ALBISTEAK



<< ITZULI

biblio_san_francisco

GAURTIK AURRERA, SAN FRANTZISKOKO LIBURUTEGIA ETENGABEKO ORDUTEGIAN IREKIKO DA 09:00ETATIK 21:00ETARA, ASTELEHENETIK OSTIRALERA, ETA HAREN KUDEAKETA PUBLIKOA IZANEN DA



Urtarrilaren

11

IRUÑEKO UDALEKO ETA NAFARROAKO GOBERNUKO ORDEZKARIAK UDALAK 2012AN ERABERRITU ZITUEN INSTALAZIOETARA JOAN DIRA BISITAN.


FACEBOOK
TWITTER
EMAIL


San Frantziskoko Liburutegi Publikoak hiriko erdialdeko liburutegi gisa dagokion ordutegi luzeagoa berreskuratu du gaur, eta hemendik aurrera eten gabe egonen da irekita 09:00etatik 21:00etara, astelehenetik ostiralera. Bestalde, kudeaketa publikokoa izanen da, berriro ere, sareko gainerako liburutegiak bezala. San Frantziskoko liburutegiak zenbait urte eman ditu kanpoko kudeaketapean, eta orain  kudeaketa publikoa berreskuratu du hiriko liburutegi publikoen funtzionamendu arruntari helduta, baina, Txantrea, Iturrama, Mendillorri, Milagrosa, San Pedro, Sanduzelai, Yamaguchi eta Etxabakoitzeko liburutegiek ez bezala, goizean ere egonen da irekita. Ordutegi berria Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak sinatu berri duten hitzarmenak ahalbidetu du: hitzarmen horri eutsita, Udalak langile gehiago kontratatu ditu Gobernu zerrendak baliatuta.

Gaur goizean Joseba Asiron Iruñeko alkatea, Iruñeko Udaleko Herritarren Aferen Batzordeko kideak eta Asun Maestro Pegenaute Nafarroako Gobernuko Liburutegien Zerbitzuko zuzendaria bisitan joan dira instalazioak ikustera. Liburutegiaren eraikinak, garai batean La Agrícola zenak, 923,75 m2  du beheko solairuan.

Bertan hainbat instalazio daude, hala nola erabiltzaileen harrera-gunea, hemeroteka, ikus-entzunezkoen gunea, bi irakurgela –bat haurrentzat eta bestea helduentzat–,  barne-lanetarako bi gela, erabiltzaileei arreta emateko eremua, eta desgaitasunak dituzten pertsonentzat egokituta dauden komunak –haurrentzat zein helduentzat–. Bestetik, 437,5 m2 erabilgarri dituen sotoan biltegia eta langileen aldagelak daude, bai eta galdara-, instalazio- eta klimatizazio-gelak ere. Hauek dira San Frantzisko plazako liburutegiaren harremanetarako telefonoa eta helbide elektronikoa: 948 21 05 24 eta biblisfr@navarra.es.

Erreferentziako liburutegia hiriko erdialdean

San Frantziskoko liburutegiaren zentraltasuna maiz aldarrikatu da Iruñean, eta 2015ean 87.600 pertsonak jo zuten (abenduko datuak ez dira zehatzak hilabetea amaitu aurretik jaso zirelako) hartara. Iazko abenduaren 31n, liburutegiaren funtsak 17.252 dokumentuk osatzen zuten: liburuak –14.770, guztira– DVDak, CDak, diskoak, aldizkariak eta abar. Erabiltzaileek 16.500 kontsultatik gora egin zituzten iaz katalogoan (berriro ere abenduko kopurua estimazio bat da). Irakurgeletan, 156 lagunentzako tokiak daude: 126, helduentzat, eta 30, adingabeentzat. Maileguei dagokienez, 2015ean 31.400 mailegu egin ziren.

San Frantziskoko Liburutegi Publikoak, bestalde, 15 ordenagailu ditu: 12  erabiltzaileen eskura  daude jarrita –10, Interneten sartzeko, eta 2, katalogoa kontsultatzeko online– eta 3 liburutegiko langileek baliatzekoak dira. Liburutegiko zerbitzu hori baliatuta, 2015ean 13.500 nabigazio-saio erregistratu ziren Interneten.

Azkenik, hiriko liburutegietan helduengan zein gazteengan irakurzaletasuna sustatzeko egiten diren jarduerei dagokienez, San Frantziskoko liburutegian, 43 jarduera proposatu zituzten iaz, euskaraz zein gaztelaniaz: ipuin-kontalariak, erakusketak, ahozko narrazio-saioak, bisita gidatuak eta  irakurle-kluba –2013an sortua eta Luis Arizaletak koordinatua–. Jarduera horietan, 549 herritarrek hartu zuten parte.Udalak eta Nafarroako Gobernuak finantzatzen dituzte, batera, irakurzaletasuna sustatzeko programak, liburutegi-zerbitzuei buruzko hedapena eta dokumentu-funtsen zein informazio-baliabideen erosketa –teknikariek zehazten dutenaren arabera–.

Historia duen eraikin batean irakurtzen

Liburutegiaren egungo espazio-banaketan –2012an Udalak egindako birmoldaketa-lanen ondorengoan– berreskuratuta dago Francisco de Urcolak 1910ean emandako eite modernista. 2012ko birmoldaketa Nafarroako Liburutegi Nagusia Mendebaldea auzora eraman eta gero egin zen, liburutegi hori San Frantziskoko plazako eraikinean egon baitzen 1972tik 2011ra bitartean.

La Agrícola izeneko eraikinak beste lau solairu ditu etxebizitza partikularrekin, eta 1. graduko katalogazioa dauka. Haren fatxadan deigarriak dira kromatismoa, kantoi biribilduak –kupulek koroatuak– eta aurrealdeko mosaiko landare-motibodunak. Eraikina Iruñeko arkitektura eklektikoaren adibide hoberenetariko bat dela jotzen dute.