Aurkezpena

Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa 25 irudi hauek osatzen dute: 8 erraldoi, 5 buruhandi, 6 kiliki eta 6 zaldiko, Iruñeko Udalarenak. Harri-kartoiz eginak, zurezko egiturak dituzte eta arropaz estalita daude.

1860an Tadeo Amorena artista iruindarrak Udalari idatzi zion eta bere burua eskaini zuen bi erraldoi berri eraikitzeko, garai hartan Udalak erabilitakoak oso egoera txarrean baitzeuden. Behin eginda, Udalbatza hain pozik geratu zen horiek ikustean ezen beste 6 erraldoi egiteko agindu baitzion. Konpartsa osatzen duten gainerako irudiak hurrengo hamarkadetan eskatu zizkieten hainbat artisau-lantegiri.

Erraldoi hauek munduko lau arraza/lurralde irudikatzen dituzte: Europa, Asia, Afrika eta Amerika. Haien izenak (Errege europarra, Erregina europarra, Errege asiarra, Erregina asiarra, Errege afrikarra, Erregina afrikarra, Errege amerikarra, Erregina amerikarra) ez datoz bat pertsona zehatzekin; izan ere, irudiak kontinenteen irudikapen alegorikoa dira.

Buruhandiek hainbat pertsonaia irudikatzen dituzte. Buru handiak dituzte, segizioaren hasieran doaz eta jendeari eskua ematen diote. Alkatea, Zinegotzia, Amona, Jaun Japoniarra eta Andre Japoniarra dira.

Kilikiek buruhandiak baino buru txikiagoa dute, eta trikornio bat dute ezaugarri. Neska-mutilen atzetik egiten dute korrika, eta aparrezko maskuri batzuekin jotzen dituzte. Haien izenak Motots, Bizarduna, Napoleon, Patata, Garatxo eta Caravinagre dira.

Zaldikoek zaldi txikiak irudikatzen dituzte. Haien eramaileek zaldizkoa irudikatzen dute, eta jendea maskuri batez jotzen dute. Ez dute izen propiorik, 1etik 6ra bitarte zenbakituta daude.

25 irudi horiek Iruñeko kaleetan barna desfilatzen dute sanferminetan, Batasunaren Pribilegioaren egunean, Aldapako San Fermin festan eta San Saturnino egunean. Aparteko irteerak ere egiten dituzte, hainbat arrazoi direla medio.

Irteera bakoitzean Iruñeko Erraldoien Kultur Elkarteko 58 kidek irudiak maisutasunez eraman eta dantzatzen dituzte. Entitate hori Udalak kontratatzen du horretarako. Zazpi gaitari-taldek (bakoitza 3 interpretatzailek osatua) eta txistulari-talde batek (6 interpretatzailek osatua) musikaz laguntzen dituzte, eta erraldoi bakoitzaren atzean kokatzen dira.

Irudiek, eramaileek eta musikariek funtsezko taldea osatzen dute Iruñeko kulturan, zeinari adeitasunez “konpartsa” esaten baitiote.

Itzuli edukiaren hasierara