katedraleko Artxidiakonoaren Etxean hasi ziren, eta 1944ra arte ez zituzten eraman gaur egun duten egoitzara. Hala ere, aldaketa horiek aukera eman zioten hezkuntza-erakunde gisa zabalik jarraitzeko. Hain zuzen ere, 1845eko Konstituzio moderatuaren urte berean jaio zen, eta hura baino zazpi aldiz gehiago iraun du.
Institutuaren ezaugarri historikoen artean ditugu izena emandako ikasleengandik haratago doan hezkuntza-bokazio bat. Plaza de la Cruz zentroak ezari zuen Nafarroako Liburutegi Nagusia izanen zenaren hazia, bertako liburutegi historikoan gordetzen baitziren, besteak beste, Mendizabalen Desamortizaziotik etorritako aleak zein liburutegi partikularrei erositakoak, eta horien funtsak ireki ziren, 1869an, herritarrei oro har eskainitako zerbitzu publiko gisa. Orain, 1980-1981eko ikasturtean gaur egun erretiratua dagoen María José Goyache irakasleak inauguratu zuen antzerki-lantegi egonkorrari (bete-betean lanean jarraitzen du) beste batzuk gehitu zaizkio (gitarra, bikoizketa, robotika, bideojokoak eta hizkuntza-elkartrukeak). Gainera, funts bibliografikoekin egin zuen bezala, ikasgeletako edukiak herritar helduei ireki zaizkie, eta horretarako ‘Ágora Universitaria’ sortu da, prestakuntza ez arautuko ikastaroak emateko.
Zentroak, 175. urteurrenaren karietara, Príncipe de Viana eta Ximénez de Rada institutuei buruzko liburu bat argitaratu du, BBB eta UBI ematen ziren garaiei buruzkoak (1975-1995 urteak). Guillermo Herrero eta Jesús De Miguel institutuko irakasle ohiak dira egileak, eta argitalpena Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuan eskuratu daiteke.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara