Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Antzerkia

ESNATU NAIZ, ANTZERKI AROA

‘Esnatu naiz’ da Nafarroako Antzerki Eskolan azaroaren 10ean, 19: 00etatik aurrera, Andoni Mutiloak euskaraz taularatuko duen antzezlanaren izenburua, Iruñeko Udalak udazkenerako prestatu duen Antzerki Aroa zikloaren barruan. Sarreren prezioa 8 eurokoa da, eta Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean (www.laescueladeteatro.com) edo antzokiko leihatilan erosi ahal izanen dira ikuskizuna hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.

LABURPENA

Elurrek Londresko The Pink Flamingo klubean egiten du lan. Dantzatzeaz eta kantatzeaz gain, bere showa izatea lortu du eta gauero jende asko joaten da bera ikustera. Harrigarria izan da Elurren eraldaketa. Izan ere, duela 10 urtera arte baserrian bizi zen bere familiarekin. Nola demontre lortu du baserritar euskaldun honek trans kolektiboko modako artista izatea Londresen? Zer bizipen izan ditu Elurrek azken 10 urte hauetan? Eta zergatik da Beyoncé guzti honen erruduna?

Esnatu Naiz antzerkia, dantza eta musika nahasten dituen showa da. Identitatea, giza harremanak eta sexualitatea ditu hizpide, besteak beste, baina batez ere, gure nortasunarekin bat egin eta aske bizitzeko gonbitea egiten digu.

Ikuskizun honek kontatzen digun istorioa xelebrea izan arren, galdera sakona proposatzen digu: gure nortasuna eta gure bizimodua bat al datoz? Beste modu batean galdetuta: gure nahiek, beharrek eta ametsek zer leku dute gure egunerokoan? Gizartean errotuta dauden hainbat ohitura eta arau zalantzan jartzeaz gain, LGBTI+ komunitatearen eskubideen aldeko mezua zabaldu nahi dugu obra honen bitartez.

Ideia, gidoia eta zuzendaritza: Andoni Mutiloa
Aholkularitza eta kanpo begirada: Amacay Gaztañaga
Antzezlea: Andoni Mutiloa
Mugimendu zuzendaritza: Eneko Balerdi
Ekoizpena: Elur Etxea

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara