EscuelaArte_CatalinaOscariz


LEKUA

Catalina de Oscáriz Arte Eskola

HASIERA-DATA

01/10/2017

AMAIERA-DATA

31/12/2019

ORDUTEGIA

Astelehenetik ostiralera: 17:00 - 21:00.

ARGIBIDE GEHIAGO

Iruñeko Udalak 1827an sortu zuen lehendabiziko Marrazketa-eskola. Aldi berean, Diputazioak Matematika-katedra bat inauguratu berri zuen. Bata bestearen osagarri izan ziren, eta eraikina partekatu zuten, lehendabizi kale Nagusiko 80.ean, eta 1837tik aitzina, San Frantzisko komentua izandakoan.

Arte eta Lanbide Eskola 1873an inauguratu zen. Udalak eta Diputazioak arte-irakaskuntzak bateratzea erabaki eta marrazketa-eskola eta Diputazioaren Iruñeko Institutu berria uztartu zituzten. Horiek horrela, egoitza Merkataritza Eskolan –orain Nafarroako Gobernuko Kultura saileko egoitza– eta San Frantzisko Eskolan zegoen. Azken horretan irakasten ziren arte-irakasgaiak, hala nola marrazketa, igeltsu-lanketa eta modelaketa zein hustuketa. Arte eta Lanbide Eskolaren xede nagusia zen bultzada ematea espiritu artistiko eta industrialari, hartara lortuz interesa piztea artearen inguruan, oro har, eta sektore profesional jakin batzuk garatzea.

1890ean ikastetxeak aro berri bati ekin zion, Alondegi eraikinera lekualdatu baitzen. Bertan bizi izan zituen Eskolak unerik gorenak, izen handiko irakasleak eta irakaskuntzen kalitate bikaina lagun. Prestakuntza ematen zen arotzeria, sarrailagintza, zurgintza, zur- eta harri-lanketa, ebaketa eta jantzigintzan. Ikasleak Nafarroa eta Espainiako leku desberdinetatik etortzen ziren. Baina 1917an Diputazioak Eskolari babesa emateari utzi zion, eta zailtasun handiko garaiak hasi ziren orduan.

Gerra zibilaren ostean, inguruabarrak gora behera, Eskolak bere jardunari heldu zion, eta jarraitu zuen hiriko bizitzan agertzen, urtero egiten ziren Arte Azoka izeneko erakusketen bidez. Berrogeiko hamarkadan, urtero, uztailean, ekitaldi-aretoan erakusten ziren artisau-lanak, industria-arteak, argazkiak eta pinturak. Muro Arriza, Luis Andreu eta batez ere Gerardo Sacristan artista eta irakasleen eskutik hasi zituzten beren ibilbideak honako hauek: Elías Garralda, Pablo Goñi, Jesús Lasterra, Gloría Ferrer, Ignacio Cía, Javier Viscarret, Salvador Beunza, Francisco Buldain, Jose Antonio Eslava eta Pedro Manterola.

1947an Estatuak Lanbide Heziketa sortu zuen, baina Eskola ez zen horren barruan sartu eta bere estatusari heldu zion, udal-ikastetxe gisara. Berrogeita hamarreko hamarkadatik aurrera, gainera, zeramikagintza txertatu zuten hezkuntza-eskaintzan.

1965ean, Alondegiko eraikina eraistearekin batera, San Frantzisko eskolara itzuli zen, bai eta Compañía kalera ere, toki faltagatik. Iruñean ez zegoenez arte-diziplinak lantzeko berariazko ikastetxerik, denontzat ezagun diren artista hauek beren lehen urratsak emateko gune bilakatu zen eskola: Juan José Aquerreta –2012ra arte irakasle ere aritu zen–, Pello Azqueta, Isabel Ibañez, Patxi Idoate, Joaquín Ilundain, Javier Morrás, Pedro Osés, Joaquin Resano, Mariano Royo, Alfredo Sada, Pedro Salaberri, Javier Zudaire…Horiek guztiek Salvador Beunza, Jose María Ascunce eta Isabel Baquedano izan zituzten irakasle.

Haatik, gizarte-eskaera berriei egokitzea beharrezkoa zen. Eguneratzeko lehenengo pausoa izena aldatzea izan zen. 1969an, lege-dekretu bidez, Arte Aplikatuen eta Arte Lanbideen Udal Eskola izena hartu zuen. Bigarren pausoa 1972an etorri zen, Amaia kaleko behin betiko egoitzara lekualdatuta. Eskola berriak irakaskuntza hauek eskaintzen zituen aldi berean. Batetik, Estatuaren pean zeuden Zeramikagintza eta Barne Dekorazioko Lanbide Heziketako zikloak, eta, bestetik, Udalaren Ikastaro Monografikoak: Marrazketa, Pintura, Etxe Dekorazioa, Frantsesa, Mekanografia eta Kontabilitatea.

1990eko LOGSE hezkuntza-aldaketak eta haren ondorioek buru eman zioten elkarbizitza luze eta emankor horri. Hartara, 2003an, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak eta garai hartan Iruñeko Udaleko Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Alorra zenak erabaki zuten ikastaro monografikoak eramatea Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen Eskolatik –egun Arte Eskola– José Vila eskolara.

Orduz geroztik 14 urte igaro dira, eta eskola berriak –Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Udal Eskola du izena– badu liburutegi txiki bat, eta lau urtean behin erakusketak egiten ditu. Eta gainera, marrazketa eta pinturako ikastaro monografikoei jarraipena eman die, eta hiruhileko lantegiak sortu ditu.