Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Lehiaketak

BERTSOPAPERAK 2020. SARIAK

Ekhi Rojo Rodríguez, Beñat Astiz Isasi eta Saioa Alkaiza Guallar izan dira irabazleak Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketaren hiru kategorietan, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozaleen Elkarteak antolatu duten bertso idatzien literatura-lehiaketan (bertsolaritzaren arauekin bat idatzitako bertsoak). 24 lan aurkeztu zituzten lehiaketara (2, A kategorian; 5, B kategorian, eta 17, C kategorian). Saridunen zerrendan Ibai Letona, Bittori Elizalde, Erika Lagoma eta Eneko Fernández ere badaude.
A kategorian 2007an edo ondoren jaiotakoek parte har zezaketen. Ekhi Rojok 150 euroko kultura-bonua irabazi du, eta Ibai Letona Garaikoetxeak bigarren saria, 100 euroko kultura-bonua. Ekhi Rojok ‘Garai arraro hauetan’ lana aurkeztu zuen, pandemiak eguneroko bizitzan eragin dituen aldaketei buruzko bertso-sorta.
B kategorian, 2003 eta 2006 artean jaiotakoei zuzenduta (biak barne), Beñat Astiz Isasik lortu du lehen saria, eta Bittori Elizalde Sotok bigarren eta hirugarren saria. Kasu honetan, lehen saria 350 euro da; bigarrena, 200 euro, eta hirugarrena, 150 euro. A kategorian bezala, egile bakoitzak gehienez ere hiru lan aurkezten ahal zituen. Beñat Astizen ‘Pieza akatsduna’ lana saritua izan da bertso-sorta sinesgarri eta bikaina izateagatik, eta epaimahaiaren hitzetan “gaia ongi jorratu” duelako.
C kategoria 2002an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen zaie. Lehen saria 1.500 euro da; bigarrena, 1.000 euro, eta hirugarrena, 500 euro. Saioa Alkaiza Guallar, Erika Lagoma Pombar eta Eneko Fernández Maritxalar izan dira irabazleak, hurrenez hurren. ‘Hiru pena mota’ lanak lehen saria jaso du “hiru istorio aurkezten dituelako egitura ausart eta original baten bidez, zeinetan aipagarria baita hainbat gai modu oso sinesgarrian jorratzeko gaitasuna”.
Epaimahaia Nafarroako Bertsozale Elkarteak izendatu du, eta bertan aritu dira Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea eta Sustrai Colina. Sari-banaketa Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen duten Bertsoaroa zikloan izanen da, 2020ko azaroan. Behin saria ordainduta, egileek baimena emanen dute saritutako lanak urtebeteko epean argitaratzeko. Halaber, C kategorian lehenengo saria jasotzen duen egileak baimena emanen die erakunde antolatzaileei saritutako lanean oinarritutako emanaldi edo ikuskizun berri bat ekoizteko.

DEIALDIA

Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale Elkarteak Iruñeko I. Bertsopaper-lehiaketarako deia egin dute, hau da, bertsolaritzaren arauekin bat idatzitako bertsoen literatura-lehiaketa baterako. Hiru kategoria ezarri dira, eta horietako bakoitzean, hiru sari. Nafarroan jaio edo Nafarroan bizi diren egileek hartzen ahal dute parte. Lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Parte-hartzaileek beren lanak eta datuak aurkeztu beharko dituzte parte hartzeko, www.pamplonaescultura.es webgune honetan bidez Aurkeztutako lanek gai eta neurri librea izanen dute, euskaraz idatziak izan behar dute, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak. Halaber, bertsoen doinua zehaztu beharko da. C kategoria 2002an edo lehenago jaiotakoei zuzentzen zaie. Lan bakarra aurkezten ahal dute, gutxienez 12 bertsokoa, eta gehienez 20koa, eta nolabaiteko batasuna osatu behar dute. Lehen saria 1.500 euro izanen da; bigarrena, 1.000 euro, eta hirugarrena, 500 euro. B kategorian, 2003 eta 2006 artean jaiotakoek hartzen ahal dute parte (biak barne), eta gehienez 3 lan aurkezten ahal dituzte, 4 eta 8 bertso artekoak. Kasu honetan, lehen saria 350 euro da; bigarrena, 200 euro, eta hirugarrena, 150 euro. A kategoria 2007an edo ondoren jaiotakoei zuzentzen zaie. 2 bertso gutxienez eta 4 gehienez idatzi beharko dituzte. Lehen saria 150 euroko kultura-bonoa izanen da; bigarrena 100 eurokoa, eta hirugarrena 50 eurokoa. Gehienez 3 lan aurkezten ahal dituzte. Kultura-bonoak dendetan trukatu daitekeen txartel baten bidez ordainduko dira.



Itzuli edukiaren hasierara