Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Dantza

HITO, GOOSEBUMPS ETA LA LEVEDAD, JITO ALAIN

JITO ALAI
2021/08/07
20:00
IZEN-EMATEA / SALMENTA

SARRERA DOAN, EDUKIERA BETE ARTE

‘Dantza zoroan’ jaialdiaren lehenengo hitzordua abuztuaren 7an izanen da, arratsaldeko zortzietatik aurrera, Jito Alai pilotalekuan. Akira Yoshida eta Martín Los Arcos nafarrek bat eginen dute Badajozetik, Balear Uharteetatik, Zaragozatik eta Galiziatik datozen beste batzuekin, ‘Hito’, ‘Goosebumps’ eta ‘La Levedad’ antzezteko.

HITO, AKIRA YOSHIDA ETA MARTÍN LOS ARCOSEN ESKUTIK

Bi pertsona dagoeneko baduten zerbaiten bila, baina bilatzeko zaletasunari eutsita, lotura horretatik jaio den emozioan barna eta hura elikatuz. Bilatzea iparra galdu arte eta, orduan, berriz ere aurkitzea: pertsonen arteko bidaia (Hito).

Akira Yoshida eta Chey Juradok hainbat konpainiatan lan egin dute, hala nola Roberto Oliván, Performing Arts, Lali Ayguadé Company, Hungry Sharks eta abarretan. Denboraren poderioz, bi lagun handiok bat egin zuten bere lana finkatzeko, eta “Hito” da beraien lehen ekoizpena elkarrekin.

GOOSEBUMPS, UNAIUNAREN ESKUTIK

Dena amaitzen denean, gorputzak inertziaz mugimenduan jarraitzen du, plazera bilatzearen zain. Gizabanakoa etengabeko hedonista bihurtzen da, zoriontasuna bilatzen duen Epikuro garaikidea, argia eta musika berriz piztea beste zereginik ez duena.

Unaiunak Laura Lliteras eta Marina Fullanaren jakin-min artistikoak eta koreografikoak batzen ditu. Haren xedea da bion iruditeria barne hartzea mugimenduaren bidez. Badituzte ezohiko lekuetako eta aretoko hainbat pieza, Espainian, Europan eta Costa Rican egindako biretan aurkeztuak.

LA LEVEDAD, QABALUMEN ESKUTIK

Bidaia bat, zorabioaren, noraezaren eta denboraren dentsitatearen sentsazioetan barna. Topagune bat, grabitatean abandonatutako gorputzarendako, dena erortzen ari dela dirudien mundu batean.

Qabalum Diego Pazók, Lucía Burguetek eta Martín Los Arcosek Iruñean sortutako dantza-kolektiboa da. Mugimenduaren bidez ideietan sakondu nahi dute, mugimenduak bere edertasuna, indarra, misterioa eta abar erakuts ditzan.

‘Dantza zoroan’ jaialdia Iruñean izanen da berriz ere abuztuan, hiru hitzordurekin: abuztuaren 7an, 14an eta 21ean, arratsaldeko zortzietatik aurrera Jito Alai pilotalekuko barruti mugatu batean, eta edukiera mugatuaz. Guztira, hamar bat konpainiak parte hartuko dute udako ohiko hitzordu horretan; konpainiak Nafarroakoak, naziokoak eta nazioartekoak dira, eta zenbait dantzari Belgikatik, Errusiatik, Suitzatik eta Frantziatik datoz.

‘Dantza zoroan’ jaialdian eskainiko dituzten ikuskizun guztiek sarrera librea izanen dute, Jito Alai pilotalekuko barrutiaren edukiera bete arte. Barrutiko ateak larunbatero arratsaldeko 19:15ean irekiko dira, emanaldiak hasi baino 45 minutu lehenago. Atari zabalean doan eskainiko den proposamen honek bat eginen du Iruñeko Udalak uda honetarako antolatu dituen hamarnaka jarduerekin, ‘Biba Iruña bizirik!’ ekimenaren barruan, zeinak kultura planak eskainiko baititu hirian udako egun guztietan.

Jito Alai pilotalekua prestaturik dago COVID-19az babesteko ezarritako neurriak ekitaldietan bermaturik egon daitezen. Horretarako, publikoaren espazioa espresuki diseinatu da hainbat neurri aintzat hartuta, hala nola eserlekuen arteko segurtasun-distantzia, sarbideen kontrola eta bertaratutakoen harreman-datuen bilketa. Halaber, gunean hidrogel-banatzaileak egonen dira, eta derrigorrezkoa izanen da maskara erabiltzea.

Itzuli edukiaren hasierara