Historia

Jatorriak

Erraldoien jatorria Europako kulturan Erdi Aroan dago. Espainiaren kasuan, haien jatorria irudi horien erabilera liturgikoari lotuta dago, batez ere prozesioetan, Corpusekoan kasu. Garai horretan ere munstroak (herensugeak) sortu ziren, baita beste irudi asko ere, gaitz, bertute, arraza eta edo lurraldeen irudikapen alegorikoen sinbolo, xede hartuta doktrina kristauak bisualki irudikatzea.

Iruñean erraldoiak zeudela adierazten duen lehen aipamen dokumentatua 1600. urtekoa da, librantza batean, zeinetan jasotzen baita 3 dukat eta 40 erreal ordaindu zizkietela Migel Lizasokoari (edo Burlatakoa, dokumentuaren arabera) eta Iruñeko bizilagunak ziren beste bederatzi eramaleri erraldoiak San Roke egunean eramateagatik. Kalejira abuztuko egun bero batean izan zen, Taconerako baseliza inauguratu zen egunean, bi juglareren musikaz lagunduta.

Hurrengo urtean, Udalak Joanes Larraintzarkoari, zazpi kideri eta hiru juglareri ordaindu zien prozesioa eta San Fermin eguna alaitzeagatik, 1601eko uztailaren 7an. Egun batzuk lehenago, Corpusaren prozesioan, antzeko lana agindu zitzaien.

Egun horretatik aurrera, ordaintze-librantza ugari egin zitzaizkien eramaileei irudiak eramateagatik, eta artisauei horietan konponketak egiteagatik. Eramaile horiek batzuetan nekazariak, dantzariak edo dantza-maisuak ziren, Joanes Larraintzarkoaren kasuan dokumentatuta dagoen bezala. Urte horietan zaharberritze-lanak artisau onenei agintzen zitzaizkien, hala nola Pedro Mutiloari, Zangozako erretaularen egileari, zeinari 1606an erraldoiak margotzea agindu baitzitzaion.

XVI. mende osoan zehar, ugariak dira Udalaren eta katedralaren erraldoien aipamenak, konpartsa bakoitza zenbat irudik osatzen zuten eta noiz eraiki ziren jakitea zaila den arren. Dokumentatuta dago Joan Terrobas arotzari Udalaren lau erraldoi konpontzeagatik 1622an ordaindutakoa. Urte horretan bertan, erraldoi horiek Joanes de Azconak eta beste sei kidek dantzatu zituzten. Urte batzuk geroago, beste ordaintze-librantza batean aipatu ziren “… San Fermin jaunaren festetan atera ohi diren zortzi erraldoiak”.

Katedralaren kasuan, badakigu bere konpartsa sei irudik osatzen zutela, jantzi berriak egiteari buruzko 1627ko auzi bati esker, eta, horren ondorioz, badakigu, halaber, “jantziak, gonatxoak eta kamisoi luzeak janzten zituztela”, eta “zaldizko txiki” batekin batera zihoazela, “zeinaren zaldizkoak jipoia janzten baitzuen”.

1628ko sanferminetan hiria bisitatu zuen Jacinto de Aguilar y Pradok Bezperetan ikusi zuen guztia deskribatu zuen, eta erraldoiak aipatzen zituen: “Halaber, erraldoi apur bat ere izan zen; izan ere, festaren handitasuna falta zela zirudien, zaharkin horiek hura egiaztatzen ez bazuten”. Esaldi horretatik bi ondorio interesgarri atera ditzakegu: erraldoien presentzia garrantziaren sinonimoa zen, eta festa-ekitaldiak handitzen zituen; eta 1628an erraldoiak zaharkintzat hartzen zirenez, horrek esan nahi du irudi horiek ateratzeko tradizioa oso lehenagokoa zela.

Ikusi dugun bezala, konpartsak ez zituzten bakarrik erraldoiek osatzen. 400 urte baino gehiagoko aipamen dokumentaletan gigantillak eta bokaparterak aipatzen dira, gaur egungo buruhandien baliokideak, baita zalditxoak, zaldikoak (badira zaldiak ere) eta kilikiak ere.

Udalaren erraldoiak

XVII. mendean zehar erraldoiek konponketa ugari jasan zituzten. 1640an, Udalak Gaspar Ramos eskultore eta margolariari agindu zion konpartsa osatzen zuten 8 iruditatik beste 5 erraldoi-buru egiteko. Urte batzuk geroago, Juan Andrés semeak beste 4 buru egiteko enkargua jaso zuen, gordetzen ziren lokalean izandako sutea zela eta. Kalteak eta beste sute batzuk izan zirenez, Udalak 1657an Francisco Azpillaga tolosarrari agindu zion beste buru batzuk sortzeko.

Artisauaren eta Udalaren artean trukatutako gutunetan argi dago Iruñeko erraldoiek buruak oso handiak zituztela. Franciscoren arabera, handiegiak; izan ere, buru horri dagokion erraldoi bat proportzioan egiteko, gorputzak hamar haga baino gehiagoko altuera izan beharko luke, eta horrek, bere ustez, ezinezkoa egingo luke, horiek dantzatzea ez ezik, eramatea ere. Horregatik, iradoki zuen buruaren tamaina erdira txikitzea eta proba moduan bi buru jantzi batzuekin batera bidaltzea, irudi guztiak egin baino lehen lana gustuko zuten ikusteko. Udalak proposamen berri horiek jaso zituen eta, poz-pozik, 8 erraldoi eta bi gigantilla (buruhandi) enkargatu zituzten.

Irudi berri horiek hiriaren oso gustukoak izan omen ziren. Horren erakusgarri da 1666an, Felipe IV.aren heriotzagatik festa-ekitaldiak bertan behera geratzearen ondorioz, zezenketak eta dantzaldiak ez zirela egin, baina erraldoiek desfilatu zuten erregearen dolua errespetatuz.

XVIII. mendearen amaiera arte, ugariak dira irudien jantzi berrien, apaindura berrien eta konponketen aipamenak. Kapelak, ileordeak, apaingarriak, turbanteak, koroak, belarritakoak, zentroak eta ardi-larruak deskribatutako elementuetako batzuk baino ez dira, zeinak aldatu, zilarreztatu, hautseztatu eta konpondu baitzituzten. Zalantzarik gabe, informazio horri esker, konpartsa 8 irudik osatzen zuten, erraldoiek hainbat arraza irudikatzen zituzten (testu historikoetan aurkitzen dugun koro, kapela eta turbanteen zerrendagatik), eta, seguru aski, 4 irudi femenino zeuden (lau belarritako pare aipatzen baitira).

Debekua

1780ko uztailaren 21ean, Espainiako errege Karlos III.ak Errege Zedula sinatu zuen, non debekatu egiten baitzen irudi horiek prozesioen eta erlijio-ekitaldien barruan festetan parte hartzea, “begirune faltagatik eta irteeretan ematen ziren egoera lotsagabeengatik”. Horrek herrialde osoan zehar erraldoien eta buruhandien gainbehera eta, kasu askotan, erabateko desagerpena dakar.

Iruñearen kasuan, Udaleko konpartsaren irudiak (8 erraldoi eta 2 buruhandi) alde batera utzi zituzten eta desagertu egin ziren, arrastorik utzi gabe. Aldiz, katedralaren irudiak gorde egin ziren eta hainbat hamarkadatan bizirautea lortu zuten, ahanzturan.

Katedralaren erraldoiak

Iruñeko katedralak erraldoiak zituen oso antzinatik. Modu dokumentatuan, gutxienez XVIII. mendeaz geroztik. Baina, zalantzarik gabe, aspaldidanik existituko ziren, izan ere, ohitura zen irudiak Espainiako katedraletan egotea, irudi horien jatorri liturgikoa zela eta.

1813an izan zen, Karlos III.aren debekuaren ondorioz 33 urteko ostrazismoaren ondoren, armada espainiarrak Iruña Napoleonen tropa frantsesen okupaziotik askatu zuenean, hain ospakizun garrantzitsurako katedralean argiak jartzen ari zen arotz batek erraldoiekin topo egin zuen kasualitatez, eta haietako bat atarian dantzatu zuen. Horrek harridura handia eragin zien beren arbasoengandik irudi horien berri izan baina horiek inoiz ikusi ez zituzten pertsonei. Haietako bat Luis Serafín López de Urrelo Udaleko idazkaria izan zen, zeinak gertaera hori idatziz jaso baitzuen.

Hurrengo urteetan, Udalak katedralaren 6 erraldoiak erregulartasunez eskatu zizkion kabildoari, zeinak uzten baitzituen, Udalak eramaileen, musikarien eta hainbat konponketen gastuak ordaintzearen truke. 1818an egin zen konpartsaren lehen prestaketa orokorra.

Erraldoi horien itxurari dagokionez, informazio gutxi dago. 1835ean, sanferminak bisitatu zituen ingeles batek honako hau idatzi zuen horren inguruan: “Mairuen errege eta erregina, aurpegi beltzekin, sudur luze eta ezpain lodiekin; gizon turkiarra eta emakume turkiarra, buruan turbanteak daramatzatenak eta gerriko berdea, eta haien sudurrek itxura suminkorra ematen zioten haien fisionomiari. Beste biek Gog eta Magog-en antza dute, Londreseko udaletxean irudikatuta dauden moduan”. Buruhandi/kiliki baten presentzia ere jasotzen du: “Bidea irekitzeko, gizon batek trostan dabil haien aurrean, kartoizko buru handi batekin eta makila txiki batekin, zeinetatik zahagi-txatal hanpatu pare bat zintzilik baitaude, aurrean jartzen zaion orori jotzeko”. Egile horrek aipatzen du erraldoiek musikaren doinuan dantzatzen zutela katedraleko atarian San Fermin egunean.

1839an, kabildoak gutun bat idatzi zion Udalari erraldoiak modu iraunkorrean eta doan eskaintzeko, izan ere, katedralak 60 urte zeramatzan horiek erabili gabe. Udalak berehala onartu zuen eskaintza eta une hartan haien jabe bihurtu zen. Beraz, katedraleko konpartsa zaharra udal-konpartsa bihurtu zen.

Gaur egungo erraldoiak

Kabildoak Udalari 20 urte lehenago utzitako konpartsa oso egoera txarrean zegoen. Hori dela eta, 1860ko martxoaren 31n, Tadeo Amorena artisau iruindarrak Udalari idatzi eta bere burua eskaini zuen erraldoi bat edo bi egiteko, bakarrik erabili beharreko materialak ordainduta. Gutunean irudi berri horien ezaugarriak islatzen ditu: arinak izan behar dute (gehienez ere 80 librako pisua), eramaileek erraz maniobratzeko modukoak (irteera guztietan gertatzen diren erorketak saihesteko), egitura sendokoak sinpleak izan arren, itxura noblekoak eta proportzio eskultorikokoak, eta pertsonaiek “munduko lau aldeak” irudikatu ahal izanen dituzte: Europa, Asia, Afrika eta Amerika.

Udalak eskaintza onartu zuen, eta bi irudiak jaso zituenean, hain pozik geratu zen ezen Tadeok eskatutakoa baino 1.000 erreal kuarto gehiago ordaindu baitzituen. Halaber, beste sei irudiak enkargatu zizkion. Gutunen datengatik, uste da irudiak bi hilabetean egin zituela; izan ere, sanfermin horietan 8 erraldoi berriek, gaur egun gure konpartsa osatzen dutenak, hiriko kaleetan barna desfilatu zuten. Seguruenik, Amorenak bi kiliki ere eraiki zituen: Bizarduna eta Motots. Ez dago hori aditzera ematen duen dokumentu idatzirik, baina haien fisionomia dela eta, badirudi hala dela.

Gaur egun, erraldoiek pertsona jakin batzuk ordezkatzea izaten da ohikoena, baina Iruñeko erraldoien jatorrian dago antzina haien aurrekoen erabilera liturgikoa katedralean, hainbat lur edo kulturatako alegoriak irudikatzen baitzituzten:  Europa, Asia (Turkia) eta Afrika (Magreb).

Badakigu 1839an Udalari lagatako katedralaren 6 erraldoi eta 2 buruhandiak Udalak Tadeo Amorenari oparitu zizkiola gero, eta hark salgai jarri zituen, 1860ko uztailaren 18ko Nafarroako Probintziako Aldizkari Ofizialean dokumentatutakoarekin bat. Ez dago jasota irudiak saldu zirenik, ezta non zeuden ere. Iragarki hori da horien azken oroitzapena.

Konpartsa handitzeko asmoz, 1890ean, Udalak gaur egungo 5 buruhandiak eraikitzeko agindu zion Iruñeko Félix Floresi. 1912an, Patata eta Napoleon kilikiak eta bi zaldiko egiteko agindu zion Bartzelonako Benito Escalerri. 1941ean, Valentziako Porta-Coeli lantegiari agindu zion Caravinagre eta Garatxo kilikiak eta beste bi zaldiko eraikitzeko. Gainerako bi zaldikoen jatorria XIX. mendekoa da, eta ez da ezagutzen eraikuntza urtea eta egilea, nahiz eta litekeena den Tadeo Amorenak berak eraikitzea.

Itzuli edukiaren hasierara