Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Kontzertua

62. TXISTULARIEN ALARDEA

Txistua, dantza, historia eta ikus-entzunezko proiekzioak batuko dira 62. Txistularien Alardean, zeinak edizio honetan gogora ekarriko baitu Noaingo Batailan Nafarroako armadaren porrotaren bosgarren mendeurrena. ‘1521 Kontzertua’ diziplina askotariko ikuskizuna da, eta Gazteluko plazan hogeita hamar bat musikari –horietako hemeretzi, txistulariak– elkartuko ditu irailaren 11an, 22:00etatik aurrera. Kontzertuan sei konpositorek Alarde horrendako berariaz konposatutako zazpi kanta joko dituzte.

Aurten berriz ere Iruñeko Udalak eta Euskal Herriko Txistulari Elkartea Nafarroak antolatuta, Txistularien Alardea 22:00etan hasiko da, eta sarrera librea izanen du edukiera bete arte. Txistua da etengabeko protagonista ikuskizun osoan eta agertokia beste instrumentu batzuekin partekatzen du, hala nola txirula, tronpeta, tronpa, pianoa eta harparekin, lortu dezakeen benetako kalitate-maila konplexurik gabe erakutsita. Beste edizio batez, Alardeak ekitaldi bat ekoiztu du txistuaren inguruan, instrumentu tradizional horren maila eta aukerak erakusteko.

Txistua musika-sorkuntzarako erreferente gisa
‘1521 Kontzertua’ formatu elebidunean (gaztelania – euskara) aurkeztuko da, eta 75 minutu iraunen du, gutxi gorabehera. Kontzertuak zazpi pieza ditu, Íñigo Casalí, Koldo Azkona, Anne Pérez de Azpeitia, Jokin Zabalza, Joaquín A. Lecumberri eta Eneko Azparrenek egindakoak, eta hainbat ikus-entzunezkoren proiekziorekin batera interpretatuko dituzte. Konpositoreek txistua aukeratu dute beren sorkuntzak adierazteko bide gisa, etengabe bilatzen eta eboluzionatzen ari diren sormeneko ezaugarri teknikoak ezagututa. 

Lehenengo obrak, Íñigo Casalíren ‘La Batalla de Noáin’ lanak, modu hunkigarrian hurbiltzen ditu Nafarroako Erreinu zaharraren aldekoen ezpatek eta pikek talka egitearen, irrintzien eta eztanden, heriotzaren eta etsipenaren urruneko oihartzuna. Casalí ere, Koldo Azkonarekin batera, ‘Navarra en Pau’ suitearen egilea da. Nafarroako porrotaren ondoren, musikak publikoa Parlamentura eta Akitaniako Nafarroako gorteetara eramanen ditu. Suita intrada eta gallarda batek osatzen dute, garaiko branle baten (‘Branle des Sabots’) orkestrazioaz eta Behe Nafarroako jauzi batez gain.

Kanta horietan oinarritutako Anne Pérez de Azpeitiaren ‘Aires sefardíes’ lanak azpimarratzen ditu Nafarroan ez ezik, Espainiako erresuma hasiberria konkistatzen eta batzen ari zen lurralde osoan izandako garbiketa etniko eta erlijiosoen ondorioz gertatu ziren gizarte-aldaketak. Jokin Zabalzaren ‘Dantzen suite (Monteagudo)’ lanak Nafarroako makil-dantza klasiko bat barne hartzen du, izaera sakro-komiko-patriotikoko antzerki-eszenaratze horren berezitasunagatik, non dantza ia osagarria baita, eta testua, herri-antzerkia, funtsezkoa. 

Joaquin Lecumberrik konposatutako eta “Kakuetako Oihartzunak” izeneko bosgarren lanak txirula izanen du protagonista, solo original baten bidez, eta instrumentu-talde handi baten barruan lehen konposizio bakarlaria izanen da. Lekunberri da ere “Baztan” lanaren egilea, Iparraldeko jauziak eta Bearneko sautsekin harreman zuzena duten erritmo eta musikekin, erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan dantzatzen diren dantzak baitira. Alardea Eneko Azparrenek konposatutako “Jaun baruak” kantak itxiko du. Kantak interpretatzeko agertoki gainean egonen diren hainbat musikariez gain, abeslari bakarlariak izanen dira, hala nola Maite Itoiz eta John Kelly. 

Ikus-entzunezkoak, eszena oroitarazleekin 
Zuzeneko eszenaratzea laguntzeko, hainbat ikus-entzunezko landu dira, eta musika-piezak interpretatzean proiektatuko dira. Ikus-entzunezkoek 4 eta 10 minutu bitarteko iraupena dute, eta irudikatzen dituzte Erdi Aroko batailetako, dantza garaikideko sekuentzietako edo Nafarroako txoko eta paisaietako eszena gogoragarriak, ikuskizunari dimentsio artistiko handiagoa ematen diotenak. Ikus-entzunezko horiek hainbat agertokitan filmatu dira, hala nola Irunberriko Errege-Erreginen Jauregian, Noaingo Batailaren monumentuan, Amaiurko Gazteluan eta Iruñeko Ziudadelan. 

Iruñeko 62. Txistularien Alardea Ventura Ruiz aktoreak aurkeztuko du, eta musika eta ikus-entzunezko pieza bakoitzaren hari gidaria izanen da, Noaingo bataila gertatu zen garaia testuinguruan kokatuz eta publikoari ikuskizunak proposatzen duen ibilbide historikoan lagunduz. ‘1521 Kontzertua’ Patxi Rodríguezek zuzendu eta koordinatu du, musika-zuzendaria Aitor Urquiza da eta eszena-zuzendaria, Xavi Berraondo.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara