Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Ekitaldia

Henry Mooreren sei eskultura erakusgai Iruñeko erdialdean, urtarrilaren 10era bitarte

Henry Mooreren erakusketa monumental bat izanen da ikusgai, gaurtik aurrera eta urtarrilaren 10era arte, Sarasate pasealekuan. Altu 2,13 eta 3,58 metro bitarte diren brontzezko sei eskulturak atari zabaleko museoa bilakatuko dute Iruñeko erdialdea, eta herritarrek aukera izanen dute 8,6 brontze- eta arte-tona baino gehiago gozatzeko. Eskulturak Iruñeko paisaiaren parte izanen dira 69 egunez.

Joseba Asiron Iruñeko Alkateak aurkeztu du gaur goizean, prentsaurrekoan, La Caixaren gizarte-ekintzak eta Nafarroako Kutxa Fundazioak Henry Moore Foundationekin eta Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatutako erakusketa. Alkatearekin batera agertu dira Ana Díez Fontana Nafarroako CaixaBankeko lurralde-zuzendaria, Javier Fernández Valdivielso Nafarroako Kutxa Fundazioko zuzendaria eta Sebastiano Barassi Henry Moore Foundationen bilduma-arduradun nagusia.

Erakusketaren sei brontze monumentalak Moorek (1898-1986), arte garaikidea jendearengana hurbiltzeko asmoz, bere fundazioari lagapenean utzitako ondare handiaren parte dira.Moorek ibilbide profesionalaren gailurrean zegoenean sortu zituen, 1960tik 1982ra, eta haietan eskultura modernoaren maisu handienetako baten obran nagusi diren motiboak agertzen zaizkigu: irudi etzanarekiko eta “ama eta haurra” bezalako gaiekiko lilura, giza-irudiaren eta paisaiaren arteko harremanen gaineko azterketa –paisaia hirikoa zein landakoa izan–, naturalaren eta abstraktuaren arteko tentsioa, eta objektu naturalak forma eskultorikoak bilakaraztea.

Hona Mooreren sei obrak: Irudi makurtua bi piezatan, 2. zk. (1960), Irudi handia zutik: laban-ahoa (1976), Blokeo-pieza (1963-1964), Obalo puntaduna (1968-1970), Forma etzan elkarri lotuak (1969) eta Irudi etzana (1982).

Bisita gidatuak

Iruñeko Udalak 13 bisita gidatu antolatu ditu erakusketara, herritarrek hobeki ezagut dezaten Henry Mooreren obra. 30 laguneko taldeei zuzendutako ordubeteko bisitak dira (18 urtetik beherakoak ez dira kontatzen). Azaroaren 15etik aurrera eginen dira, larunbatetan (18:00etan) eta igandeetan (12:00etan). Zortzi bisita gaztelaniaz izanen dira, eta bost, euskaraz.   Interesdunek 010ean eman dezakete izena bisitarako, edo 948 420 100ean, Iruñetik kanpo edo telefono mugikorretik deituz gero.

Gaztelaniazko bisitak honako egun hauetan izanen dira: azaroak 15 eta 29 (igandeak), abenduak 6 (igandea), abenduak 19 (larunbata), 20 (igandea) eta 27 (igandea), urtarrilak 2 (larunbata) eta 10 (igandea). Euskarazko bisitak azaroaren 22an (igandea) hasiko dira, eta jarraitu, abenduaren 13an (igandea), abenduaren 26an (larunbata), urtarrilaren 3an (igandea) eta 9an (larunbata).

Itzuli edukiaren hasierara