HIRIARTEA_LOGO


FACEBOOK

TWITTER

EMAIL

GOOGLE CALENDAR




IKUSI FOILETUA




LEKUA

Descalzos 72, kalea

HASIERA-DATA

07/03/2019

AMAIERA-DATA

08/04/2019

ARGIBIDE GEHIAGO

Hirugarren urtez jarraian, Iruñeko Udalak sormen artistikoko proiektuen urteko lehiaketarako deia egin du, bigarren edizioaren diru-kopuruak mantenduta 30.000 euro banatuko dituena, arte eszenikoak, plastikoak, musika, literatura eta ikus-entzunezkoak oinarri dituzten proiektuak sortu eta garatzeko.

Udalak guztira hamar bat proiektu saritu ahalko ditu, horietako hiru 35 urtetik beherako artistendako gordetzen badira ere. Halaber, sarietako bat euskarazko lan garaikide bat sortzeko izango da, hori txertatu ahal izateko Garaikide udal-programan. Puntuatzean berdinketa izanez gero, 35 urtetik beherakoek jasoko dute saria, oro har.
Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendari eta teknikariek osatuko dute epaimahaia, eta aurkeztutako proiektuak baloratuko dituzte, hiru irizpide orokor aintzat hartuta: proiektuaren interes artistikoa eta kulturala (gehienez ere 9 puntura bitarte); sortzailearen ibilbidea, kontuan izanda azken urteetan egindako sormen-lanak (4 puntura bitarte); eta proiektuak lurraldean izango duen eragina (2 puntura bitarte).

Interesdunek proiektuak aurkezteko epea apirilaren 8an bukatuko da. Lanak aurkeztu ahal dira Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorrean, erregistro osagarrietan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak adierazitakoetan.

Eskabidearekin batera, beharrezko agiri hauek aurkeztu beharko dira: sormen-proiektua, artistaren ibilbide profesionala, eta edizioari, ekoizpenari edo jendaurrean agertzeari buruzko aurreikuspenak.

OINARRI OSOA

1.- XEDEA.-

2019ko SORMEN ARTISTIKOKO PROIEKTUEN LEHIAKETA: Lehiaketaren xedea da sormen-jarduera sustatzea, horretarako laguntza emanda honako esparru hauetan garatutako sormen-proiektuei: arte eszeniko eta plastikoak, musika, literatura, ikus-entzunezkoak eta kulturako beste adierazpen artistiko batzuk. Halaber, xede du Iruñeko ekimen artistikoak sustatzea eta aipatutako arte-diziplina guztietako proiektuak bultzatzea, horiek garatu eta gauzatzeko, horretarako sari ekonomikoak emanen direlarik sormen faserako.

2.- SARI-MODALITATEAK.-

10 sari banatuko dira lehiaketan ari diren parte-hartzaile guztien artean.
3.- DIRU-ZUZKIDURA.-

Deialdi honi, gehienez ere, 30.000 euro esleituko zaizkio sarietarako, Udalaren Aurrekontuko honako partida honen kargura:

50/33401/480000

Sari hauek ezarri dira modalitate bakoitzerako, 2. klausulan adierazitakoaren arabera:
3.000 euroko 10 sari, proiektuen balorazioan puntuaziorik altuena lortzen duten proiektuendako, lehiaketa honetako 6. klausulan adierazitakoarekin bat.
Horietatik 3.000 euroko hiru sari erreserbatuko dira proiektuak aurkezten dituzten 35 urtetik beherako sortzaileendako.
Halaber, sari bat egongo da euskarazko lan garaikide bat sortzeko, hori txertatu ahal izateko Garaikide udal-programan.
Gazteria eta euskararen sari horiek merezi duenik ez bada, gainerako lehiakideen artean banatuko dira.
Sariei esleitutako diru-kopuruei dagokien atxikipena aplikatuko zaie, PFEZ dela medio.
4.- HAUTAGAIEN BETEKIZUNAK.-

Lehiaketan honako betekizun hauek betetzen dituzten PERTSONA FISIKOEK hartzen ahalko dute parte:

- Iruñean erroldatuta izatea proiektua aurkezten den datan, eta gutxienez urtebete jarraituko antzinatasunarekin. Lehiaketa honen instrukzio organoak ofizioz egiaztatuko du hala dela.

Pertsona fisikoak banakako proiektu batekin aurkezten ahalko dira, edo talde-proiektu baten partaide gisa. Azken kasu horretan, saria taldekide guztien artean hainbanatuko da. Hala ez izatekotan, banaketaren proportzioak jakinarazi beharko dira (portzentaje guztien baturak 100 izan beharko du).

Parte-hartzaile bakoitzak proiektu bakarra aurkezten ahalko du edo proiektu bakarrean parte-hartu.

Sormen-proiektuek originalak izan beharko dute, eta 2019. urtea amaitu aurretik burutu beharko dira. Amaitzean, sormen-fasean egindako lana aurkeztu beharko da, baina horrek ez du ezinbestean hura gauzatzea edo ekoiztea ekarriko.

Sormen-proiektuak honako alor hauetakoak (baina ez bakarrik) izaten ahalko dira:

Arte eszenikoak: Testu dramatikoak, obra koreografikoak, performanceak zein ezohiko lekuetan egindako esku-hartzeak sortzea edota garatzea.

Arte plastikoak: Honako espezialitate hauetako lanak sortzea edota garatzea: marrazkia, pintura, grabatua, eskultura, instalazioak, argazkilaritza, argazkilaritza-saiakerak, horma-irudiak, arte hiritarra eta performanceak.

Musika-arteak: Edozein musika-generotako obra-konposizioak sortzea edota garatzea.

Literatur arteak: Edozein literatur generotako lanak sortzea edota garatzea: ipuina, poesia, eleberria, haur literatura edo saiakera.

Ikus-entzunezko arteak: Gidoiak eta sormen-proiektuak sortzea edota garatzea, ikus-entzunezko obrak, dokumentalak eta fikzio zein animazio lanak egiteko.

Ezin izanen dira aurkeztu Udaleko beste deialdiren batean diruz lagundutako proiektuak.
5.- ESKABIDEAREKIN BATERA AURKEZTU BEHAR DIREN AGIRIAK, ZEIN EPETAN ETA NON.

AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK:

- SORTZAILEEN NANA.
- SORMEN-PROIEKTUA.
- ARTISTEN IBILBIDE PROFESIONALA.
- OBRA ARGITARATZEKO, EKOIZTEKO EDOTA JENDAURREAN ERAKUSTEKO PLANA.

Lanak helbide honetara bidali behar dira:

Iruñeko Udaleko Erregistro Orokorra (Kondestablearen jauregia, Kale Nagusia 2, behea) edo erregistro osagarriak (Descalzos k. 72, 2. solairua; Iratxeko monasterioaren k. 2, behea; Armada etorbidea 2, 5. solairua; Zapatería k. 40, behea; Eslava k. 1, behea).

Halaber, beste edozein bide erabiltzen ahalko da lanak aurkezteko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak aurreikusten dituenen artean.

Eskabideak aurkezteko epea deialdi honen laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina hasiko da kontatzen eta hilabetekoa izanen da. Hortaz, eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek NAOn zein egunetan argitaratu eta hurrengo hilabeteko zenbaki bereko egunean amaituko da, salbu eta egun hori baliogabea bada, halako kasuetan, hurrengo egun baliodunean amaituko baita epea. Muga-eguneko hilean ez bada hasierako egunaren baliokiderik, epea hilaren azken egunean bukatzen dela joko da.

Aipatutako epetik at aurkeztutako eskabideak ez dira onartuko.
Saririk jasotzen ez duten lanak Udalaren bulegoetan berreskuratzen ahalko dira, ebazpena argitaratu eta bi hilabeteko epean. Epe hori igarota, Udalak suntsitzen ahalko ditu jaso ez diren lanak, betiere ebazpenaren kontrako errekurtsorik aurkeztu ez bada.

6.- EPAIMAHAIA.-

Epaimahaia Iruñeko Udalak izendatu du, eta honako hauek osatuko dute:

- Epaimahaiburua Kultura eta Hezkuntzako Alorreko zuzendaria.
- Epaimahaikideak: Kultura eta Hezkuntzako Alorreko hiru teknikari.
- Idazkaria: Kultura eta Hezkuntzako Alorreko administrari bat.

Epaimahaiak honako irizpide orokorrekin bat baloratuko ditu aurkeztutako proiektuak:

1. Aurkeztutako proiektuaren interes artistiko eta kulturala (gehienez ere 9 puntu).
2. Sortzaileen ibilbidea (gehienez ere 4 puntu). Kontuan hartuko dira azkeneko urteetan egindako sormen-lanak.
3. Proiektuak lurraldean duen inpaktua (gehienez ere 2 puntu).

Berdinketarik izanez gero, 35 urtetik beherako sortzaileen proiektuak lehenetsiko dira.

Ezein kasutan ez dute saririk jasoko 1. atalaren balorazioan (proiektuaren interes artistiko eta kulturala) 5 puntu baino gutxiago jasotzen dituzten proiektuek.

Lehiaketaren azken edizioko irabazleek ezin izango dute saririk jaso.

Saria emateko proposamena organo eskudunari aurkeztuko zaio, hau da, Kultura eta Hezkuntzako Zinegotzi Ordezkariari, horrek proposamenaren gainean ebatz dezan. Modalitate guztietan, edozein sari eman gabe uzten ahalko da, baldin eta epaimahaiaren iritziz ezein lanek ez badu behar adinako meriturik edo kalitaterik.
7. DATU PERTSONALEN TRATAMENDUA.-

Iruñeko Udala da arduradun botere publikoez baliatuz diru-laguntza kudeatzeko eta saria emateko xedez erabiliko diren datu pertsonalez. Ez da daturik lagako legeak hala aginduta izan ezik. Eskubidea duzu datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko –zuzenak ez badira– eta horiek ezabatzeko Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia 2, 31001, Iruña) edo egoitza elektronikora joaz. Datuen tratamendu-zerrenda eta informazio osagarria www.pamplona.es webgunean kontsultatu ditzakezu.
Sari-banaketaren irudiak Udalaren webgune korporatiboan eta sare sozialetan argitaratu daitezke, eta hedabide ezberdinetan zabaldu daitezke.

8.- EBATZI ETA JAKINARAZTEKO EPEA.-

Ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izanen da, gehienez ere. Epea deialdi honen laburpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hortik aitzina hasiko da kontatzen.

Instrukzio-organoa lehiaketa hau kudeatzen duen Alorreko Idazkaritza Teknikoa izanen da.

Sariak emateko ebazpenak amaiera emanen dio administrazio-bideari, eta eskatzaileei jakinaraziko zaie, urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean aurreikusitakoarekin bat.

Baiezkoa bada, non argitaratu:

Nafarroako Aldizkari Ofiziala.
Iruñeko Udaleko Egoitza Elektronikoa.
Diru-laguntzen datu-base nazionalari jakinarazi, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 20. artikuluarekin bat.

Behin lehiaketa ebatzi eta gero irabazleei jakinaraziko zaie lehiaketaren behin-behineko ebazpen-proposamena, eta horiek onarpena bidali beharko dute hamar eguneko epean jakinarazpena jasotzen dutenetik. Epe hori igarota, saria ez onartutzat joko da. Sariari uko eginez gero, hobekien baloratutako hurrengo proiektuari emanen zaio.
9 – KONTUAN HARTU BEHARREKO BESTE BATZUK.-

Egile-eskubideaz bezainbatean: Lehiaketa honetan parte-hartzeak berekin dakar parte-hartzailearen zinpeko aitorpena, non proiektuaren egile legitimoa dela baieztatuko baitu.

Parte-hartzaileak aitortzen du berariazko baimena duela eta beharrezko eskubide guztiak dituela obra erabili, erakutsi, publikoki egin zein egokitzeko, eta horrela bermatuko da Iruñeko Udalak kalterik ez edukitzea hirugarrenek egin ditzaketen erreklamazioen aurrean.

Irudi-eskubideaz bezainbatean: Lehiaketa honetan parte hartzeagatik, parte-hartzaileek onespena ematen dute, irabazle izatekotan, haien izena eta proiektuaren izenburua eta sinopsia hedatzeko, Iruñeko Udalak edo horrek baimendutako beste erakunde batek ezartzen duen edozein modu, leku, formatu, euskarri zein bitartekotan, zehaztugabeko denboran, eta bazter geratuko da helburu komertzialak dituen beste edozein erabilpen.

Jabetza intelektualeko eskubideez eta erreprodukzio-baldintzez bezainbatean: Parte-hartzaileek, indarrean den legediarekin bat, eskubide guztiak gordeko dituzte sortutako obraren gaineko jabetza intelektualaz eta erreprodukzioaz bezainbatean.

Baldin eta proiektuaren hedapena jendaurrean egiten bada edota erakusten bada, Iruñeko Udalak emandako laguntza aipatu beharko da.

Irabazle bakoitzari 3.000 euro emango zaizkio, bi kuotatan, honela banatuta:

- 1. ordainketa, 1.500 eurokoa, saria onartzean.
- 2. ordainketa, 1.500 eurokoa, sormen-proiektua erabat garatuta aurkezten denean. Saritutako proiektuan aurreikusitako edukien garapen osoa jaso beharko du, hasieratik amaiera arte, barne hartuta material guztia, argazkiak, bideoak, etab.

Proiektu hautatuek laguntza eta aholkularitza jasotzen ahalko dute Kultura eta Hezkuntzako Alorreko teknikarien partetik proposamena garatzeko.
Irailean proiektuaren jarraipena egiteko bilera bat egingo da, Kultura eta Hezkuntzako Alorreko teknikariekin.
Behar izanez gero, proiektuek erabiltzen ahalko dituzte Huarte Arte Garaikideko Zentroko guneak eta baliabide teknikoak, zentroaren egoitza edo egonaldi artistikoen barruan baliabide horiek erabiltzeko aukera ematen den baldintza berberetan.

10.- ERREKURTSOAK.-

Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar parte-hartzaileek oinarriak onartu eta haiei men egitea.
Lehiaketa honen garapenaren eta oinarri hauen interpretazioaren inguruko gatazka oro organo emaileak ebatziko du.
Deialdi honen, oinarri hauen eta haiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen aurka errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

- Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den udal-organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

- Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

- Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

http://www.navarra.es/home_es/Actualidad/BON/Boletines/2019/46/Anuncio-57/