ALBISTEAK



<< ITZULI

BALUARTE_NaiBarghouti

NAI BARGHOUTI ABESLARI PALESTINARRAREN KONTZERTUA




FACEBOOK
TWITTER
EMAIL

Nai Barghouti abeslari palestinarrak kontzertu bat emanen du urriaren 12an, larunbatarekin, 20:00etan, Baluarte Biltzar Jauregi eta Auditorioko Ganbera Aretoan. Iaz izandako arrakastaren ondoren, Nai Barghouti eta bere musikari-banda Iruñera itzuliko dira Palestinako tradizio herrikoiaren eta arabiar abesti klasikoen sorta hautatu berri bat aurkezteko. Hitzordua musikarekin, herri palestinarrari elkartasuna adierazteko girotuta.
Nai Barghouti abeslari palestinar gaztea flauta-jotzailea eta konpositorea da. Palestinako musika tradizionala eta jazz musika jo ditu nazioartean egin dituen biretan, eta haiei esker ospe handia lortu du. 2011n hasi zuen bere abeslari-ibilbide profesionala, 14 urte zituela. Tarab generoko abesti klasikoak abesten zituen jendez betetako aretoetan, besteak beste, Kairo, Kuwait, Jerusalem, Betleem, Nazareth eta Beiruten. Libanoko prentsak “musika klasikoaren diva” izendatu zuen berehala, eta Kairoko kritikariek Om Kalthoum legendarioarekin konparatzen zuten. 2006an aurkeztu zuen Qana, flautarako egin zuen lehenengo konposizioetako bat, Libanoko Qana herriko haurrei eskainia, urte horretan sarraski baten biktima izan baitziren. 2008an, UNESCOk Parisen duen egoitzan egindako kontzertu batean parte hartu zuen beste zenbait izarrekin batera, esaterako, June Anderson soprano iparramerikarrarekin. 2010ean Pariseko Nazioarteko Jazz Jaialdian parte hartu zuen, musika arabiarraren Maqamat al Quds Ensambleko taldearekin. Musika-lorpen handiena 2013ko azaroan erdietsi zuen, NBEren New Yorkeko egoitzan emanaldi bat eskaini zuenean, herri palestinarrari elkartasuna adierazteko nazioarteko egunaren oroipenaren harira. Gaur egun Jazz Performanceko ikasketak egiten ari da Indianako Unibertsitateko Jacobs Musika Eskolan, non tarab-aren eta jazzaren arteko harremana aztertzen ari baita.