ALBISTEAK



<< ITZULI

ENCUENTROS_ARTE_JOVEN_30ANIV

BAKARRIK DAGO INORK BEHATZEN DION HORI LANA HAUTATU DUTE GAZTEEN ARTEAN KOMISARIOTZA-PROIEKTUAK SUSTATZEN DITUEN DEIALDIAN



Urriaren

22

LUISA FERNANDA LINDOK ETA SERGIO JAIR MÉNDEZEK SINATU DUTE ZIUDADELAKO ARMA ARETOAN GAUZATUKO DEN PROIEKTUA


FACEBOOK
TWITTER
EMAIL


Luisa Fernanda Lindoren eta Sergio Jair Méndezen Bakarrik dago inork behatzen dion hori hautatu du Iruñeko Udalak Ber-ikusketak / Begirada berriak Arte Garaikidearen Bildumari 2019ko deialdian, non hautaketa egiten baita, 2017ko edizioaz geroztik, gazteei zuzendutako komisariotza-proposamenen artean.
Aurreikusita dagoenaren arabera, hautatuko artelan sorta 2020ko otsailean jarriko da jendaurrean, eta proposamenaren markoaren baitan urte bereko ekainera bitarte jarduera batzuk eginen dira adin orotako jendearentzat, hala nola bisita gidatuak, topaketak ikasleekin eta mintegiak.
Bakarrik dago inork behatzen dion hori erakusketa-proposamenak, galderak sorrarazi nahi ditu deshumanizaziotik abiatuta, eta aztertu teknologiak, sare sozialek eta komunikabideen desinformazioak nola eragin duten pertsonek ingurunearekin duten harremanetan, elkarrekintza-dinamiketan aldaketak sortuz, beste izakiekin ez ezik objektu eta tokiekin ere. Arantza Santesteban Hiriarteako koordinatzaileak eta Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikariak egin dute proposamenaren gaineko balorazioa.
Erakusketaren deskribapena
Hiru dira hautatutako proposamenaren helburuak. Batetik, Iruñeko Udalaren arte garaikidearen bilduma eta hura osatzen duten artisten obra ezagutzera ematea. Bigarrenik, emakume artisten lana bereziki zabaltzea, hautatutakoen artean % 50 baita. Eta, azkenik, nafar komunitatea proposamen berritzaile, inklusibo eta partizipatibo honetara hurbiltzea, gogoeta egin dezan teknologiak, sare sozialek eta komunikabideen desinformazioak ingurunearekiko elkarrekintzan eragiten duten moduaz.
Proposamena Iruñeko Udalaren arte garaikidearen bildumako hogeita hamar artelanek osatzen dute –eskultura, argazki, pintura, instalazio, bideo eta diziplina askotako lanek– eta gizakiok definitzen gaituen ororen hur-hurreko desagerpena jartzen digu aurrez aurre. Hori horrela, giza-formaren dekonstrukzioa hartzen du ardatz: gorputz bat edo batzuk har zitzaketen baina egiatan hutsik dauden guneen irudikapena, etxe barruan bizi izan ziren presentzien zantzuak, aulki-sorta bat presentzia baten lagin gisara, edo gauzen bilakaera bere materialtasun bihurtzeraino. Hartara, erakusketak presentzia galdua dakar gogora eta materiaren deskonposaketan barna egiten du, dekonstrukzio eskultoriko eta piktorikoan islatuta, lehengai bihurtzeraino.
Komisariotza-proposamenak, hortaz, galdera batzuk luzatzen ditu deshumanizazioaren ideiatik, humanitatearen kontzeptutik beratik, abiatuta, humanitateak ingurunearekin duen harremanaz edo espeziea definitzen duena amaierara daraman hori izateaz. Gizarte-gatazken artean –lurraldea kontrolatzeko botere-borrokengatik, bortxazko lekualdatzeengatik, eta berotze globalak eragindako aldaketa erradikalengatik– gizakiok definitzen gaituen zera dago txertaturik: kultura, identitatea, komunitate baten partaide izatea, lurralde jakin batekoa izatea, gorputzaren gaineko kontzientzia edo artearen bidezko adierazpenak. Hori dena, baina, gerta daitekeen suntsipenarekin batera agertzen zaigu. Izan ere, mehatxua gizateriaren adierazpena ere baden zerbaitetik dator: gerretatik, kutsaduratik, gehiegizko ustiaketatik eta beste gizakiekiko abusuetatik.
