Pamplonaescultura / Iruñakulturada

Ekitaldia

Otras luces – Bestelako argiak bideoarte-jaialdia estreinatuko da Iruñean, non ikus-entzunezko proiekzioak emanen diren hiriko zazpi eraikinetako hormetan, abenduaren 21etik urtarrilaren 1era bitartean

Zazpi gune, hiriaren erdialdeko zazpi horma, horietan 18 bideo-sormen proiektatzeko… Horra Iruñeko Udalak abenduaren 21etik urtarrilaren 1era bitarterako antolatu duen Bestelako argiak I. Bideoarte Jaialdiaren osagarriak. Artea kalean, artea denen eskura, hiria bideo-sormenen bidez aireratuko diren sentimenduz, narrazioz, hausnarketaz edo pentsamoldez argiztatzeko.

Abenduaren 21etik (asteazkena) urtarrilaren 1era (igandea) bitartean, egunero proiektatuko dira bideoak, 18:30etik 21:30era bitartean, ilundu ostean hasita. Piezak zazpi gunetan ikusi ahalko dira: Gayarre antzokiko atzealdeko horman, Guadalupeko bastioian, Pellejerías zokoan, Seminario pasabidean, Frantziako portalean eta Xabier eta Eslava kaleetan. Etenik gabe proiektatuko dira piezak zazpi gune horietan.

 Zortzi herrialdetako artistek sortu dituzte proiektatuko diren 18 lanak, Espainia, Argentina, Mexiko, Thailandia, Herbehereak, Belgika, Alemania eta Suitzakoek, alegia. Piezetako batzuk Pi Fernandino bildumakoak dira, 90eko hamarkadaren amaieran Helena Fernandino eta Emilio Pi iruindarrek abiarazi, eta gaur egun mila bideo-sormen lan baino gehiago dituen berekoak. Erakutsiko diren piezen artean badira, Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumaren aleak, baita zenbait egilek aurkeztutakoak ere. Jaialdiaren aurrekontuak37.854 euro jo du.

 Ibilbide seinaleztatuak zazpi guneetan barna

 Gune nagusia Gayarre antzokiaren atzealdea izanen da, Estafeta kalearen amaieran: hamar egunetan gune artistiko berri bihurtuko da inguru hori, ia-ia eraikinaren beste fatxada bat bezala. Bideoarteko lau pieza proiektatuko dira hor, guztira ordu erdi pasako iraupenaz. Bertatik, Iruñeko Udalak ibilbide artistiko eta sentsorial bat proposatuko du, ia-ia jolas moduan, datozen egunetan zoruan paratuko diren gezi eta kolore bidezko seinale batzuen bitartez, zeinek ikusleak gainerako guneetara bideratuko dituzten.

 Estafeta kalean behera eginez, Xabier kalean beste 3 pieza izanen dira ikusgai, 10 minutuko iraupenarekin. Aurrerago, Mercaderes kalera iritsita, bi aukera izanen ditu ikusleak: eskuinera jo dezake, Navarrería kalerantz, edo ezkerrera. Bigarren kasu horretan, behin Udaletxe plaza pasata, Seminario pasabidean Patxi Araujo iruindarrak jaialdi honetarako propio sortu duen lana ikusi ahalko da, The Praise of Folly (Embalming words), alegia. Hortik aurrera bi aukera daude: Eslava kalerantz jotzea, non ia bi minutuko pieza bat proiektatuko den, edo Pellejerías Zoko alderantz, non lau lan proiektatuko diren –20 minutuko iraupenarekin guztira–, eta horien artean Greta Alfaro iruindarraren In ictu oculi izenekoa.

 Navarrería kalerantz jotzea erabakiko dutenek, berriz, Guadalupeko bastioiko kaserna izanen dute hurrengo geraleku; kaserna hori itxita egon ohi da kaleko jendearentzat, baina jaialdiak iraun bitartean irekita izanen da, bertan beste lau lan ikusi ahal izateko, ia ordu erdiko bideoarte saioa. Ibilbidea amaitzeko, I. Bideoarte Jaialdiaren azken gunea Frantziako portalea izanen da.

Itzuli edukiaren hasierara