Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Lehiaketak

HIRI ARTISTEN 45 PROPOSAMENAK

www.pamplonaescultura.es
2020/11/19 - 2020/11/22

Iruñeko Udalak hiri-artisten 45 proposamen jaso ditu erregistro berri batean sartuak izan daitezen, eta bertara joko du hiriko hainbat espazio publiko biziberritzeko. 45 proposamen horietatik 18 emakumeek sustatu dituzte, eta batzuk artista indibidualenak dira eta beste batzuk kolektiboek sortuak. Batzorde batek proiektuen kalitate artistikoa baloratuko du, eta espazio bakoitzera ondoen egokitzen den arte mota aukeratuko du. Hemendik aurrera proiektu berriak aurkezteko interesa duten artista eta talde guztiek www.pamplonaescultura.es webgunearen bidez edo cultura@pamplona.es posta elektronikoaren bidez egin dezakete.

Deialdi publikoa Kulturako Alorrak abiatu zuen, joan den ostirala zuen lanak aurkezteko azken eguna eta zuzenduta zegoen Nafarroan jaio eta/edo bizi diren 18 urtetik gorako artistei edo hiri-artisten kolektiboei, grafitigileei, muralgileei eta ilustratzaileei. Ekimen honen bidez bi helburu erdietsi nahi dira. Batetik, informazio- eta komunikazio-bide bat irekitzea Udalaren eta hiriko artista zein kolektibo artistikoen artean, prekarizazio handia pairatzen duen sektore artistiko eta kultural honen profesionalizazioari laguntzeko. Bestetik, kalitate artistikoa emateko premisatik abiatuta, arte mota horretarako potentziala duten hiriko espazioak hobetu eta samurtu nahi dira.

Balorazio batzordea Udaleko teknikariekin eta hiri-artearen sektoreko ordezkariekin

Artistek aurkeztutako agiri-txostenarekin bat baloratuko dira proposamenak. Bertan, harremanetarako datuez gain, curriculum laburra, prestakuntza-ibilbidea eta/edo ibilbide artistikoa azalduz, eta egindako obren irudiak edo asmatutako proiektuen zirriborroak atxikiko dira. Balorazioa batzorde batek eginen du, non parte hartuko baitute Kultura eta Berdintasuneko Alorreko eta Hiri Kontserbazioko teknikariek, eta hiri-artearen sektoreko ordezkariek zein beste eragile sozialek. Batzorde horrek baloratuko du proiektuen kalitate artistikoa eta proposatutako espaziora nola egokitzen den; izan ere, esku-hartze artistiko bakoitzerako espazioari berariaz egokitutako hautaketa bat eginen da.

Lehen deialdi honen epemuga azaroaren 13a izan bazen ere, bidea irekita egonen da informazioa eguneratzeko eta harremanetan jartzeko, eta baita egile edo kolektibo berriak aurkezteko ere. Interesa duten pertsonak iruñakulturada.es webgunearen bidez jar daitezke harremanetan.

Ekimen hau Udaleko Herritarren Aferen Batzordeak aho batez adierazpen bat onetsi ondoren abiatu zen. Bertan eskatzen zen “mota horretako esku-hartze artistikoak har ditzaketen hiriko espazioen azterketa egitea. Une horretan, Hiri Kontserbazioko Alorra esku-hartze artistikoen bitartez hobetu daitezkeen hiriko espazio publikoen inguruko azterketa egiten hasi zen, eta horien zerrenda egin zuen Kultura eta Berdintasuneko Alorrarekin batera.

Itzuli edukiaren hasierara