Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Ekitaldia

Iruñeko Udalak webgune berria estreinatu du herritarren esku jartzeko urtean zehar eskaintzen diren 2.300 kultur jardueratik gora

 Diseinu soil bat, egitura intuitiboa eta ikusizko edukiak dira www.pamplonaescultura.es / www.iruñakulturada.eus webgune berriaren gakoak. Iruña kultura da webguneak herritarren kultura-erreferentzia gune nagusia izan nahi du. Gailu guztiak, telefono mugikorrak eta tabletak barne, prest daude, jada, plataforma berri hau hartzeko. Iruñeko Kultur Agenda plataforma dinamiko bilakatzen da, betiere xede harturik gure hirian urtean zehar –2014ko azterlanarekin bat– egiten diren 2.300dik gora jardueren berri ematea. Jarduera horietako 1.267 Civivoxetan egin ziren.

 Webgunean erabateko elebitasuna ezarri nahi izan da, halako moduz non posible izanen baita osorik nabigatzea gaztelaniaz eta euskaraz. Edozein orri aukeratuta, bada hizkuntzaz aldatzeko aukera, informazioa parametro berberetan jasota dagoelarik. Halaber, Iruña kultura da optimizaturik dago Google Chrome, Mozilla Firefox eta azken belaunaldiko nabigatzaileentzat. Estatistikak sortzeko, Google Analitics erabiltzen da, erabiltzaileen interesak baloratzeko tresna gisara. Teknikariek eta programatzaileek datu horiek erabiliko dituzte, balioeste aldera programatutako jardueren aurrean herritarrek dituzten interesak, eta, horren arabera egokitu eta Udalaren kultur eskaintza hobetu ahal izanen dute.

 Facebook, Twitter eta Instagramen orrietara zuzenean sartu ahal izatea da erabilitako hedapen-euskarrietan nagusietako bat, Kultura Alorraren kontuek, guztira, 6.000tik gora jarraitzaile baitituzte. Webgunean jasota egoteaz gain, jarduera guztiak sare sozialetan partekatu daitezke.   Bestalde, Kultur Agenda –2010eko ekainaz geroztik 6.423 laguni posta elektroniko bidez igortzen zena– desagertu da, eta haren ordez buletin digital edo newsletter bat egiten da. Jarduera aipagarrienak, Zure interesekoa izan daiteke izeneko atala, informazio baliagarria eta asteko egutegia, denak elkarri lotuta, nahierarako kultur informazioa bilakatzen dute buletina.

 Webgunea Welldone enpresak diseinatu du, 2014ko proiektu-lehiaketan esleipendun suertatutako enpresak, eta WordPress aplikazioarekin sortu du, teknologia eta komunikazio-euskarri berriak erabilgarri jarrita. Garapen informatikoa ANIMSA informatikako udal enpresaren talde batek zuzendu du. Orobat, Kultura Alorrak sortutako sare sozialak eta Kultur Agenda elektronikoa ere webgunean sartuta daude.

 Webgunea 6.000 euro gehi BEZa kostatu da guztira, eta bere barruan Kultur Agenda oso eta zabal bat biltzen da, Iruñean egiten den kultur jarduera ororen berri ematen duena; gainera, Google Maps aplikazioan jarduera bakoitzaren kokalekua mapan aurkitzeko aukera dago. Halaber, alta ematen ahal zaie kokapen gehiagori, unean uneko beharrek halakorik eskatuz gero.

 Azal-orria: puntu neuralgikoa

 Agendaren jarduera nagusiak jasotzen dituen slider batek sartzen ditu bisitariak Iruña kultura da webgunearen toki nagusian: azal-orrian. Goitik beherako mugimenduan albiste aipagarrienak eta informazio baliagarria agertzen dira. Informazio baliagarria atalaren barruan, besteak beste, Gayarre Antzerkirako eta Civivoxetarako sarrera-salmenta dago, bai eta ikastaroetarako izen-emateak ere.

 Bestalde, azal-orriaren beheko aldean agertzen dira hala Herritarrendako arreta zerbitzuaren 010 telefonoa nola atari berriaren buletinean alta hartzea ahalbidetzen duen newsletter bat. Halaber, azal-orriari lotuta daude, baita ere, Twitter, Facebook eta Instagram, sare sozial nagusi gisara, eta Eskulturen Gidaren, Udalaren Arte Garaikidearen Bildumaren eta Pablo Sarasate Museoaren webguneak, erabiltzaile gehiago ibil daitezen sarean. Berrikuntza gisara, plataformari buruzko inkesta labur bat sartu da, denborak aurrera egin ahala alda daitekeena.

