Erakusketa

OLAIA MERINO ERAKUSKETA

2022/07/18 - 2022/08/31
Astelehenik ostiralera, 08:30etatik 14:30etara.

Olaia Merinok, San Fermin 2022 kartelaren artista eta diseinatzaileak, San Frantziskoko Liburutegi Publikoan, uztailaren 18tik abuztuaren 31ra arte, ‘Kontzientzia eta Artea’ izenburupean erakutsiko ditu bere azken lanak.

Adwin basoan bizi den 9 urteko neskatoa da, baso horretako txoko ezkutuak maite ditu eta egunen batean mundu guztia bere basoa bezain polita izanen dela amesten du. Horrela hasten da Olaia Merino iruindarrak ‘Kontzientzia eta artea’ lanean kontatzen duen istorioa, San Frantzisko Liburutegi Publikoko sarreran abuztuaren 31ra bitarte ikusgai egonen den hamalau ilustrazioko erakusketa.
Erakusketak ingurumenaz kontzientziatzea du xede, basoak suntsitu eta soiltzearen ondorioz neskato batek jasaten duen sufrimenduaren istorioaren bitartez. Marrazkiak egiteko erabilitako teknika eskuz egindako ilustrazioa da, boligrafoz eta esku hutsez egina. Kolorea, motibo batzuk eta beste xehetasun batzuk nabarmentzeko erabili dena, modu digitalean gehitu da, Photoshop edo Illustrator bezalako programen bidez. Erakusketan bere amak ere parte hartu du, pinturaz egindako erliebe-teknikaren bidezko koadro batzuekin.
Olaia Merino diseinatzaile eta ilustratzaile nafarra da, Sarrigurengoa, eta aurten Sanferminetako kartel-lehiaketa irabazi du, bi urteko pandemiaren ondoren jaiak iragarri dituen “Beti Bezala” lanarekin. Bere lanak barne hartzen ditu branding-a eta identitatea, diseinua eta pasioa, publizitatea eta komunikazioa, soinua eta mugimendua. Arte Ederrak ikasi zituen Leioan, eta bere bidea diseinu grafikoa zela erabaki zuen. Iruñeko Arte Eskolan ikasten hasi zen, eta Urnietako Salestarretan amaitu zuen Argitalpen Inprimatuen eta Multimedia-argitalpenen Diseinua eta Edizioari buruzko Gradua egiten. Gainera, web-diseinuko master bat egin du Zaragozan.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara