Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Ekitaldia

Iruñeko Udalak La Pamplonesari ematen dion diru-ekarpena handitu eta 2011ko mailara itzultzeari esker, musika-bandak asmo handiagoko ekoizpenak egin eta bakarlariak kontratatzen ahalko ditu

Iruñeko Udalak eta La Pamplonesa Iruñeko Musika Banda Kultur Elkarteak bi erakundeek orain arte zuten hitzarmenaren aldaketa sinatu dute gaur goizean. Diru-laguntza 100.000 euroan handitu da, eta horrela 2011ko kopuruetara iritsi da. Horrela, musika-bandak Gayarre Antzokian hasitako programazio-ildo berriarekin jarraitzen ahalko du, asmo handiagoko ekoizpenak dituzten kontzertuak eta bakarlari berriak kontratatzea barne hartzen dituena. Sinadura-ekitaldian Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta José Andrés Palacios La Pamplonesako lehendakariak parte hartu dute. Halaber, bertan egon dira Maider Beloki Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko zinegotzi ordezkaria eta Mikel Juaniz musikaria.

Iruñeko Udalaren eta La Pamplonesaren arteko hitzarmena Udalbatzak onetsi zuen 1986ko abenduan. 2012an aldatu zen eta aurrekontu-esleipena % 8 jaitsi zitzaion. Harrezkero, urtero 931.241 euroko diru-laguntza jaso du; 2011n, aldiz, 1.012.219 euro jaso zituen. Aurtengo igoerarekin 1.031.241 eurotara iritsiko da, eta 2011ko diru-kopurua berreskuratzeaz gain kopuru horri gehitutako igoerarekin aurre egin ahalko diete gaur egungo kontzertuen ekoizpen-gastu handiagoei.

Gaur sinatutako hitzarmenak dioenez, diru-zuzkidura handitzeaz gain, Udalak lan egingo du bi erakundeek duten harremanari araudi juridiko berria emateko, egun indarrean den araudiari egokitze aldera. Egungo hitzarmena 2016ko abenduan bukatu eta hortik aurrera aurreikusita dago harremana mantentzea, baina beste formula batzuen bidez bideratuta, esaterako, 20 urteko iraupeneko laguntza-kontratua. Neurri hori aho batez onetsi zuen Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak pasa den maiatzaren 7an.

Hitzarmenak dioenez, bandak honako hauek egingo ditu: musikariekin kontratuak formalizatu, soldatak eta gizarte-betebeharrak ordaindu eta jantziez nahiz musika-tresnez arduratu.

Itzuli edukiaren hasierara