 Menu nagusiaz gain, webguneak bigarren mailako bat eta alboko bat ditu. Bigarren mailako menua orriaren goiko eskuin aldean dago, eta bertan hauek jasotzen dira: Hizkuntzaz aldatzeko aukera (gaztelaniatik euskarara eta alderantziz), www.pamplona.es Udalaren webgunera zuzenean sartzeko esteka bat, newsletter-ean izena emateko aukera eta sare sozial nagusien logoak. Alboko menuak egutegi zenbakidun bat eskaintzen du, eguneko jardueretara sartzeko aukeraz, bai eta bilatzaile bat ere –gai, toki eta daten arabera antolatua–, programa aipagarrienak biltzen dituen atal bat, informazio baliagarriak biltzen dituen sekzio bat eta newsletterra. Horri atal berriak gehituko zaizkio menu nagusiaren diziplina ezberdinen arabera.

 Egitura nagusia kultur diziplinen edo guneen arabera

 Iruña kultura da bederatzi kultur diziplina edo gunetan dago antolatuta. Erabilgarri dauden orrien bidez posible da jakitea ekitaldi zein jarduera bakoitzaren zer, nor, non eta gainerako xehetasunak. Erabiltzaileen begi-bistara jartzen dira testuak, irudiak, tokietako mapak eta berariazko botoiak.

 Diziplina horietako lehena Agenda izenekoa da, non jasota agertzen baitira asteko jarduera aipagarrienak, irudiak lagun. Asteko Egutegian egun bakoitzeko jardueren laburpena agertzen da (salbu lehiaketak eta erakusketak).

 Civivox dugu bigarren gunea. Hor Civivox zentroetako jarduera nagusiak agertzen dira. Jarduera bakoitzak esteka bat dauka liburuxkak deskargatzeko edo sarrerak erosteko. Bada, baita ere, eskaintzen diren ikastaroei buruzko informazioa deskargatzeko eta haietan izena emateko sarbide bat.  Alboko menuari, kasu honetan, Iruñeko civivox zentroen zerrenda gehitzen zaio.

 Egiturari segida emateko, Erakusketak  izeneko gunea dago: gainerakoekin alderatuta bestelakoena da, haren diseinua grafikoagoa baita. Hiruhileko bakoitzeko erakusketen irudiek eta izenburuek osatzen dute, eta, haien gaineko fitxa informatiboetara sartzeko, klik egin behar da izen edo argazki bakoitzean. Alboko menua osatzeko, erakusketa-aretoen zerrenda agertzen da.

 Liburutegiak izeneko gunean lau jarduera aipagarrienak jasotzen dira, bat nagusia, eta beste hirurak, bigarren mailakoak, den-denak Iruñeko liburutegi publikoetan egitekoak.  Halaber, sarbidea dago, baita ere, liburutegiek eskaintzen dituzten gainerako jarduera eta zerbitzuetara. Alboko menuan, bada zerrenda bat, argibideekin eta liburutegien eraikinetara iristeko estekekin.

 Unean uneko programak ikusgai daude Programak gunean, erakusketen sekzioaren diseinu berberaz. Klik egitean, programen datak eta informazioa jasotzen da. Goiko fitxan programa bakoitzari dagozkion jarduerak agertzen dira. Helburua da ikuspuntu orokor bat jasotzea, jakiteko zer programaren parte den jarduera bakoitza.

 Lehiaketak eta sariketak guneak ere badauka tokia egitura nagusian: aipagarrienak nabarmentzen dira argazkiekin eta deskribapen labur batekin. Atal honen bukaeran kontsultagai daude unean uneko lehiaketa guztiak.

 Prentsa-oharrak Albisteak gunean jasotzen dira:  horietako bat albiste nagusia izanen da, eta aipagarri diren gainerakoak, zerrenda batean agertzen dira. Bakarrik daude ikusgai Kultura Alorrari dagozkion albisteak, bai eta aurretik argitaratutakoen erreferentzia historiko bat.

 Gayarre Antzokia eta San Fermin guneak zuzeneko estekak dira, hurrenez hurren, orri hauetara: www.teatrogayarre.com eta sanfermin.pamplona.es.

 

Itzuli edukiaren hasierara