Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Erakusketa

VIK MUNIZ NAFARROAKO UNIBERTSITATEKO MUSEOAN

Nafarroako Unibertsitateko Museoak hasiera emanen dio Vik Muniz brasildarraren erakusketari. Artista konprometitu honek errealitatearekin jolasten du eta obra ikonikoak eta eguneroko irudiak berrinterpretatzen ditu. Erakusketa martxoaren 21era arte bisitatzen ahalko da, 1. solairuan, eta egilearen obra-sorta biltzen du; horien artean nabarmentzen da Iruñeko Udalak lagatutako bere Arte Garaikideko bildumaren pieza bat. ‘Kyber pass, Self portrait as an oriental (after Rembrandt) ’ obra, 2005ekoa, (Autoerretratua ekialdeko jantziarekin, Rembrandt-en arabera, txatarra zatiez egina) Medium Digital Print paperean egindako argazkia da (Edizioa: 6 + 4 PA – 213 x 183 cm.). Aipatutako obra 2005eko ARCO Azokan erosi zuten, Madrilgo Elba Benítez Galerian. Haren erosketa-balioa 16.600 €-koa izan zen: gaur egun 30.000 €-koa da, Nafarroako Unibertsitateko Museoak asegurua tramitatzeko egin duen balorazioarekin bat.

ErakusketakVik Munizen (Sao Paulo, 1961) 25 urtetako lanen-sorta biltzen du. Foundation for the Exhibition of Photography (Minneapolis/New York/Paris/Lausana) eta Atlantako High Museum of Art-en artean antolatuta dago, Nafarroako Unibertsitateko Museoarekin elkartuta, eta Gabriela Willson mezenasen laguntzari esker egin da. Arthur Ollmanek komisariatua, erakusketak Iruñeko Udalaren eta Madrilgo Elba Benítez Galeriaren laguntza izan du. Nazioartean eginen duen ibilbidearen barruan, Museokoa izanen da Europan eginen duen geldialdi bakarra.

Muniz artista bisuala da, irudiarekin lan egiten du, irudikapenaren errealitatearekin eta ikuslearen pertzepzioarekin. Forma eta edukiaren artean disoziazio bat dago eta ikuslea hortaz jabetu behar da obra ikustean. Munizen lanaren parte bat artelanak beste materialen bidez berriz ere interpretatzean eta horiei argazkiak ateratzean datza. Erakusketa honetan aurkitzen ditugu Artearen Historiako obra handien birsorkuntzak, hala nola Mona Lisa, El triunfo de Baco edo Un bar aux Folies Bergère, beste sail batzuez gain, esaterako, argazki historiko edo familiarretatik sortzen direnak, artistarengan lotura handia baitago ikusizko memoriaren eta memoria kolektiboaren artean. Eta horiek egiteko, lehengai gisa honako elementuak erabiltzen ditu: txokolatea, azukrea, jostailuak, marmelada edo hondakinak.
Hain zuzen ere bere proiektuetako bat, Museoan ere ikus daitekeena, Txatarrazko Irudiak eta Zakarrazko Irudiak sailak dira, 2005etik 2010era bitarte eginak, Rio de Janeiroko Jardim Gramacho zabortegi handieneko langileekin batera. Proiektu horiek Munizen gizarte-konpromiso handiaren adibide dira, zeina São Paulo kanpoaldeko favela batean hazi baitzen eta gaur egun New York eta Río de Janeiro artean bizi baita. “Ingurunearekin oso kontzientziatuta dago eta ezagutzen du arteak gizartea hobetzeko daukan balioa. Zenbait gizarte- eta ingurumen-proiektutan lagundu du eta UNESCOko Borondate Oneko enbaxadorea da”.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara