SF18_SANFERMIN_SANTO


LEKUA

Udaleko plaza

HASIERA-DATA

06/07/2019

AMAIERA-DATA

14/07/2019

ORDUTEGIA

12:00

ARGIBIDE GEHIAGO

2019ko sanferminetako programa ofizialak askotariko 496 hitzordu ditu, adin guztietan jaiez gozatzeko. Uztailaren 6tik 14rako 40 kontzertu, 33 dantzaldi, kaleko 144 musika-emanaldi, 7 banda-emanaldi eta eskualdeetako 49 dantzaldi zein musika-emanaldi daude prest. Haur eta familiendako 162 ekitaldi, ikuskizun eta jarduera egongo dira; baita ere, herri-kirolekin 8 hitzordu, 11 antzerki eta 3 erakusketa, 8 dianez eta 8 entzierroez zein zenenekin zerikusia duten 34 ekitaldiez gain.

Haurrendako eremuak handitzen dituen programa da, Media Lunako kirol anitzeko guneak jarduera gehiago dituela; Foruen plazako gazte-eremua errotzen da, eguneroko programazioaz; eta jaietako ikuskizun jendetsuenetako baten aldeko apustua dago: su artifizialak, nazioarteko hitzorduz, eta horietako asko emakume piroteknikarien eskutik.
Ohikoa denez, sanferminetako egutegian egun seinalatuak egongo dira: 8an, astelehenarekin, Baionaren eta Hiri Senidetuen Eguna; 10ean, asteazkenarekin, haurren eguna; eta 12an, ostiralarekin, zaharren eguna.
Udalak programaren 10.000 ale elebidun inprimatu ditu, uztailaren 2tik –asteartetik– salgai egongo direnak, 2 euroan, liburu-dendetan, Turismo bulegoan zein tonbolan. Ohikoa denez, programaren bertsio tolesgarriak egongo dira euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, eta alemanez (63.000). Aurten, berritasun gisa, Udala hainbat erakunde eta elkarterekin elkarlanean aritu da programa zenbait kolektiborendako irisgarria izan dadin, eta hainbat euskarri eta formatutan editatu du. Horrela, CERMINekin elkarlanean, bideoa azpitituluez eta gorrendako zeinu-hizkuntzan editatu da; ikusmen-desgaitasuna dutenendako egokitutako aldaera egin da, Nafarroa Retina elkartearekin elkarlanean; eta braille idazketa-sisteman ere editatu da, ONCE Nafarroarekin elkarlanean. Aldaera guztiak sanferminoficial.com webgunean daude eskuragai, baita elkarte kolaboratzaileen bidez ere.
Gainera, programan, lehen aldiz seinalatzen dira desgaitasun fisikoren bat dutenentzat egokituta dauden kaleko emanaldi-guneak. Desgaitasunen bat dutenentzat gordetako lekuak daude Foruen plazan eta Gazteluko plazan, jai inklusiboen alde lanean jarraitzeko.
Programaren diseinuari dagokionez, aurten Marisa Mantxola diseinatzailearen lana da. Diseinuak tipografiaren eta irudiaren arteko elkarrizketa erakusten du, jaietako keinu txikiak eta une ezaguterrazak jasotzen dituzten collageak oinarri. Irudiak egunen zenbakiek eta jatorrizko testuingurutik aterata berrerabilitako argazkiek osatzen dituzte. Helburua nork bere erara ulertzea da, nork bere jaia iradokitzeko pizgarri bezala erabil dezan. Gotham familiakoa eta Bauer Bodoni dira erabilitako tipografiak, biak argiak, irakurterrazak eta “adeitsuak”, diseinatzailearen beraren hitzetan. Maketazioan erabilitako koloreak gorria, horia, beltza eta zuria dira.

Txikiendako gune gehiago
2019ko sanferminetako programak Askatasun plazako eta Taconerako haurrendako aisia-guneak berreditatzen ditu, eta Media Luna parkeko kirol anitzeko eremua handitzen du. 2018ko lehen edizioaren arrakastaren ostean, aurten parte hartzen duten federazio-kopurua 11tik 18ra igaro da. Hona hemen aukerak: xakea, atletismoa, badmintona, eskubaloia, kirol egokituak, esgrima, futbola, gimnastika, golfa, hipika, padela, euskal pilota, piraguismoa, arraunketa, taekwondoa, arku-tiroa eta herri kirolak. Jolas-eremu nagusia Media Luna parkeko lubanarroetan badago ere, jarduera batzuk San Bartolome Gotorlekuan eta Jito Alai pilotalekuan (Labriteko atzealdean) izango dira. Gainera, piraguismoa Caparrosoren errota udal-instalazioan egingo da. Jarduerak irekiak, doakoak, anitzak eta integratzaileak dira, 8 eta 14 urte bitartekoentzat, eta kolaboratzaileak diren kirol-federazioetako begiraleek ikuskatuko dituzte.
Vistabellan hirugarren urtez irekiko da Birjolastu, berrerabiltzea oinarri duen haurrendako jolas-lekua. Eta Askatasun plazan atrakzioak, puzgarriak eta Hauek festak, hauek! ikuskizunak egongo dira berriro. Plazatik abiatuta, gunea itxitakoan, Karlos III.aren oinezkoen etorbidera aterako dira antzerki-kalejirak.
12 eta 17 urte bitarteko gaztetxoentzat, Foruen plazako gazte-eremua errotzen da, egunero arratsaldean (20:00 – 22:30) musika, jarduera- eta ikuskizun-mota guztiak (dantza-ikastaldiak, karaoke eta are mega-erraztatzaileak) eskainiko direlarik. Gauez Foruen plaza musika-agertoki bihurtuko da berriro.
Kontzertu-programa
Foruen plazarako, berriro egin da entzule gazteen aldeko apustua, rap eta hip-hopean puri-purian dauden proposamenez, Ayax eta Prok, La Furia, La Ira eta Mafalda taldeen emanaldiak tartean, eta, baita ere, bestelako musika-estiloak ekarrita, esaterako Koma eta Gatiburen rocka eta Efecto Mariposa eta Soraya Arnelasen pop komertzialena.
Compañía plazan, arratsaldeko eta gaueko emanaldiei eusten zaie, lehen mailako jazzaz eta munduko musiken sorta zabalaz, Paquito D´Rivera maisu kubatarraren, Hot 8 Brass Band-aren eta Systema Solar talde kolonbiarraren emanaldiak nabarmentzen direlarik.
Aurten ere Gazteluko plazan dantzaldiak egongo dira, 19:00etako eta 23:30eko saioez. Besteak beste, honako orkestra hauekin: Nueva Etapa, Súper Hollywood, La Fania Perfect, Estrella Central, Jamaica Show, En EsenZia eta Nueva Alaska. Gurutzeko plazan ere izango dira dantzaldiak, 20:00etan eta 23:30ean, honako orkestra hauekin: Meteoro, Azar, Orquesta Dolce, Paraíso eta Grupo Impacto. Uztailaren 12an, ostiralarekin, zaharren egunean, Los Sirex-en emanaldi berezia izango da; 60ko hamarkadako Bartzelonako rock-taldea da, Que se mueran los feos eta Quién tuviera una escoba hedatu zituena. 14an, igandearekin, Elegancia Mexicana mariatxien emanaldia izango da.

Su artifizialen gauak
2019an, sanferminetako Su Artifizialen Nazioarteko Lehiaketak 20 urte betetzen ditu. “Egile-su” onenak bilatzeari eutsiko dio, Espainia, Austria, Frantzia, Italia, Bulgaria eta Kanadako diseinatzaileak erakarrita. Emakumeen presentzia aipatu beharra dago, lau piroteknikari emakumeak baitira.
Hiru irabazle izango dira, hiru sariak 5.000, 3.000 eta 2.000 eurokoak direlarik, San Fermin irudikatzen duen Javier Muroren garaikurraz gain. Ikusleen saria mantentzen da eta aintzatespen izaera izango du; hori horrela, ikusleek aukera izango dute gehien gustatu zaien bildumari botoa emateko, eta horren harira egingo den opari-zozketa batean parte hartzeko.
Herri-kirolak, folklorea eta kalejira
Aurten ere, Foruen plazan izango dira, uztailaren 8tik 14ra, eguerdian, herri-kirolen ohiko txapelketa eta erakustaldiak –trontza, aizkolariak, txingak, sokatira, harri-jasotzaileak– bai eta kirol tradizionaleko beste modalitate batzuetako erakustaldiak ere.
Sarasate pasealekuak tokiko folklorearen erdigunea izaten jarraituko du, uztailaren 8tik 14ra emanaldiak goizez eta arratsaldez izango direlarik. Goizez, jotak, honako hauen eskutik: Voces Navarras, Yoar eta Jus la Rocha errondailak, Voces Riberas, Alegría Ribera, La Ribera Canta, Otero del Cid, Roberto Urrutia eta Corrientes Navarras. Eta, arratsaldez, bertsolari-saioak, dantzak zein magia- eta antzerki-ikuskizunak, tokiko taldeekin.
Kapitulu honen barruan aipatzekoa da sanferminetako Txistularien Alardearen 60. edizioa, aurten uztailaren 9an ospatuko dena, 13:00etatik aurrera. Atzokoaren isladak, etorkizuneko indarra izenburuko ikuskizunak, azken urteotan ohikoa denez, txistu-musika, antzerki-saioak eta omenaldiak uztartuko ditu.
Folklorea Kulturen kalejiran ere izango da nagusi berriro; duela bi urte estreinatu zen ikuskizun horretan Iruñeko dozenaka talde eta entitatek, hainbat jatorri eta kulturatakoak, parte hartzen dute. Uztailaren 14an, igandearekin, izango da hitzordua, 18:30ean, Kale Nagusitik Gazteluko plazarantz abiatuta.