Erakusketa

2 TOPAKETA: IRUÑA 1972-2022. PÍO GUERENDIAIN ETA KOLDO CHAMORRO

2022/10/06 - 2022/11/20
Astelehenetik igandera, 09:00 : 14:00 eta 17:00 : 21:00.
ERAKUSKETAREN BIDEOA

2022ko urriaren 6tik azaroaren 20ra bitarte, Kondestablearen Jauregiko 1. eta 2. aretoetan honako argazki erakusketa egongo da ikusgai: “2 Topaketa: Iruña 1972-2022. Pío Guerendiain eta Koldo Chamorro”.

Tokiko bi egileren argazki-dokumentuak biltzen dituen erakusketa: Pío Guerendiáinena –ALEA Taldeak enkargatuta Topaketak argazkiekin dokumentatzeko arduraduna–, eta berriki aurkitutako Koldo Chamorroren argazki-saiakera zabala eta argitaragabea. Nafarroako Museoaren eta Koldo Chamorro Fundazioaren laguntzarekin ekoitzia.

1972ko Iruñeko Topaketak diseinatu zirenean, lehentasunezkotzat jo zen abangoardiako sormen-esparru hura hedatzea, artearen periferian zegoen hiri txiki batean gauzatuko baitzen, diktadura politikoaren garaian eta belaunaldi berriek irudikatzeko lanak izanen lituzketen mundu batean, hau da, Internetik, kameradun mugikorrik eta sare sozialik ere ez zen mundu analogiko batean. Bi artista gaztek, Pio Guerendiáin eta Koldo Chamorrok, zeinen ibilbideek argazkilari handi gisa sendotuko baitzituzten, Iruñean gertatzen ari zena nor bere ikuspegitik dokumentatzeaz arduratu ziren orduan.

Bost hamarkada geroago, Topaketen karietara, Iruñeko Udalak haien begiradak ikusgai jarriko ditu beren izenak dituen erakusketan, kasu batzuetan gogora ekartzeko, eta beste batzuetan, gertakari gogoangarri hark hiriari, bertako biztanleei eta parte hartu zuten sortzaileei zer ekarri zien ezagutzeko.

Gerendiainek gertatzen ziren jazoerak argazkien bidez jarraitu eta dokumentatzeko enkargua jaso zuen, eta Chamorrok irudien bilatzaile gisa egin zuen, baina bien begiradek gertakari historiko poliedriko baten testigantza ematen laguntzen dute, publikoaren onarpenaren eta arbuioaren erdibidean, eta hori guztiz ikustea oso zaila da, gauza asko gertatu baitziren, leku askotan, eta, batzuetan, aldi berean. Pío Guerendiáin eta Koldo Chamorroren argazkiek –lehenengoaren argazki batzuk, dagoeneko ezagunak, bigarrenarenak, argitaragabeak– topaketen benetako dokumentuak diren bi kontakizun eskaintzen dituzte. Fernando Huiciren hitzetan, hitzordu hori “erabakigarria izan zen Espainiako arte garaikidearen erlojuak, behingoz, munduko artearen ordu berean jartzeko”. Erakusketa Kondestablearen jauregiko 1. eta 2. aretoetan bisitatu daiteke, astelehenetik igandera, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Balio etnografikoa duten irudiak
Pío Guerendiáinek (Iruña, 1946) José Luis Alexanco eta Luis De Pabloren enkargua jaso zuen 1972ko Iruñeko Topaketetan egin behar ziren ekintza artistikoak dokumentatzeko. Argazkizale gisa, Nafarroako Argazki eta Zinema Elkarteko bazkide zen 1963az geroztik. Erakusketak egileak berak aukeratutako eta parterik handienean Nafarroako Museoak lagatako bilduma zabal bat biltzen du. Izan ere, gaztea izan arren, 1972an eta 1978an Negtor saria irabazi zuen, garai hartan argazkigintzako sari nazionalik ospetsuenetakoa zena.

Haren lana erreferentziazkoa da laurogeigarren hamarkadan sortu eta Espainiako argazkigintzara begirada berri bat ekarri zuten argazkilarien belaunaldian, eta bereziki nabarmentzen da bere irudien balio etnografikoagatik. Bere argazkiak hainbat aldizkaritan argitaratu dira, hala nola Arte Fotográfico, Nueva Lente eta Flash-Foto aldizkarietan, eta baita urtekari eta entziklopedietan ere, batez ere Nafarroakoetan. Guerendiáinek erakusketa ugaritan parte hartu du, banakakoetan nahiz kolektiboetan, eta bere argazkiak bilduma garrantzitsuetako parte dira, esate baterako Parisko Liburutegi Nazionaleko, Reina Sofía Arte Zentroaren Museo Nazionaleko, IVAMeko edo Nafarroako Museoko bildumetakoak.

Nafarroako Argazki eta Zinema Elkartean, zeinaren Ohorezko lehendakaria baita eta 1976tik 1982ra lehendakari titular izan baitzen, Argazkigintzako San Fermin Erakusketa eta argazkigintza aurreratuko lantegiak (1986tik 1990era bitarte) garatu zituen. Halaber, Contraluz galeria zuzendu zuen 2001etik eta 2011ra, non 100 erakusketatik gora antolatu baitzituen. Haren lanik azpimarragarrienen artean dago, 1972ko Iruñeko Topaketei buruz egin zuen erreportaje bikainaz gain, 1975ean egin zuen New York seriea. Geroago eginak dira Zumaiako kostaldeko flysch geruzei buruzko hiru serieak.

Zuri-beltzeko espezialista bat
Koldo Chamorro (Gasteiz, 1949 – Iruña, 2009) argazkilari autodidakta izan zen 1965az geroztik, eta, hain zuzen ere, 1972an Castellblanch Arte Zuzkiduratik beka bat jaso zuen ikasketak atzerrian osatzeko, eta besteak beste, Ansel Adams eta Brassaï argazkilariekin lan egin zuen. Urte hartan, Koldo gazte batek, beste parte-hartzaile bat bezala, Iruñean ugaltzen ari ziren adierazpen artistikoei argazkiak egitea erabaki zuen. Koldok Kodaken Tri-X 400 ASA filma erabili zuen erreportaje horietarako, eta argi-baldintzen arabera, filma 800, 1.600 edo 3.200 ASAra behartzen zuen, horrela bere lan osoan hain bereizgarria den pikorraren agerpena areagotuz kopietan. Chamorrok erabili eta inoiz erakutsi ez zituen 28 argazki-film horien negatiboak gorde zituen. Gaur, Oihane alabaren aurkikuntzak Koldok Topaketetan egindako lana argitara atera du.

Chamorroren lanak, besteak beste, honako hauen funtsen artean daude: Center of Creative Photography (Arizona), Bibliothèque Nationale de France (Paris), La Polaroid Collection (Boston), Reina Sofia Arte Gune eta Museo Nazionala (Madril), Nafarroako Museoa, NUP eta Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bilduma. Bere ibilbidean zehar Soho News saria (1981ean) eta Liburuaren Institutu Nazionalaren saria (1982an eta 1991n) jaso zituen; Foto Profesional aldizkariak urteko argazkilari izendatu zuen (1989an eta 1992an) eta William Eugene Smith sarietako finalista izan zen (1981ean eta 1987an).

Europa, Afrika eta Amerikako kontinentean barna bidaiatu zuen eta New Yorkeko Minority Photographers eta Alabern taldeko kide izan zen. Argitalpen-argazkilaritza (El País, Geo, Condé Nast, Goldberg), publizitatekoa eta moda eta industriakoa jorratu zituen. Idazle eta irakasle gonbidatu izan zen mintegi eta lantegi ugaritan. Bere saiakera eta erreportajeak eta bere poema bisualak erabakigarriak izan dira Espainiako argazkilaritza dokumentalaren lengoaia berri baten eraikuntzan, eta tradizio erlijiosoak eta paganoak oraindik ere bizirik dirauten herrialde baten garrantzia azpimarratzen dute. 1989an Madrilgo Arte Ederren Zirkuluak bere lanen erakusketa antologikoa antolatu zuen, Josef Koudelkarenarekin batera.


Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara