ALBISTEAK



<< ITZULI

velas

24.500 LAGUNEK BAINO GEHIAGOK PARTE HARTU ZUTEN, ABUZTUAN, HARRESIETAKO JAIALDIKO JARDUERETAN, IAZ BAINO % 20 GEHIAGOK



Irailaren

8

UDAKO PROGRAMAZIOA OSATZEKO, 10.000 LAGUN BAINO GEHIAGO IZAN ZIREN ATARI ZABALEKO ZINEMA-GAUETAN ETA BERTSIONATUZ ETA AUZOKALE ZIKLOETAN


FACEBOOK
TWITTER
EMAIL


24.445 lagunek parte hartu zuen, abuztuan, Harresietako jaialdiko bigarren edizioaren barruan programatutako jardueretan, iaz baino % 20 gehiagok. Datuak gaur goizeko Herritarren Aferen Batzordean jakinarazi dira, eta Harresietako jaialdiko hogei kultur ekitaldietako partaidetza jasotzen dute, baita Harresiak kandelen argipean eta hiriko bisita gidatu antzeztuetan izandakoa ere.

Jaialdi honen bigarren edizioan programatutako jarduera kopurua handitu da (hogeita hamar baino gehiago, kultur jarduerak eta jarduera turistikoak batuta), eta Iruñeko udako erreferente gisa errotu da, partaide kopurua handitu baita, batez ere familiak, bai etxekoak bai bisitariak. Edizio honek kaleko arteak deiturikoak izan ditu ardatz. Izan ere, zirku-, antzerki- eta dantza-ikuskizunak programatu dira, atari zabalean egitekoak, eta izaera berritzailearekin.

 Harresietako jaialdia Creacity mugaz gaindiko proiektuaren barruan txertaturik dago, zeinak helburu baitauka Iruña, Hondarribia eta Baionako gotorleku-ondarearen balio turistiko eta kulturala azpimarratzea, berrikuntzan oinarritutako turismo kulturaleko eta sormen artistikoko ekimenen bidez. Creacity Espainia, Frantzia eta Andorra arteko Lurralde arteko Lankidetzako programaren funtsekin finantzatzen da (POCTEFA 2014-2020).

 Kaleko arteak eta kontzertuak

Abuztuaren 3tik 23ra kaleko arteetako 9 ikuskizun egin ziren Iruñeko Ziudadelan (10 emanaldi programatuta zueden, baina abuztuaren 10ekoa, Nueveuno konpainiarena, bertan behera geratu zen eguraldiagatik), bai eta musika estilo askotako 6 kontzertu ere. Guztira 19.969 lagun izan ziren kultur hitzordu horietan, iaz baino % 33 gehiago (orduan 13.358 lagunek parte hartu zuten).

Kaleko arteek ia 10.000 lagun erakarri zituzten. Nabarmentzekoak dira, ikusle kopuruagatik, Fekat Circusen ikuskizuna (1.800 lagun) eta jaialdia ixteko muntaia, Bivouac konpainiaren eskutik (1.400 lagun). Hain zuzen ere, konpainia frantziar horren ikuskizuna Mar a Mar proiektu europarraren barruan sartuta zegoen. Kontzertuei dagokienez, 3.240 lagun izan ziren Iseo&Dodosound-en kontzertuan; 2.400, Jo&Swiss Knife ikusten; 1.985, Kalakan taldea entzuten; 1.080, Javier Ruibalekin; 530, Oskarbirekin; eta 470, Elkano Browning Cream taldearekin. Kalakan taldearen kontzertua, jaialdiari hasiera eman ziona, Iruña, Hondarribia eta Baionako Udalek Creacity proiektuaren barruan egindako ekoizpen-lan batetik sortu zenzen, .

Ikusle errekorra, dantza bertikalean

 Dantza bertikaleko programak sei urte bete zituen aurten, eta inoiz baino ikusle gehiago izan zituen. Programatuta zeuden hiru saioetako bitan sarrera guztiak agortu ziren, eta 1.926 lagunek ikusi ahal izan zituzten, in situ, Guadalupeko bastioian, 9.81, Il Posto de Venecia eta Efecto Vertical konpainien ikuskizunak. Emankizunak abuztuaren 4an, 11n eta 18an izan ziren, ostiralean betiere,, eta emanaldiak baino lehen DJ batek musikarekin girotzen zuen gunea, eta Circ Xic konpainiak keinu-antzerkiko eta zirkuko ikuskizunak antzeztu zituen.

Dantza zoroan jaialdian 2.550 lagun inguruk parte hartu zuten. Abuztuaren 11n eta 12an egin zen, Labriten bastioiaren eta Zaldi Zuriaren zokoaren artean, xede hartuta dantza garaikidea sustatzea leku irekietan eta ikusleekin harremanetan. Abuztuaren 11n, ostiralarekin, Maddi Muñoz, Lucía Nieto, Laida Aldaz eta Helena Lizari aritu ziren dantzan, eta 1.200 lagun bildu zituzten. Abuztuaren 12an, larunbatarekin, Lamacana, Laura Arís, Álvaro Esteban eta Humanhood izan ziren 1.350 lagun inguru bildu zituztenak harresi barrutian. Konpainia bakoitzari toki zehatz bat egokitu zitzaion lan bakoitzak zituen espazio beharren arabera. Harresietako jaialdiaren lehen edizioan 1.625 ikusle izan zituen ziklo horrek.

Haurrendako zirku-kanpamentuak izan dira aurtengo edizioko berrikuntzetako bat. Haurrak zirku, musika, eta bestelako diziplinatan murgiltze aldera egin dira, astebeteko bi txandatan, abuztuko lehen hamabostaldian. Guztira 69 haurrek parte hartu dute.

Zinema atari zabalean, Bertsionatuz eta Auzokale berria

Harresietako jaialdiaz gain, Iruñeko Udalaren udako programazioa Civivox sarearen bidez antolatu diren doako jarduera eta zikloekin osatu da. Abuztuaren 1etik 31ra atari zabaleko 22 zinema-saio egin dira, bai eta hiru kontzertu Bertsionatuz zikloaren barruan, San Jose plazatxoan, eta kultur programazioa hiriko auzoetara eramateko Auzokale zikloko zortzi emanaldi ere.

 Zinema-gauetan 6.296 ikusle izan ziren programatutako filmak ikusten, iaz baino % 48 gutxiago, eguraldiarengatik aurreikusitako lau saio bertan behera geratu baitziren. Eguraldi txarrak Bertsionatuz zikloaren kasuan ere eragina izan zuen, 1.713 ikusle izan baitziren. Iaz, aldiz, 3.000. Kasu honetan ez zen saiorik geratu bertan behera, baina euri mehatxupean egin ziren.

Civivox sarearen bidez antolatutako programazioaren berrikuntza nagusia Auzokale izan zen, hiriko auzoetara proposamen kulturalak eta artistikoak eramateko zikloa. Arrotxapeko, Alde Zaharreko, Zabalguneko, Mendillorriko, Sanduzelaiko eta Txantreako parke eta plazetan paratutako agertokietan zortzi ikuskizun gauzatu ziren, non musika eta antzerkia uztartu baitziren. Auzokale zikloaren lehenengo edizio honetan 2.331 lagunek parte hartu dute ikusle gisa.