Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Ekitaldia

Euskaltzaindiak Iruñeko kaleen izendegiaren euskarazko bertsioa aztertuko du

 Iruñeko Udalak Euskaltzaindiarekin kontratu bat sinatuko du honek Iruñeko kaleen izendegiaren euskarazko bertsioa aztertu dezan. Kale-izendegiaren inguruko hizkuntza-aholkularitza zerbitzu horrek –halakorik egiten den lehenengo aldia izango da– 12.000 euroko kostua izango du (BEZa barne) eta hiriko kale guztien izenak barne hartuko ditu. Datorren urteko ekainerako amaitzea aurreikusten da. Iruñeko Udalaren xedea da kale-izendegia ofizialki onestea gaztelaniaz eta euskaraz, Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zinegotzi ordezkari Maider Belokik atzo

Herritarren Aferen Batzordean azaldu bezala.

Kontratu berri honen bidez, Euskaltzaindiak kaleen izenak aztertzeaz gain, hizkuntza-aholkularitza lanak egingo ditu, eta argitalpenen aleak Iruñeko Udalari emateko konpromisoa hartzen du. Ordainketa bi epetan egingo da. Lehenengoa akademiak A eta H letren arteko kaleen izenak bai euskaraz bai gaztelaniaz jasotzen dituen txostena ematerakoan egingo da, 2016ko abenduaren 31 baino lehen. Gainontzeko ordainketa txosten osoa eskura ematerakoan egingo da, 2017ko ekainaren 30a baino lehen.

Euskararen legeak aitortutako erakunde ofiziala hizkuntza arauak ezartzeko

Iruñeko Udalak Euskaltzaindiari enkargua emango dio kontuan hartuz 1986ko abenduaren 15eko Euskararen Foru Legeak dioena: Foru Erkidegoan aplikatzekoak diren “hizkuntza arauak ezartzeko, Euskaltzaindia izanen da erakunde aholku-emaile ofiziala”.

Gainera, espedientearekin batera doan txostenak honako hau dio: “Euskaltzaindia ere bada euskal hiztunen komunitateak ia bere osotasunean onartzen duen izaera zientifikoko eta linguistikoko erakundea, zeinaren esku uzten den euskara ikertu eta zaintzea, eta euskara batuaren eredua garatzeko proposamenak egiteko gaitasuna eta zilegitasuna aitortzen zaio, euskalkien ondarearen bizitasuna sustatzeko, eta, oro har, hizkuntzaren araztasuna, kalitatea eta batasuna behatu eta zaintzeko izaera linguistikoko gomendioak eta ekintzak planteatzekoa”.

 

 

Itzuli edukiaren hasierara