EXPO_BURGOS MEDIEVALES_sello_miniado_privilegio


FACEBOOK

TWITTER

EMAIL

GOOGLE CALENDAR







LEKUA

Kondestable civivoxa

HASIERA-DATA

28/03/2019

AMAIERA-DATA

07/04/2019

ORDUTEGIA

9:00 - 14:00 y 17:00 - 22:00.

ARGIBIDE GEHIAGO

Kondestablearen jauregiak hartuko du ‘Gatazkak eta adostasunak burguen Iruñean (XII – XV. m.)’ izenburupeko agiri-erakusketa, non Batasunaren Pribilegioaren aurretiko mendeetako giza kokaguneen historia jasoko baita, eta beraz, Erdi Aroko hiriaren sorreraren berri eman. 27 agiri dira, 8 beira-arasatan paratuak, eta 1129tik 1434ra arteko garaia hartzen dute barne. Hainbat hizkuntzatan idatzirik daude (latina, okzitaniera, nafar erromantzea eta gaztelania), larrukietan den-denak, eta zenbaitek zigiluak dituzte, argizari berde, gorri edo zurikoak zein berunezkoak, eta Gaztelako Errege-erreginen Kantzilertzaren adibide gisa, “pribilegio gurpilduna”, neurri handiko zigilu miniatuaz. Erakusketa Kondestablearen jauregiko areto gotikoan egongo da zabalik, astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara.

BISITA GIDATUAK: Bisita gidatuak martxoaren, 28an eta 29an, ostegunarekin eta ostiralarekin,12:00etan, 18.30ean eta 20:00etan.

Agiri horietako gehienak ez dira sekula erakusgai paratu. Erakusketa hau Erdi Aroko ia 300 larruki oinarri hartuta iaz abiatu zen artxibo-lan prozesuaren azken zatia da. Hilabete hauetan, Iruñeko Udal Artxiboko teknikarien zuzendaritzapean eta hainbat arlotako adituekin elkarlanean (larrukien kontserbazioa, identifikazioa, deskribapena, digitalizazioa, hedapena, etab.), agiriak deskribatu dira, kontserbazio- eta instalazio-jarduketak egin zaizkie, eta orain digitalizazio-prozesuan daude.
Bildumaren garrantzia islatzeko agirien sorta bat jarri da erakusgai, horien artean 1287. urteko larruki bat, San Nikolaseko biztanleak eta San Zernin burgua batu zirenekoa, Nabarreriaren suntsipenaren ostean. Nafarroan lehen aldiz, agiri batean ezartzen da artxibo (“arca”, hots, kutxa) baten beharra, non hiriaren funtsezko agiriak gordeko baitira (larrukiak eta horiek baliozkotzeko zigiluak), eta, baita ere, bertarako sarbide-sistema baten beharra (kutxak “lau sarraila” izan beharko ditu, eta horietarako bi giltza San Nikolaseko zinpekoen esku egongo dira, eta bi San Zernin burguko zinpekoen ardurapean). Hori horrela, erakusketan aditzera ematen da oraingo artxiboaren zein bertako zereginen jatorriek bat egiten dutela Erdi Aroko Iruñearen lehen batasunaren jatorriarekin.