LIBRO_HECHIZO DEL GROOVE


FACEBOOK

TWITTER

EMAIL

GOOGLE CALENDAR







LEKUA

Kondestable Civivoxa

HASIERA-DATA

13/09/2019

AMAIERA-DATA

13/09/2019

ORDUTEGIA

19:30

ARGIBIDE GEHIAGO

Irailaren 13an –ostiralarekin–, 19:30ean, El Hechizo del Groove liburua aurkeztuko da Kondestablearen jauregian. Egileak, Jaime Bajo Gonzálezek, groove estiloaren bihotzerako bidea egin du idazlanean, itxura eta edukia eman dizkioten bi protagonista handien ahotan. Groovea Afrikako sustraiak dituen musika-erritmoa da. El hechizo del Groove liburuak groove-musikaren funtsezko hogei pertsonaia gonbidatzen ditu irakurleari bizitza-ikasgai baliagarriak irakastera, esaterako hauek: Irma Thomas, George Clinton (Parliament-Funkadelic), The Impressions, Rubén Blades, Roy Ellis (Symarip), Benny Golson eta Mulatu Astatke.

Aurkezpena erakusketa bat izanen du osagai Kondestablen; Alacanteko Jaume Mira i Carbonell margolariak egindako hogei pieza paregabeak daude ikusgai, liburuan elkarrizketatutako hogei artisten isla direlarik. Margolan guztiak olioz eta/edo akrilikoz egin dira 51 x 60 cm-ko oholtxoetan; markoa eta guzti, hor daude nahi duenarentzat salgai. Erakusketa irailaren 14a arte bisitatzen ahalko da.

Beltza Weekend jaialdiak bere hirugarren edizioa ospatuko du irailaren 5etik 14a arte, eta jarduera zein gune ezberdin gehiago izanen ditu, musika beltza, soul-, blues-, R&B-, swing- eta boogie-musika ekartzeko eta ikusle-mota gehiagori iristeko. Edizio honetan, programak nazioartean ezagunak diren taldeen kontzertuak izanen ditu Zentralen, eta atari zabaleko emanaldi batzuk doan, Media Lunan; horrez gain, zinema- eta literatura-hitzorduak, erakusketa bat eta are haurrendako lantegiak ere bai.

Beltza Weekend-en edizio hau Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak eta jaialdirako antolatzaile-lanetan aritu diren Gautxoriak Soul Club elkarteko kideek. Ekitaldi nagusiak Zentraleko kontzertuak izanen dira, irailaren 13an –ostiralarekin– eta 14an –larunbatarekin–, 21:30etik aurrera. Ostiralekoan Aretha Soul Divas & The Silverbacks eta Roy Ellis & Mighty Megatons izanen dira. Kontzertuetako sarrerak salgai daude, 24 euroan. Larunbatekoan, aldiz, Michelle David & The Gospel Sessions eta Lee Fields & The Expressions izanen dira, eta sarrerak, 25 euroan. Bi egunetarako abonamenduak 42 euro balio du, gehi kudeaketa-gastuak. 16 eta 25 urte bitarteko gazteendako abonamenduak 25 euro balio du. Musikaze-n eskura daitezke (http://bit.ly/BeltzaWeekend2019).

Irailaren 12, 13 eta 14an, arratsaldez eta gauez, Alde Zaharreko hainbat lokaletan –esaterako, Nébula eta La Urbana– DJ-saioak izanen dira, horrela jaialdiaren eremua zabaldu eta entzule berriengana hurbiltzeko.

Irailaren 14an –larunbatarekin–, 13:00etan, The Allnighters taldeak ere joko du, oraindik zehaztu gabeko leku batean; R&B, soul eta bestelako musika beltzaren berotasunean sortutako euskal talde handietako bat da. Zuzenekoak eragin guztiak jasotzen ditu: harmonikaz lagundutako 50eko boogie-a, 70eko pub-rocka, 60ko soula eta R&B “coolena”. Gasteiztar horiek 1988an bildu ziren, eta, urte batzuk desagertuta eman ondoren, jatorrizko taldean berrelkartu ziren, Igu García Uriarte abeslari eta harmonika-jotzailea buru.

Jaialdiak haurrak ere erakarri nahi ditu, izan ere, musika hizkuntza unibertsala baita. Larunbaterako –12:00etan–, Kondestable Civivoxean La música de Braulia lantegi berezia prestatu da, bertaratutako haurrek musika entzun, ongi pasatu eta, aldi berean, irakurri ahala ikasteko. Brauliak, erraldoiak, ekitaldi ofizialetan jotak, baltsak, karrika-dantzak eta abar dantzatzen ditu, dultzaina eta danborraren erritmora. Baina protokolotik kanpo, arima, arima handia, duen musika atsegin du biziki. Lantegia doan da.