jorgemartinezuharte


FACEBOOK

TWITTER

EMAIL

GOOGLE CALENDAR




IKUSI KATALOGOA




LEKUA

Ziudadelako Labea

HASIERA-DATA

31/10/2019

AMAIERA-DATA

15/12/2019

ORDUTEGIA

asteartetik ostiralera, 18:30-21:00, larunbatak, 12:00-14:00 eta 18:30-21:00, eta igandeak, 12:00-14:00.

ARGIBIDE GEHIAGO

Ziudadelako Labean egongo da ikusgai jorgemartínezuharte artistaren ‘Argazkiaren xarma apala’ erakusketa, Urriaren 31tik abenduaren 15a arte. Erakusketak instalazio bat dauka erdian, Laberako berariaz pentsatua.

Argazkiaren xarma apala. jorgemartínezuharte.

Erakusketaren izenburuak argazkilaritzaren eta burgesiaren artean proposatzen duen nahasketa hori interesatzen zait –noski, Luis Buñuelen Le charme discret de la bourgeoisie filma gogora ekarriz–. Ez dute antzik, ez argumentuan, ez estetikan edo filosofian; besterik gabe, Buñuelek bere filmari izenburua jartzeko pentsatutako esaldiak euskarria ematen dio nire proposamenaren ideiari. Azkar irakurtzean jatorrizko izenburuarekin sortutako nahasketak –horrelakorik balitz– artelanak proposatutako kontzeptu-keinuari egiten dio ekarpena.

Argazkigintza sormen-hizkuntza gisa erabiltzen duen artistarentzat egungo argazkigintza –gehienbat– burgestua da, kontserbadorea eta batere lagungarri ez den espekulazio-kutsukoa. Kolektiboek, elkarteek, argazki-proiektuek, autoargazkigintzak, argazki-liburuen modak eta argazki-erreportarien intentsitateak, argazki-esperimentaziorako guneekin batera, immunitate-sistema ernatzen didate. Ekoizpenak nagusitzen diren esparruan, aspalditik egiten ditut kostu baxuko artelanak.

Argazkigintza, ez erreprodukzio- eta kopiaketa-sistema gisa, hizkuntza gisa baizik. Egiten ditudan piezak bakarrak izan ohi dira. Argazkiaren xedea dena nahiz hori nola eta non kokatu axola zait bereziki. Eskala, materialak eta ikuslearekin sortutako harremana ezinbestekoak dira. Izaera metaforikoa, ironikoa edo zuzenean axolagabea –ezer ez izatear, ezer ez esatear, pasadizo hutsa lehenestear– funtsezko alderdiak dira. Artelanak birtualki birsortzea eta katalogo edo bitarteko digitaletan sartzea ez zait batere interesatzen. Ordezkaezina iruditzen zait artelanei begira egoteko bizipen fisikoa, artistak sortu eta muntatu dituen bezalaxe, hots, aurre egin eta deskodetzeko unean.

Horrela sortutako zirrararen zein espazio- eta denbora-tentsioaren alde egiten dut apustua. Bertaratu ezean, galtzen duzu; hau ez da streaminga. Ez dago bigarren aukerarik.
Egungo laztasunak, gizarte-ezaxolak eta prekaritateak zailtzen dute lana koherentziaz eta etengabe erakustea. Artistek kostu handiz bakarrik erdiesten ahal duten eta oso jende gutxiren interesekoa den zerbait sortzeko egindako ahaleginak sormen-ekintza suizida bihurtzen du, errentagarritasunaren eta zentzu praktikoaren aldetik –hau nagia hau, zentzu praktikoa–.
Neurea erresistentzia- eta militantzia-ekintzatzat jo behar da.

Argazkiaren xarma apala
Erakusketa bi piezak osatzen dute. Bata, erdian, areto gisa eraikitako harresi biribila da, eta argazki-irudi bat dauka barruan –begiluzeengandik babestua (1)–. Asmoa jendea inguruko korridore batetik bideratzea da, artelanaren barnealdera sartu ahal izateko.
Teknikoki mespretxatu dira argazki digitalaren hiperrealitatea, horren asetasuna, kontrastea eta itzalak argiztatzeko joera gaiztoa, goiko tarte dinamikoa delakoa –nik ez dut goiko tarte dinamikorik, itzalak eta kontraste baxuan ñabartutako irudiak nahiago–. Saioa oso azkar egin zen eta konposaketa digitaleko software batez eraiki zen, horma-irudiko atalak era automatizatuan batzeko. Euskarri gisa zurezko industria-osagai aurrefabrikatuak erabili dira, altzairu ilunduzko bisagraz batuak.

Bigarren artelana garaiko –gutxi gorabehera 40ko hamarkadako– argazki baten jabetzea da, egilea anonimoa da eta argazkia antikuario batetik berreskuratu zen. Ideia 90eko hamarkadan egin nuen parodia-sorta berreskuratzea da, jabetza intelektualaren eskubideak zalantzan jartzen dituena. Egile ospetsu baten artelana imitatzean datza, eta sinaduran akats bat egitean –Asiako lehen kopien erara, nikon/nokin delako estrategia berbera erabiltzen baitzuten, lege-arazoak saihesteko–. Hemen argazkia izen handiko bilduma batean –Nafarroako Unibertsitateko museoan– egonen balitz bezala egin da.

Argazkia ikusi nueneko zirrara gogoan daukat, antikuarioaren paretan zintzilik, zikin, hautsez beteta eta gauza-pila batez inguratuta. Une horretan, berez, Martín Chambiren argazkiak gogorarazi zizkidan, eta berehala, Juan Manuel Castro Prietoren proiektua. Lantaldean Joan Fontcuberta sartzea ere berez sortu zen. Fernando Castro Flórezekin, onartu beharra daukat, literatur lizentzia hartu nuen; horren ongi jotzen zuen, ezen ezin izan bainuen tentalditik ihes egin.

Argazkia kopia fotokimikoa da zuri-beltzean eta luxuzko formatuan –gerra ostekoa izateko–, eskuz argiztatua eta garai horretako jatorrizko urrezko molduraz.
Izenburua Goi-lautadako jaunartzea da, Peru, eguzkirako bidaia erreportajearena. Juan Manuel Castro Pietrok egindako argazkia, Joan Fontcubiertak pentsatua eta Fernando Casto Flórezek komentatua.
Nafarroako Unibertsitateko Museoaren bilduma iraunkorrerako artelana.

Komisarioak / Kuradoreak:
Ignacio Albizu, Alfonso Ascunce, Raquel Azqueta, Jesús Cía, Myriam Esparza, Pachi Ezquieta, Eva Gómez, Beatriz Iribarren, Úrsula Koller, Andrés Lameiro, Celia Martín, Mireya Martín, Julia Martínez, Violeta Martínez, Roberto Martínez, Paco Polán, Dicky Recalde, Zuriñe Recalde, Germán Salvador, Pilar Salvador eta Nikolas Ziganda.

(1)- Hor nonbait zebiltzan bisitariak direlakoak. Irristailuz, bizikletaz, futbol-baloiz eta bestelako kirol-tramankuluz hornituta, ustekabean, nahasita, aspertuta edo galduta, sartzen dira Ziudadelako aretoetan, eta hitz adierazkor hauek murmurikatuta atera: Uf!!! Hau artea ote da?