Erakusketa

IÑIGO LABAIEN

2022/04/01 - 2022/05/15
Asteartetik larunbatera: 11:30 – 13:30 eta 18:00 – 20:30. Igande eta jaiegunetan:11:30 – 13:30.

Íñigo Labaienek ‘Siluetak’ Ziudadelako Bolborategian izango du ikusgai, apirilaren 1etik maiatzaren 15era. SILUETAS 2020an jaio zen konfinamendutik bizitako sentsazio horien ondorioz eta gizartean argazkilaritzaren bidez antzematen diren aldaketa horiek erretratatzeko beharraren ondorioz.

Ziudadelako Bolborategiak maiatzaren 15era bitarte Íñigo Labaienen ‘Siluetak’ proposamen artistikoa eskainiko du. Argazkigintzaren bidez egindako hausnarketa bat da, konfinamenduak pertsonak nola aldatu dituen azaltzen duena, zuri-beltza eta desfokuratze-teknikak oinarri harturik. Erakusketa osatzen duten hogeita hamar argazkiak ikusgai daude, doan, asteartetik larunbatera 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, goizez.

‘Siluetak’ proposamena 2020an sortu zen, Íñigo Labaien artistak konfinamenduak sortutako egoeraren ondorioz izan zituen sentimenduak eta sentsazioak islatzeko asmoz. Gizarte-urruntzea, deseskalatzea, normaltasun berria. Kontzeptu erabat ezezagunak ziren, baina etapa horretan herritar guztien egunerokoaren parte bihurtu zirenak. Emozioen ikuspegitik, egoera horrek sentimenduak eta sentsazioak helarazten zituen, hala nola isiltasuna, distantzia, zabarkeria, melankolia, nahaste-borrastea, kidetasuna, lasaitasuna, duintasuna, alaitasuna eta zoriontasuna. Horietako bakoitza argazki baten bidez azaltzen da erakusketan; argazkietan, desfokuratzeak eta lausotuak errealitate berri horretan murgilduta dauden pertsonen siluetak ezkutatzen dituzte.

Pandemia garaian gizarteak zuen pertzepzioaren ondorioz, Labaienek erretratuak egiteko zuen modua birplanteatu zuen, barne-gogoeta egin ondoren: ez zen errealitatea ikusten ari dena aldatu baino lehenagoko begirada berarekin. Artistak, epe berri horretan, “aldendua, hotza, kontaktu hurbilago baten nostalgia duen” komunitatea behatzen du, eta hura bere lanean islatzen saiatzen da. Horren guztiaren ondorioz, sakontzen du sentimendu horiek islatzen dituzten argazkilaritza-teknika eta parametro berrien bilaketan. Esposizio luzeekin eta kameraren mugimenduarekin kalean ikusten dituen ‘silueta’ horiek sortzea lortzen du, zeinak bere erakusketari izena emanen diotela erabaki baitu. Are eremu irekietan ere konfinatuta dagoen gizarte baten irudi abstraktuak, desfokuratuak eta inpertsonalak dira.

Ez da lehen aldia Íñigo Labaienek konfinamenduak eta pandemiak eragindako egoera berriak sortu zizkion sentimenduak adierazten dituena; izan ere, 2020an, Iruñeko Udalak antolatutako “Konfinamenduari begiradak” erakusketan ere parte hartu zuen. Bere lana erakusteaz gain, arteari, kulturari eta argazkigintzari buruz duen ikuspegia helarazten ere tematu da, beste artista batzuekin elkarlanean egindako hamar bat lantegiren bidez.

Hau ere zure interesekoa izan daiteke

Itzuli edukiaren hasierara