Erakusketa

CHEMA MADOZ ETA HELENA ALMEIDA

2023/09/29 - 2024/01/21
Asteartetik larunbatera: 11.30 – 13.30 eta 18.00 – 20.30. Igandeak: 11.30 – 13.30.

Ziudadela. Arma aretoa. Irailak 29 – Urtarrilak 21. Erakusketa: Foto Colectania Fundazioaren “Diseinu habitatuak”: Chema Madoz eta Helena Almeida.

Erakusketak begirada berezi batekin islatu nahi du argazkigintzako bi artista ospetsuren sormen-prozesua: dagoeneko zendua den Helena Almeida egilearena eta Chema Madoz madrildarrarena. Diseinu habitatuak erakusketak Foto Colectania bilduman parte hartu zuten lehenengo egileetako biren lanen arteko islatzea proposatzen du. Funts horrek 3.000 argazkitik gora biltzen ditu gaur egun.

Erakusketaren izenburuak Helena Almeida omentzen du, egileak argazkia erabili zuen lehen serieak izenburu hori baitzuen (Desenho habitado). Baina, gainera, haren egitura kontzeptualak diseinuaren kontzeptu errenazentista berreskuratzen du, azken sorkuntzari ez ezik, artistak begitandutakoa obrara eramateko proiektua eta prozesu mentala ere barne hartzen baititu.

Horrela, erakusketak sormen-prozesuen gako batzuk erakusten ditu; izan ere, bi egileek zirriborroak egitea nahiago dute; arkatzez eta paperez zirriborroak egiten dituzte, nahiz eta horiek ez diren beti bukatutako lan bihurtzen. Almeidak, batzuetan, ongi aztertutako zertzelada edo arkatz-marraz esku hartzen du bere hausnarketa- eta antzerki-ariketetan; Madozek, berriz, urteetan zehar gorde dituen eta erakusketan ikusten ahal diren koaderno pertsonaletan marrazten du, eta, horrela, bere estilo bereziari esker, haren zirriborroak objektu bihurtzen dira, eta objektuak irudi. Erakusketa honetan, marrazki horiek zirriborro soil gisa duten berezko balioa nabarmendu nahi izan dira, azken emaitza argazki bidez adieraziko bada ere.

Lan horiek Foto Colectania Fundazioaren bildumatik datoz. Bilduma horrek Espainiako eta Portugalgo argazkilaritzaren aniztasuna islatzen du -1950etik gaur egunera arte-, bertan ordezkatuta dauden argazkilarien obra multzo zabal baten bidez. Haiekin batera, elkarrizketa sortuz bi artista hauen Iruñeko Udalaren Arte Garaikideko Bildumako bi lan txertatu dira.

Luzera ertaineko bi dokumental
Aretoan bi argazkilariei buruzko luzera ertaineko bi film ere ikusten ahalko dira. Bideoko super 8 formatuan, Borja Casanik eginiko elkarrizketa batean oinarritutako Luis Mengs zinemagilearen Chema Madoz 2006’(35.33′) dokumentala, Telefónica Fundazioak ekoitzia, argazkilariaren estudiora behin eta berriz egindako bisiten agiri bat da. Madoz fundazioak eskaini zion erakusketa antologikoko lan nagusia izan zen formatu handiko obra asmatzen ari zenean sortutako uneak biltzen ditu zintak.

Bigarren luzera ertaineko fima, 52’-koa, Pintura habitatua da, 2006. urtekoa hori ere. Joana Ascensaok zuzendu eta grabatua, Helena Almeidaren eraikitzeko modu berezia jasotzen du, bere sormen-prozesuan parte hartzen duten etapa eta material ezberdinak jasoz, bere lehen estudioetatik hasi (marrazkiak edo bideoak) eta amaitutako lanak erakutsi arte, eta horretarako artxiboko irudiak eta 2004ko otsailetik 2006ko ekainera bitartean filmatutako materialak konbinatzen ditu.

Argazkilariak
Helena Almeida (Lisboa, 1934-2018) ezinbesteko artista da arte garaikidearen nazioarteko panoraman. Bitan ordezkatu zuen Portugal Vienako Bienalean, 1982an eta 2005ean. Bere praktika artistikoak argazkigintza, bideoa eta diseinua barne hartzen ditu, pinturaren hizkuntza etengabe zalantzan jarrita. 40 urte baino gehiago eman zituen gorputza jardunean aztertzen, ia beti berea. Artista kameraren aurrean agertzen zen beti, baina behin eta berriz esaten zuen bere irudiak ez zirela autorretratuak. Body artaren postulatuekin lotu izan badute ere, bere lana performanceak dokumentatzetik haratago doa.

Chema Madoz (Madril, 1958) argazkigintza garaikidean nazioko zein nazioarteko aintzatespen handiena duen artista espainiarretako bat da. Reina Sofía Arte Gunearen Nazio museoak bizirik dagoen Espainiako argazkilari baten atzera begirako lehen erakusketa eskaini zion 1999an. 80ko hamarkadako bere lehen lanetan giza-irudia presente zegoen oraindik. Bere ibilbidean norabide aldaketa bat eragin zuen sormen krisi baten ondorioz, 90ko hamarkadatik aurrera, Madozek zoriaren ideia alde batera utzi eta irudi mentalen birsortzeari ekin zion. Argiztapen eta sinpletasun zainduari eutsi zion, baina modeloak erabiltzeari utzi eta eraikitako objektuen kontzeptua garatzen hasi zen. Erakusketan dauden bozetoak bigarren etapa horretakoak dira.

Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bilduma
Diseinu habitatuak erakusketan, Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako bi artelan ere sartu dira. Zehazki, argazkilari madrildarraren 2002ko Sin título lana gehitu da, urte horretan bertan ARCO azokan erosi zen paper gainean biratutako bromuroa.

Bestalde, Almeida sortzaileak ere badu bere sorkuntza bat funts honetan: Sin título, 2003. urtekoa, errebelatu kimikoaren gelatinari paperean egindako kopia bat, azoka horretan bertan, baina 2008an, eskuratua.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara