Erakusketa

ANTONIO ESLAVA

2023/04/05 - 2023/05/21
Asteartetik larunbatera: 11.30 – 13.30 eta 18.00 – 20.30. Igandeak: 11.30 – 13.30.

ZIUDADELAKO MISTOEN ERAIKINA (BEHEKO SOLAIRUA). APIRILAK 5 – MAIATZAK 21. ANTONIO ESLAVA: MASKARAK.

Erakusketak autorearen ibilbidea arakatzea proposatzen du, zeinak bere geruzak kentzen baititu, hainbat garaitako 46 lanen bitartez, nahiz eta horietako asko azken hiru urteetan eginak diren, COVIDak eragindako pandemiaren ondoren. Eslava artista ospetsu eta ezaguna da hainbat arlotan: pinturan, eskulturan, marrazketan, grabatuan edo irakaskuntzan. 2023an Nafarroako Karlos III.a Prestuaren Gurutzea jaso du.

Eslavaren maskarek irudi espektralak dirudite, haien zurrumurruan, mihiseetara azaleratzean itxurazko artikulazioa galtzen baitute. Han, argiarekin kontaktuan jartzean, kolorearen trinkotasuna eta biziaren garra berreskuratzen dituzte, artistaren unibertso onirikoa ikusgarri bihurtuz. Egileak geruzak eranzten ditu, bere barnetik ateratzeko arriskua hartzen du, autorretratura iritsi arte.

Antonio Eslavaren pinturak, horrela, begiratzeko beste modu batek zalantzan jarritako ikuspegia erakusten du. Picassoren kutsuko erakusketa honek arketipo klasikoen moduko maskarak erakusten ditu, hala nola Agamenon edo Saturno, Tintoretto edo Botticelli bezalako artisten artelanak berregiten ditu eta sentimendu edo egoerak eramaten ditu tauletara, adibidez,Estoy aburrido (Aspertuta nago), Solo (Bakarrik), Miedo y risa (Beldurra eta barrea), Espera (Itxaronaldia) edo Tengo una idea (Ideia bat dut).

Erakusketaren bereizgarrietako bat ‘kaseinaren’ erabilera da –‘esne pintura’ ere deitu ohi zaio–, erakusketa osatzen duten mihise eta taula gehienek pintura mota hori jasotzen baitute. Erabilitako teknikak kutsu historikoak ditu; izan ere, kaseinazko pintura antzinatik erabili izan da, pigmentuak finkatzeko gaitasun handia duen konposatua baita. Eslavak collage, olio edo grabatuekin tartekatuko du bere obra taxutzeko. Erakusketako piezarik zaharrena 1962koa da (olio-pintura mihisean), eta modernoenek aurtengo data dute.

Egile polifazetiko eta saritua
Antonio Eslava (Iruña, 1936). Crispín Martínez eta Javier Cigarekin abiatu zuen prestakuntza. Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan ikasketak amaitu ondoren, Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Goi Eskolan prestakuntza sakondu eta Madrilgo Arte Ederren Fakultatean ere ikasi zuen. Prestakuntza osatzeko, hainbat bidaia egin zituen Europan zehar, batez ere Italiako hirietara: Florentziara (1963), Italiako Atzerri Arazoetako Ministerioaren pentsioarekin, eta Erromara (1965), non oposizio bidez Erromako Arte Ederren Espainiako Akademian pentsiodun postua lortu baitzuen.

Marrazkia menderatzeak, artearekiko kezkak eta kultura humanista sakon batek hainbat eremu artistikotara eraman zuten. Estanpatzaile gisa, 1962an Grabatuaren Sari Nazionala eta Arte Ederren Erakusketa Nazionaleko Grabatuaren Lehen Domina (1968) jaso zituen, besteak beste. Madrilgo Liburutegi Nazionalaren, Nafarroako Gobernuaren, NUPen, Nafarroako Museoaren edo AEBetako Gonzaga Galeriaren (Bing Crosby) bildumetan aurki daitezke haren grabatuak.

Horiez gain, eskulturako diziplinan ere nabarmendu da sortzailea. Besteak beste, honako eremu publiko hauetan ikus daitezke Eslavaren lanak: Iruñean (‘Europa’, Takonerako lorategietan; ‘Ponpeio’, Joan XXIII.aren plazan), Barañainen (‘Amatasuna’, Lur Gorri plazan; ‘Monolito’, Foruen plazan) edo, berrikiago, Sarrigurenen (‘Jasón’).

Margolari gisa, 1960an Arte Ederren Errege Akademiako Carmen del Río saria jaso zuen, eta pinturako zilarrezko Bigarren Domina 1962ko Florentziako nazioarteko lehiaketan. Bere lanak aurkituko ditugu Iruñeko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren, Nafarroako Museoaren, Leireko Monasterioaren, Iruñeko Erruki Etxearen bildumetan zein partikularren bildumetan. Gainera, sei “artista-liburu” egin ditu, besteak beste, “De hombres y toros”, Iruñeko Udalaren enkargu bat, 2019an argitaratu zena, eta, azkena, “Sueños de un peregrino. Camino de Santiago” hau ere Udalak argitaratua. Nafarroa Europarako atari den Orreagatik. Iruñeko Udala (2021).

Eslava oso ezaguna da hirian bere irakasle-lanagatik; izan ere, sortzaile gazteen belaunaldi asko hezi ditu, bere emazte Isabel Cabanellas artistarekin batera, bere lantegi-estudioan.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara