Erakusketa

EUSKAL IRUDIGILEAK, 20 URTE

2024/02/02 - 2024/03/31
Asteartetik larunbatera: 11.30 – 13.30 eta 18.00 – 20.30. Igandeak: 11.30 – 13.30.

Ziudadelako Mistoen eraikina. Otsailak 2 – martxoak 31. Euskal Irudigileak, 20 urte.

300 ilustraziok baino gehiagok osatzen dute martxoaren 31ra arte Ziudadelako Mistoen eraikinean ikusgai egonen den ‘Euskal Irudigileak, 20 urte erakusketa. Erakusketak Euskadiko Ilustratzaile Profesionalen Elkartearen hogei urteko bizitzan ilustrazioak Euskadin eta Nafarroan mende honetan izan dituen bilakaera, maila eta garrantzia erakusten ditu.

Bilakaera hori agerian geratzen da 170 bazkideetako bakoitzaren irudikapen indibidualetan, bai eta jatorrizko 50 pieza eta elkartearen mugarri handien hainbat piezaren bidez ere. Horri guztiari esker, elkarteak bere historian inoiz egin duen erakusketarik handiena da Euskal Irudigileak, 20 urte. Erakusketa Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Mexikoko Gudalajaran ikusgai egon ondoren heldu da Iruñera. 

Euskal Irudigileak, 20 urte erakusketak ilustrazioaren ikuspegi orokorra eskaintzen du, profesional horiek azken bi hamarkadetan zehar beren lana garatu duten esparruen bitartez, eta sektorea osatzen duten ahotsen aniztasuna erakusten du, protagonistak anonimotasunetik ateraz. Horretarako, elkarteko kide bakoitzak lan bat aurkeztu du erakusketaren parte izateko. Lan horiek ilustrazioaren sormen-esparru ezberdinei dagozkie. Lan horietan arreta jarriz, ilustrazioaren historiako bi hamarkadako ibilbidea egin daiteke eta sektoreak denbora honetan bizi izan dituen aldaketak aztertu.

Erakusketa Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkdiegoan dagoen talentua ezagutzeko aukera bat da, izan ere, hainbat arrazoi direla eta publiko zabalarentzat ez baita haren alderdi guztietan ikusgarri egon. Horrela, argitaletxeek interesa piztu eta egileengan arreta jarri ohi duten bitartean, ilustrazioaren beste arlo batzuetan horretan dihardutenen lana ezkutuan gelditzen da kontsumitzailearen begietara. Erakusketa honen bidez hutsune hori bete eta sortzaile horiei izena jarri nahi zaie; horregatik erakusketa hau osatzen duten elementu batzuk Euskal Irudigileak taldeko kideen autorretratuekin harilkatuta daude.

Erakusketak artisten hainbat belaunaldiren topagune izan nahi du bi hilabete hauetan, eta sektorearen indarra azpimarratu nahi du, bai tokian-tokian, bai nazio mailan zein nazioartean. 

Solasaldia eta liburua
Erakusketarako prestatutako programazioaren barruan, martxoaren 22an, 18:30ean, Nafarroako ilustrazioa gaur hitzaldia eginen da, Idoia Iribertegui, Concha Pasamar eta Mikel Santos “Belatz” ilustratzaileekin, Kike Infame moderatzaile dela.

Horrez gain, 20. urteurrena dela eta, liburu bat argitaratu da, eta bertan, Euskadiko Ilustratzaile Profesionalen Elkarteko (Euskal Irudigileak) lehendakari guztien artean kolektiboaren historia errepasatzen dute. Podcast bat ere egin da, hiru saiotan banatuta. Erakusketaren egunetan proiektatuko da, eta bertan protagonisten iritziak ikus daitezke.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara