Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Antzerkia

MAITASUNAREN ITXIERA, ANTZERKI AROA

‘Maitasunaren itxiera’ da Nafarroako Antzerki Eskolan azaroaren 24an, 19: 00etatik aurrera, Miren Gaztañagak eta Eneko Sagardoyk taularatuko duten antzezlanaren izenburua, Iruñeko Udalak udazkenerako prestatu duen Antzerki Aroa zikloaren barruan. Sarreren prezioa 8 eurokoa da, eta Nafarroako Antzerki Eskolaren webgunean (www.laescueladeteatro.com) edo antzokiko leihatilan erosi ahal izanen dira ikuskizuna hasi baino ordu eta erdi lehenagotik.

LABURPENA

Pascal Rambert egile eta eszena-zuzendari frantziarraren Clôture de l’amour lanaren euskarazko egokitzapenean bikote baten elkarrizketa latza ikusiko dugu. Protagonisten bakarrizketa-trukeak hiltzen ari den maitasunaren bortizkeria adierazten du. Beldurra eta askapena nahastuko dira bikotearen elkarrizketa lazgarrian, gizon baten eta emakume baten arteko borroka suntsitzaile eta gupidagabean.
Intentsitatea, emozioa, pasioa, gordintasuna, mina… horiek dira Maitasunaren itxiera lanaren interpretazioa ondoen azaltzen duten hitzetako batzuk. Hizkuntza da garrantzitsuena, egoera batzuetan tortura fisikoa baino eraginkorragoa baita. Bi maitale aurrez aurre, hainbat urtez eraikitzaile eta suntsitzaile izan duten harremana betiko itxi nahian. Argudioak, kexak, gaitzespenak, mina, amorrua eta maitasuna gurutzatu egiten dira, pasioz eta erraietatik adierazten den hizkuntza zehatz, kirurgiko eta uholdezko baten bidez.

Testua, zuzendaritza, eszenografia, argiak eta jantziak: Pascal Rambert
Itzulpena eta bertsioa: Eneko Sagardoy eta Danele Sarriugarte
Antzezleak: Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoy
Zuzendari laguntzailea: Lucia Astigarraga
Eskerrak: Jordi Buxo eta Teatro Kamikaze

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara