CIUDADELA_Mira T


FACEBOOK

TWITTER

EMAIL

GOOGLE CALENDAR







LEKUA

Ziudadela

HASIERA-DATA

06/08/2019

AMAIERA-DATA

06/08/2019

ORDUTEGIA

20:00

ARGIBIDE GEHIAGO

CIRC PANIC. MIRA T. Zirkua. Abuztuak 6, asteartea. 20:00. 3. agertokia (Lidia Biurrun aretoaren ondoan). Bizitzaren oreka hauskorraren gaineko erabakiak hartzea, zirt edo zart egin beharreko unean barruan izaten ditugun gorabeherak; horiei buruzko hausnarketatik abiatzen da Mira T ikuskizuna. Pistan, gizon bat eta balantza handi bat. Pisu eta kontrapisuekin jolasean, oreka-mugen bilaketa etengaberako bidaiari ekingo dio. Egituraren geometrian barnako bidaia hori barnerakoa ere izanen da, eta, hortaz, sinbolikoa. Nork bere burua behatzea da, eta besteen begiradapean egotea ere. Norberaren bakardadeari begiratzea, eta transzenditzea, hura pistaren erdian agerian utzita.

HARRESIETAKO JAIALDIA 2019 Ziudadelan Abuztuaren 1tik 21era. Kalearen ikuskizunak: Zirkua, dantza, antzerkia eta kontzertuak.  Iruñeko harresiak itxuraldatzen dira abuztuan: nagusitu egiten dira, agertoki natural paregabe bihurtzen hiriko uda-jaialdiaren barruko dantza-, musika-, zirku- eta antzerki-ikuskizunetarako.

PROGRAMA

ZIUDADELA

Abuztuak 6, asteartea.
ZIUDADELA.

21:00
2. agertokia (Arma Aretoaren ondoan)
BELATZA. ORHI
Musika
Belatza proiektuak Bidasoaren iparraldeko zein hegoaldeko hiru probintzietako lau musikari elkartu ditu: Ángel Unzu gipuzkoarra, Kike Arza nafarra eta Marie-Hélène Gastinel Maya eta Philippe de Ezcurra lapurtarrak. Belatza askatasunaren ikur da, eta hegaztiak nola, laukote honek askatasuna du sormen-eragile. Haien musika kode eta hizkuntza estilistikoez libre da. Kontzertu honetan aurkeztuko dute Orhi izenpean ondu duten lehen lana, zeinerako erroak hartu baitituzte inspirazio-iturri gisa, doinu garaikideak sortzeko.

Abuztuak 7, asteazkena.
ZIUDADELA.

20:00
1. agertokia (Harresietako horma-atala)
NUC. AIGUA
Dantza
Trikimako-dantza, akrobazia eta aire-dantzako ikuskizuna Ikusizko poesia elkartasunari, ingurumenari eta adiskidetasunari buruz. Gogoeta, lurretik 10 metrora. Planetan egin dugun bidearen metafora.
Unibertso distopiko batean, noragabeko bi arima lotsagabe eta egartsuk uraren zaindariarekin topo egiten dute. Kopeta ilun eta zango makurreko zaindari horrek bere bihotz erraldoia zabaldu beharko du, dantza eta irribarrea berreskuratzeko. Moralik gabeko arima mutiriek, berriz, behar bezala portatzen ikasi beharko dute. Hirurek dituzte behar-beharrezkoa bai ura bai bizitzen ikastea. Istorio honetan, dena dago mugimenduan, kulunkan, batetik bestera zabuka, itsasontzi batean bezala. Sistema, emozioak, sentimenduak… ura bezalakoak dira. Lan fina, norbera zein ingurunea zaintzen ikasteko eta harmonian gozatzeko.

21:00
2. agertokia (Arma Aretoaren ondoan)
LA SHICA eta DIDI GUTMAN. SHICA & GUTMAN
Musika
Shica & Gutman ez da detektibe-sail berri bateko izenburua, baizik eta proiektu berri baten izena, La Shica-ren (Elsa Rovayo, Ceuta, 1976) eta Didi Gutman-en (Diego Gutman, Buenos Aires, 1968) elkartze eder eta exotikoaren emaitza. La Shicak erroak dakartza, eta Didi Gutmanek beat eta hotsez laguntzen du. Biak ala biak korapilatzen dira zalantzarik gabe esatekoa ekarriko duen nahasketa batean.
La Shica flamenko, rock, funk, rap eta abarren arteko mestizajean hazitako abeslari eta dantzaria da, bi Musika Sariren irabazlea eta agertoki gainean garatzen duen hizkuntza atipikoarengatik ezaguna.
Didi Gutman musikari, teklista, konpositore eta ekoizle argentinarra da; zenbait Grammy eskuratu ditu, eta genero elektronikoan zein popean egindako esku-hartzeengatik da ezaguna. Nazioartean Brazilian Girls, Meteoros eta Masa taldeetako kide izateagatik nabarmendu da.
Luz, Adela tiene un Cuchillo, La Noche eta Fondona kantuek, besteak beste, iberiarraren eta elektronikoaren arteko uztarketa islatzen dute, umorez, pasioz, dantzaz, psikodeliaz eta malenkoniaz josirik. Agertokian, La Shica (ahotsa eta dantza) eta Didi Gutman (teklatuak eta oinarri elektronikoa) Roberto Gutiérrezekin batera (gitarra) izanen dira.

Abuztuak 8, osteguna.
ZIUDADELA.

20:00
2. agertokia (Arma Aretoaren ondoan)
MASTRETTA EN FAMILIA. ¡Viva la música!
Musika
Ikuskizun paregabea familia osoarentzat, Mastretta markapean, haur zein helduengan jakin-mina piztuko duena, hizkuntza berri eta unibertsal bat artikulatzeko aukera txundigarriaren bidez.
Orkestra berezi honek esperientzia musikala ardatz duen proposamen interaktiboa dakarkigu, zeinak bide emanen baitie haurrei interpretari, orkestra-zuzendari eta dantzari inprobisatzaileak izateko.
Musikariak: Nacho Mastretta (klarinetea), Coke Santos (bateria eta perkusioa) eta Marina Sorín (txeloa eta fonofidela).

22:00
1. agertokia (Harresietako horma-atala)
EIA. IN TARSI
Zirkua
Egitura txiki batzuk, jauzi-ohol bat, baskula bat eta lau gizon…
Elkar behatzen eta ikertzen duten lau akrobata, elkar jo eta jaurtitzen dutenak; horrela eramaten gaituzte beren bidaia metaforikora: berrelkartzeak, norgehiagokak, balentriak, erorikoak, botere-hartzeak, limurtzeak, manipulazioak. Giza harremanen isla diren bizi-puskez egindako “intarsioa”. Etengabe mugitzen ari den zirkua, ikuskizun ahaltsua, poetikoa, dibertigarria eta gizatiarra, maitasun zintzoa piztuko duena pizti arrotza den gizakiarekiko.
2017ko MAX Saria ikuskizun berri onenari.

Abuztuak 13, asteartea
ZIUDADELA.

20:00
1. agertokia (Harresietako horma-atala)
MUMUSIC CIRCUS. FLOU PAPAGAYO
Zirkua
Hiru pertsonaia sentibera eta kaotiko bueltaka eta bultaka ari dira betiereko zirku-pista unibertsal batean, emozioak partekatuz bidaia xelebre honetan, non zuzeneko musikak zein ahotsak, dantzak, gorputz-antzerkiak, funanbulismoak, irristagailuek eta ile-zintzilikatzeak bat egiten baitute.
Flou Papagayo zinezko gorazarrea da kolore anitzeko arimari, barnean daukagun papagai hori aurkitzearen premiari; izan ere, papagai hori barruan izaten dugu, urduri, beti aditzera eman nahian, uluka, bizitza-ibilbide eszenikoari eusten diolarik, legerik eta koderik gabe.

21:00
2. agertokia (Arma Aretoaren ondoan)
MAUI. Por arte de magia.
Musika
María Luisa Ramírez Madrilen finkatutako Utrerako artista da, Maui, artearentzat; eta Por arte de magia haren lan berria –eta bosgarren diskoa– aurkeztuko du. Ezagun diren etiketa orotatik urrun, Utrerako Björk, flamenkoaren Lady Gaga, abestiaren Woody Allen, konpas-umorearen diva, kantaktorea eta abar dela entzun da hari buruz. Baina Maui da, besterik ez, bakarretan bakarra, emozioak barretik imurtxira babesten dituzten istorioak bilbatzen dituen emakumea, bere kabuz poesia, konpasa, antzerki-jitea, umorea eta xarma hutsa uztartzeko gai dena.
Artistak: Maui, ahotsa eta biolontxeloa. Daniel Melón, gitarra. Manu Masaedo, perkusioa. Fernando Lamadrid, baxua.

Abuztuak 14, asteazkena
ZIUDADELA.

20:00
1. agertokia (Harresietako horma-atala)
LA TROCOLA CIRC. EMPORTATS
Zirkua
La Trócola Circ objektuen ikerketan oinarritutako ekoizpenak egiten dituen zirku-konpainia da. Berrikuntzaren aldeko apustu irmoa eginez hainbat hizkuntza miatu eta taularatzen dituzte.
Emportats ikusle ororendako zirku-ikuskizuna da, hainbat diziplina uztartzen dituena: akrobazia, malabarismoa, musika eta objektu-lana (ateez). Ikusizkoarekin eta ikusezinarekin jolasean, musika-, umore- edo poesia-hizkuntza erabiliz, irudi eta ideia orijinalak sortzen dira, eta horien estetikak zentzumenetarako bidaia erakargarri batean murgiltzen ditu ikusleak.

21:00
2. agertokia (Arma Aretoaren ondoan)
CON X THE BANJO. El epicentro
Musika
El Epicentro Con X The Banjo taldeak kaleratu duen azken EPa da. Pepo López ekoizlearekin grabatutako lana da, instrumentuen eta ahotsaren hartualdi bakarra egiteak ematen duen indar eta freskotasunaz grabatutakoa ere, haize-atal bat eta gitarra estra txertatzen dituena.
Con X The Banjo 2014ko amaiera aldera sortutako rock & roll taldea da. 2015ean, Burgosko Unibertsitateko UBULIVE talde-lehiaketaren VI. edizioa irabazi zuten, eta horrek bide eman zien lehen EPa grabatu eta hori altzoan 2016ko Sonorama Ribera jaialdira joateko. Bertan talde berririk onena izan zen. 2017an, lehen CDa kaleratu zuten, Pepo Lópezek ekoitzia eta El placer de sobrevivir izenburupean.
Lanen kalitateari esker, Radio 3 irratiaren kontzertuetan jotzeko hautatu dute taldea, talde independente gisa hasiberriak besterik ez diren arren.
Musikariak: Alejo Huerta (gitarra eta ahotsa), Luis Pérez-Nievas (baxua eta koruak), Andoni Zubiría (bateria) eta Germán San Martín (teklatuak eta koruak).

Abuztuak 15, osteguna
ZIUDADELA.

19:30 eta 21:00
LORATEGIAN ZEHAR, IBILTARI
BRASS BAND
IRUÑA JAZZ BRASS BAND.
Musika
Iruña Brass Band taldeak errepertorio zabala dauka eskaintzeko: batetik, musika tradizionala, eta bestetik, halako taldeek New Orleanseko estiloarekin bete-betean bat eginik darabiltzaten joerarik berrienak: groove, swing, funk, soul…. Ziudadelako Harresitako jaialdiaren barruan, Iruña Jazz Brass Band-ek “second line” estiloko kalejira egingo du, zirku-ikuskizunaren aurretik eta ostean, guztira 90 minutukoa, gutxi gorabehera.

20:00
1. agertokia (Harresietako horma-atala)
UP ARTE. AUREO
Zirkua
Áureo zirku-ikuskizun dinamiko eta entretenigarria da, hainbat zirku-diziplina, akrobaziak, akrobazia-porteak, bankina, barra finkoa, bara errusiarra eta malabarismoa ez ezik, eszenografia osatzen dituzten objektuen manipulazioa ere uztartzen dituena. Ikuskizun honetan hasi eta bukatu arte arituko dira barrekin elkarreraginean, irudi perspektibadunak sortuz. Ikusle mota orori zuzenduta, Áureok espazioaren estetika baliatu nahi du, teknika bikainaz eta berezko giro batean baliatu ere, erakargarri izateko; eta, baita ere, ikusleengan piztu nahi du gorputz eta barren mugimenduaren atzean irribarrea eragiten dien zerbait dagoelako sentipena.

Abuztuak 17, larunbata
ZIUDADELA

21:30 – 00:00
ZONBIEN INBASIOA
Erne! Zonbiak, Ziudadelan. Gainditu probak, ihes egitea lortzeko. Gozatu misterioz beteriko beldurrezko gau batez. 12 urtetik gorakoentzat. Dinamizatzaileak: Factoría de misterio y terror eta Teatro en la Chácena. Izen-ematea: Gaztediaren Etxean (Zangoza k., 30), ekainaren 14tik 29ra, eta uztailaren 15etik, hutsik geratutako lekuetarako. NANa aurkeztu behar da. Sarrerak: 5 € INFO +: 948 233 512 casajuventud@casajuventud.com

Abuztuak 20, asteartea
ZIUDADELA.

20:00
3. agertokia (Lidia Biurrunaren Aretoaren ondoan)
KOLEKTIV LAPSO CIRK. OVVIO
Zirkua
OVVIO adin guztietako ikusleendako zirku-ikuskizuna da, areto batean taularatzeko sortu izanagatik ere kanpo-inguruetara egokitu daitekeena. Elkarren aurkako bi nortasunen arteko topaketa da, baina biek dute barne-barnean gauza bera: arrisku-beharra, fisikak eta ustekabeak gu akabatu aurretik noraino heltzeko gai garen aurkitzeko premia ikaragarria. Non dago erorikoaren aurreko perfekzio-une hori? Taula gaineko bi pertsonaiak beraiek sortutako jolasean murgiltzen dira, gogotsu eta eskuzabaltasunez, gizatasuna, beren beldurrak eta elkarrekiko sentimenduak ezkutatu gabe. Haiek ere ezin dute imajinatu noraino eramanen dituen jolas honek.

21:00
2. agertokia (Arma Aretoaren ondoan)
ALOS QUARTET eta AMAIA ELIZARÁN
Musika
Alos Quartet hari-laukoteak prestatutako disko berriaren aurre-estreinaldia, baxuaz eta perkusioaz lagundurik, eta zuzeneko dantza-garaikideaz, Amaia Elizaránen eskutik.
Alos Quartet 1999an sortu zen. Hala musika klasikoan nola modernoan arte-ibilbide luzea duten musikariek osatzen dute. Euskadiko Gazte Orkestra, Euskadiko Orkestra, Espainiako Gazte Orkestra Nazionala eta izen handiko beste orkestra batzuekin batera ibiltzeaz gain, taldekideek Oskorri eta Benito Lertxundi lagundu dituzte kontzertuetan. Haien errepertorioak askotariko musika-estiloak hartzen ditu barne, klasikoa eta garaikidea, besteak beste. Amaia Elizarán dantza-konpainia 2015ean sortu zen, ohiko guneetarako edo bestelakoetarako norbere koreografiak sortzearen bidez inprobisazio-hizkuntza propioa ikertzeko premiak hartaraturik. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa eta elkarlana izan ditu. 2017an, haren Block proiektuak irabazi zuen KARRIKAN plataformaren laguntza-programa.

Abuztuak 21, asteazkena
ZIUDADELA.

22:00
1. agertokia (Harresietako horma-atala)
AMAIERA
BIVOUAC. PERCEPTIONS
Perceptions iruditeria kuantikoaren barrenerako bidaia da, infinituki handiak eta infinituki txikiak bat egiten duten tokira. Ekuazioak 360º-ko grabitazio-egitura batean mugitzen dira, ikuskizunerako L’Oculaire izenpean diseinatutako tramankulu batean. Artistak eta oinarrizko partikula ezezagunak dimentsio paraleloko espazio eta tenporalitate erlatiboan barna mugitzen dira. Inkontzientea, emozioak, sentipenak eta ametsak iratzarriko dituzten bestelako errealitateekin amets egiteko gonbita da.
“Okularioaren” bidez egindako aire-dantzek gogora ekartzen dituzte Soken teoria, zeruko gorputzen errotazioa, zintzilik dauden partikulak, bizia materializatzeko saiakera, ezezaguna eta ikusezina. Perceptions formatu handiko ikuskizuna da, Bivouac konpainiak eszenografia monumental eta orijinal batean eta ikuskizunerako berariaz prestatutako argi- eta musika-instalazioaz egiten duen bosgarrena. Partitura ordenagailuz sortu da, eta pianoak lagunduko dio, zuzenean. Filmetan istorioak kolorez eta indarrez hornitzen dituzten JSBen eitea dauka, horietan ere isiluneek berebiziko garrantzia dutelarik. Artistak: Maureen Brown, Benjamin Lissardy, Silvana Sanchirico Barros, Samuel Rodrigues eta Vanessa Petit.