Erakusketa

3CODESIGN

2023/05/19 - 2023/06/25
Asteartetik larunbatera: 11.30 – 13.30 eta 18.00 – 20.30. Igandeak: 11.30 – 13.30.

ZIUDADELAKO MISTOEN ERAIKINA. Maiatzak 19 – ekainak 25. Erakusketa: 3CODESIGN.

‘3CODESIGN_3R_Reducir_Reciclar_Reutilizar’ erakusketak panoramika sintetikoa proposatzen du ezinbestean, baina baita behar bezain paradigmatikoa ere, Italiako diseinua (design) ingurumen-jasangarritasunaren eskakizunek eraginda nola mugitzen ari den azaltzeko. Silvana Annicchiarico da komisarioa, eta XX. mendean aplikatutako ekoizpen-moduak eta plangintza-estrategiak alderantzikatzeko joeraren berri ematen du erakusketak.

Nazioarteko ospea duten 54 diseinatzaileren piezen bidez, ibilbide bat egiten du italiar diseinu berrian gero eta nabarmenagoa den Ecodesign joeran barna, zeinak xede baitu artifiziala denaren ekologia berria eraikitzen laguntzea. Ekologia berri horrek hondakinak lehengai bihurtzeko ahalegina egiten du. Erakusketa Mistoen Eraikineko lehen solairuan dago ikusgai, ostiraletik ekainaren 25era arte.

Italiako Kanpo Arazoetako eta Nazioarteko Lankidetzako Ministerioak sustatu eta Madrilgo Kultura Institutu Italiarrak antolatu du erakusketa, Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Unibertsitateko Arkitektura Eskolarekin elkarlanean, eta Italiak Espainian duen enbaxadaren laguntzarekin. Erakusketa honek Errumania eta Bulgaria bisitatu ditu berriki.

Ekonomia zirkularra
Baliabideen gehiegizko ustiaketan oinarritutako ekoizpen-eredu horren birplanteamendu orokor eta erradikal bat da. Beraz, plangintza- eta ekoizpen-fase guztiak berriz aztertu behar izatea dakar, eta berehala pentsatzea konpondu, berregokitu, berrerabili, partekatu eta birziklatzen ahal diren objektu eta produktuetan. Edukiontzira bota beharrean, objektu baten balioak zirkuluan egon behar du, eta etengabe birsortu behar du.

Hauek dira ekonomia zirkularrean oinarritutako Ecodesign berriaren kontzeptu nagusiak: lehengaien erabilera eta xahuketa murriztea, baina horrekin batera ingurumenean duten eragina arintzea; erabili dena birziklatzea, plastikotik hasita; eta produktu sakabanatuak edo itxuraz zaharkituak berrerabiltzea, eta bigarren bizialdi bat ematea. Ez da diseinu-erakusketa bat soilik, ingurumena eta etorkizuneko belaunaldiak babesteko eta errespetatzeko gero eta beharrezkoagoa den mezu bat baizik.

Murriztu, birziklatu, eta berrerabili
Murrizteak ‘0 kilometrora’ ekoiztea esan nahi du (Giuseppe Arezzi), ugaltzeko ahalmen azkarra duten naturako materialak erabiltzea, hala nola indipikondoa (Martina Tarciu), artoa (Alessandra Baldereschi edo Antonio Ariclos) edo kortxoa (Paola Navone). Hau da, hondakin organikoetatik  material berriak ateratzea (Tomatoset) edo landare inbaditzaileetatik edo kutsatzaileetatik erauzita sortzea (Favini eta Pablo Dorigo). Azkenik, murrizteko, material bat lantzeari ahalik eta etekinik onena ateratzeko gaitasuna behar da, hartara hondakinak saihesteko (Lorenzo Damianiren Ollare bilduma dugu horren adibide).

Erakusketan birziklatzearen zenbait adibide agertzen dira, hala nola Joe Vellutok landutako kontsumitu ondorengo plastikoak. Estrategia horrek, Magis enpresaren kasuan bezala, produkzioko hondakinak %100 birziklatzearen alde apustu egiten du, edo Artemidek bezala plastikozko botilak birziklatzearen alde. Beste adibide batzuk bizialdia galdu duten produktu-zatiei beste funtzio bat esleitzeko gaitasunean dute oinarria: esaterako, ordenagailuen pantailei Nero Sicilia Group-en kasuan, edo Veneziako aintzirako zutoinetako zurari Benefit Company Pieces of Venice-ren kasuan, iturri berriztagarrietako biomateriala erabiltzea, esaterako Kartellen, edo erlastarrendako erlauntzak egiteko hondakinak erabiltzea, Slampen kasuan.

Italian, eskala handiko lehen berrerabilpenetako bat aurkitzeko 1964ra arte atzera egin behar da; Ferrerok Nutella-ontzia beira suntsiezinez eta beti diseinu desberdinarekin egin zuenean. Italiako designeko maisu batek, Enzo Marik, plastikozko botilak berrerabiltzeko esperimentua egin du Ecolorekin, beti desberdinak diren pitxerrak sortzeko. Baina bada objektuen erabilera testuinguruan kokatzen ahalegindu denik ere, hodi hidraulikoak aulki bihurtuz (Lorenzo Damiani), igerilekuan igeri egiteko txanoak pantaila bihurtuz (Paolo Ulian), errepide-geruzetako asfalto-zatiak eserleku bihurtuz (Luca Gnizio), esekitzeko pintzen altzairuzko hariak pitxer bihurtuz (Massimiliano Adami), ahaztutako aulkiak tipologia berrituekin biziberrituz (Sovrappensierok Manerban), inkrustazio ederrak sortzen dituzten xafla-hondakinak (Sapiens Desgn) eta ekialdea eta mendebaldea solasean jartzen dituzten ehunen txatalak (Antonio Marras).

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara