X saloncomic_expos5


FACEBOOK

TWITTER

EMAIL

GOOGLE CALENDAR







LEKUA

Kondestable jauregia

HASIERA-DATA

13/09/2019

AMAIERA-DATA

27/09/2019

ORDUTEGIA

9:00 - 21:00

ARGIBIDE GEHIAGO

Kondestablearen Jauregiak hartuko du Tiza elkartearen Komikiaren X. Azoka, Telefónica Fundazioaren Artea Komikian erakusketa ikusgai jarrita. Inaugurazioa irailaren 13an, ostiralarekin, izanen da eta urriaren 27ra arte egonen da zabalik. Azokaren programan honako hauek daude jasota: 12 erakusketa, 6 lantegi, 6 sinadura-ekitaldi, 6 elkarrizketa jendaurrean eta 3 mahai-inguru. Hona gonbidatuak: Paco Roca, Max, Sandra Uve, Flavita Banana, Agustín Ferrer Casas, Belatz eta Laura eta Carmen Pacheco ahizpak. Eta omenaldi bat ere eginen zaio Francis “Pitti” Bartolozziren jardun istoriogileari.

70 istoriogile eta irudigile garaikide baino gehiagok agertu dute pinturaren historiarekiko jaidura, pintura unibertsaleko maisu handien lana irudikatzen duten bineten bidez. Artea komikian erakusketak artearen historian mugarri izandako obra batzuk erakusten dizkigu egile horien ikuspegien bidez, eta horrez gain, guregana ekartzen ditu hala zenbait museok komikiaren arloan abiatutako ekimenak nola, azkenik, binetetan egindako berrinterpretazioak Telefónica Fundazioaren arte-bildumaren parte baten gainean.
Telefónica Fundazioak enkarguak egin dizkie izen handiko irudigile eta istoriogileei, bere arte-ondarearen piezarik hoberenen gainean bertsio libreak egin ditzaten. Besteak beste, Javier Olivares 2015eko Komikiaren Sari Nazionalak eta Santiago Garcíak beren ikuspegiak eskainiko dizkigute Joaquín Torres Garcíaren Constructivo en blanco y negro TBA (1933) lanaren gainean.

Mamen Moreu marrazkilariak hiru ilustrazio egin ditu, honako lan hauen omenez: Le peintre au travail (Pablo Picasso); Assemblage amb graffitti (Antoni Tàpies) eta La Belle Société (René Magritte). Juan Berrio, bestalde, María Blanchardek Composición cubista (1918) lana pintatu zueneko garaiaz dokumentatu da, eta orrialde bakarreko istorio bat idatzi du, Francisco Ibáñezen 13, Rue del Percebe, komiki mitikoaren egitura imitatuz. Beste bi egilek egin dituzte Telefónica Fundazioaren bildumako obren bertsioak: Ana Galván, bi ilustrazio bidez – Phycological Morphology (Roberto Matta), eta Nature morte cubiste (María Blanchard), eta Tyto Alba, bi bertsioz – Verres, journal et bouteille de vin (Juan Gris) eta L´appel (Paul Delvaux); eta Teresa Valero –La chanteuse (Juan Gris).

Louvre museoa izan zen aitzindari marrazkilari handiak beren aretoetan sartzeko bidea eskaintzeko. Izan ere, Museoak komiki-bilduma bat sortu zuen, 2005ean, Fabrice Douar museoko editorearen eta Sébastien Gnaedig Futuropolis argitaletxearen zuzendariaren eskutik. Bilduma horretan, hain zuzen, museoaren obrek eta bildumek osatzen zuten istorioaren ardatza, eta 2009an gauzatu zen “Le Louvre invite la bande dessinée” erakusketaren bidez. Orsay museoak bere komiki-bilduma sortu zuen 2014an, bertako arte-bildumetan giroturik. Urte hartan berean iritsi ziren komikiak museo espainiarretara Mitos del Pop albumaren eskutik (Miguel Ángel Martin), Madrilgo Thyssen-Bornemisza Museoaren enkarguari erantzunez. Komiki azokan ikusgai daude honako museo hauen komiki-bildumetatik ekarritako obra batzuk: Pradoko Museoa, Thyssen Bornemisza Museoa, Kataluniako Arte Museo Nazionala [MNAC], Valentziako Arte Modernoaren Institutua (IVAM).

KOMIKIAREN AZOKA
Tiza elkarteak, komikiaren sustatzailea baita, antolatu du nafar azoka, aurrekoez bestelakoa dena, honako hau egile-jarduera baita, erakusketa- zein hitzaldi-programa ardatz egituratzaile daukana, jite artistikoari merkataritzakoari baino garrantzi handiagoa emanez. Azokak oso edizio berezi bati helduko dio 2019an, hamargarren urteurrena egiten baitu. Eta ospatzeko, Zart! argitaratuko du, aurreko hamar edizioen oroigarri-bolumena, non 30 artistak parte hartuko baitute. Gainera, hirugarren urtez jarraian, eskola-bisiten programa abiatuko da.

Azokaren programan honako hauek daude jasota: 12 erakusketa, 6 lantegi, 6 sinadura-ekitaldi, 6 elkarrizketa jendaurrean eta 3 mahai-inguru. Hona gonbidatuak: Paco Roca, Max, Sandra Uve, Flavita Banana, Agustín Ferrer Casas, Belatz eta Laura eta Carmen Pacheco ahizpak. Halaber, estreinako aldiz atzera begirako oso bat ikusten ahalko da, Francis “Pitti” Bartolozziren jardun istoriogileari buruz. Bartolozzi –2004an hil zen– komikiak marraztu zituen Espainiako bigarren emakumea izan zen, eta lehena Nafarroan. Diziplina anitzeko artista honen lan piktorikoa baino ez zen orain arte aldarrikatu.