Bisita gidatuak, lantegiak eta mintegiak
Bitartekaritzetarako, jarduera batzuk kontuan hartu dira, hautatutako artelanen zentzumenezko ortzi-mugak zabaltze aldera. Erakusketaren osagarri, proiektuan jarduera batzuk eginen dira behin erakusketa jendaurrean jarri eta gero, hala nola, bisita gidatu dinamikoak, era askotako jendeari zuzendutako lantegiak, horma-irudi kolektibo bat eta zenbait film, erakusketaren gaiak hizpide hartzen dutenak. Katalogo baten argitalpena ere aurreikusita dago, erakusketaren gaineko azalpen-diskurtsoez, bai eta liburuki bat ere, erakusketaren gaineko oinarrizko informazioaz.
Halaber, aukera batzuk proposatuko dira erakusketari lotutako mahai-inguruak egiteko. Badago, bestalde, mintegi bat egiteko proposamen bat, hizketa-mahaien bidez egitekoa, erakusketaren komisarioekin, non gonbidaturik dauden Nafarroako Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedratikoak zein gai hauei lotutako pentsalariak eta artistak. Proiektuaren barnean, erakusketa txiki bat eginen da Iruñeko Udalaren Ibiltari programan txertatzeko; izan ere, bildumaren bost artelan hautatutako ikastetxe batzuetara eramanen dira. Ikasleengan interesa piztea da hautaketa horren helburua, horrela, erakusketa osoa ikustera joan daitezen eta erakusketa ikusgai dagoen bitartean programatutako jardueretan parte har dezaten.
Proiektuaren egileak
Sergio Jair Méndez eta Luisa Fernanda Lindo daude proiektu irabazlearen atzean. Lehena, Sergio Jair Méndez (Mexiko, 1985), komisarioa eta proiektuaren arduraduna, Antzezpenean lizentziaduna da Antzerki Etxean (Mexiko Hiria), eta Komisariotza Ikasketei buruzko master-ikasketak egin ditu (2018-2019) Nafarroako Unibertsitatean. Bere lanak hainbat tokitan jarri ditu ikusgai, hala nola Mexiko, Uruguai, Espainia eta Italian..
Beste egilea, Luisa Fernanda Lindo (Peru, 1979), komisarioa, idazlea eta arte-langilea, Letretan lizentziaduna da Buenos Airesko Unibertsitatean (UBA), eta Nafarroako Unibertsitateko Komisariotza Ikasketetan masterra egin du, Carolina Fundaziotik jasotako Graduondoko bekari esker. Honako artista hauekin egin ditu komisario-lanak: David Zink Yi, Sandra Nakamura, Miguel Andrade, Jorge Méndez Blake, María Cecilia Piazza, Edi Hirose, etab., eta hurbilago beste batzuk, Nuria Güell eta David Bestué, kasu.
Bi urtean behingo deialdia
Ber-ikusketak / Begirada berriak Arte Garaikidearen Bildumari deialdia 2017an abiatu zen, eta bi urtean behin egiten da. Deialdian parte hartzen ahal dute nafar komisarioek, Nafarroan bizi direnek edo gure komunitatean Arte Garaikideko ikasketak edo Komisariotzakoak ikasten ari direnek deialdia egiten denean, eta egiten ahal dute banaka edo taldeka, betiere 35 urte baino gehiago eduki gabe. Taldeka aurkeztuz gero, taldeko kideen erdiak gutxienez bete beharko ditu aurreko baldintzak.
Asmoa da erakusketa-proiektu bat aurkeztea, Arma Aretoan jartzeko, eta horri lotutako jarduera-programa bat abiatzea. Deialdian 4.000 euroko zuzkidura zedarritu da (gehi BEZa) ordainsari gisara, eta hura gauzatzeko laguntza-kontratu bat eginen da proiektu hautatuaren egilearekin edo egileekin.